2020. urteaz geroztik, munduko bost gizon aberatsenen baterako aberastasuna bikoiztu egin da, 405.000 milioi dolarretik 869.000 milioi dolarretara igaroz, hain zuzen ere (14 milioi dolar orduko, gutxi gora behera). Aldi berean, 5.000 milioi pertsona ingururen aberastasun metatua, gizateriaren % 60 ingururena, murriztu egin da, Oxfamek Suitzako Davosen egindako Munduko Ekonomia Foroaren harira enpresa handien desberdintasunari eta botere globalari buruz aurkeztutako “Desparekotasuna SA” izenburua duen txosten berriaren arabera.
Izan ere, pobrezia eta gosea eguneroko errealitatea dira jende askorentzat munduan zehar. 2024an, oso arrisku erreala dago arrakala hori handitzen jarraitzeko eta normaltasun berri bilakatzeko. Egun den erritmoa mantentzen bada, 230 urte beharko dira pobrezia desagerrarazteko; hala ere, 10 urteren buruan, lehen bilioiduna ezagutu genezake.
Oxfamek ohartarazi duenez, “enpresa- eta monopolio-boterearen kontzentrazio handi bat munduko ekonomiaren desparekotasuna areagotzen ari da”. Munduko 10 enpresa handienetako zazpik zuzendari nagusi milmilioiduna dute, edo akziodun nagusia milmilioiduna da. Enpresa horien baterako balioa merkatuan 10,2 bilioi dolarrekoa da; kopuru hori Afrikako eta Latinoamerikako herrialde guztien BPG konbinatua baino handiagoa da.
Duela bost urte baino pobrezia handiagoa
Munduko biztanleriaren gehiengo zabalarentzat, hamarkada honen hasiera oso zaila izan da eta, bereziki, emakumeentzat, arrazializatutako pertsonentzat eta gizartetik baztertutako taldeentzat.
2020ko hamarkada Covid-19aren pandemiarekin hasi zen eta gero hainbat gatazka hasi ziren, krisi klimatikoa bizkortu egin zen eta bizitzaren kostuak gora egin zuen. Ondorioz, erdialdera iristen ari den hamarkada honetan desparekotasuna areagotzen ari da. Oxfamek dioenez “krisi bakoitzarekin arrakala zabaltzen ari da, ez hainbeste aberatsen eta pobreen artean, baizik eta oligarken gutxiengo baten eta munduko biztanleriaren gehiengo zabalaren artean”.
Une honetan, baliabide gutxien dituzten herrialdeetako pobrezia 2019. urtean zegoena baino handiagoa da. Ehunka milioi pertsonak gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko, prezioak soldatak gainditzen ari baitira mundu osoan.
Aldi berean, azken hiru urteetako muturreko aberastasunaren neurrigabeko hazkundea sendotu egin da, eta munduko pobreziak pandemiaren aurreko mailetan jarraitzen du. Termino errealetan, milmilioidunen aberastasuna 3,3 bilioi dolarretan handitu da 2020tik, inflazioa baino hiru aldiz erritmo handiagoan.
Iparraldea eta hegoaldea
Lehenengoz azken 25 urteetan, iparraldearen eta hegoaldearen arteko arrakala globala ere handitu egin da. Gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, “desberdintasun globala, gaur egun, Hegoafrikako desparekotasunarekin aldera daiteke, munduko desparekotasun-indize handiena duen herrialdea baita”.
Gainera, krisi klimatikoaren ondorioz mundu mailako aberastasunaren banaketan diren desparekotasunak ere handitu dira. Munduko Bankuak argitaratu duen “Garapen Jasangarriko Helburuen Atlasa 2023” txostenaren arabera, herrialdeen arteko desparekotasuna % 25 handiagoa da klima-aldaketaren ondorioz.
Milmilloidunen aberastasuna 3,3 bilioi dolarretan hazi da (% 34) hamarkada honen hasieratik. Aberastasun hori inflazioa baino hiru aldiz azkarrago hazi da. Aberastasun hori, gainera, iparralde globalean metatzen da nagusiki. Gizateriaren % 21 bakarrik bizi bada ere Iparraldeko herrialdeetan, herrialde horietan bizi dira aberastasun pribatuaren % 69 eta munduko aberastasun milmilioidunaren % 74.
Monopolioak eta muturreko aberastasuna
Krisi garai honetan garaile atera diren beste eragile batzuk multinazionalak dira. Enpresa horientzat, aberats handien kasuan bezala, azken bi hamarkadak oso positiboak izan dira , batez ere, azken urte hauek. Enpresa horien etekinak % 89 igo dira 2021etik 2022ra bitartean.
Are gehiago, 2023an errentagarritasun marka guztiak apurtu daitezke. Etekin horien % 82 inguruk akziodunen eskuetan amaituko du; akziodun horiek, hein handi batean, munduko pertsona aberatsenen artean aurkitzen dira.
Oxfamen txostenak agerian uzten duenez, enpresen eta monopolioen botereak desparekotasuna sustatzen du. Ikerketaren arabera, Wealth Xen datuetan oinarrituta, % 1 aberatsenak aktibo finantzario globalen % 43 du. Eskualdeka, % 1 aberatsenak Ekialde Ertaineko aberastasun finantzarioaren % 48 du, Asiako aberastasunaren % 50 eta Europako aberastasunaren % 47.
Joera monopolistikoaren adibide garbia farmazia-esparruan ikus daiteke. 1995 eta 2015 artean 60 farmazia-enpresak bat egin dute Big Pharma izenarekin ezagutzen diren mundu-mailako 10 enpresa erraldoi eratzeko. Beste adibide bat: bi multinazionalak hazien merkatuaren % 40 kontrolatzen dute.
Teknologia esparruko enpresa erraldoiek, Big Tech izenarekin ezagutzen denak, merkatua kontrolatzen dute: Online publizitatean egindako munduko gastuaren hiru laurden Metara, Alphabetera eta Amazonera bideratzen dira; eta Interneteko bilaketen % 90 baino gehiago Googleren bidez egiten dira.
Desparekotasuna murrizteko, Oxfamek erreforma fiskalak eskatzen ditu, aberastasun eta korporazio handiek lortzen dituzten irabaziei zergak zuzen ordaintzen dizkietela ziurtatzeko, zergak saihestu gabe. Oxfamek uste du munduko milioidun eta milmilioidunen ondarearen gaineko zerga batek 1,8 bilioi dolar eragin ditzakeela urtean.
“Desparekotasuna ez da kasualitatea”
“Desparekotasun hau ez da kasualitatea; milioidunek ziurtatzen dute enpresa handiek aberastasun handiagoa sortzen dutela gainerako biztanleen kontura. Eta jokabide hori normalizatzen ari gara” azaltzen du Oxfam Intermonen zuzendari orokor Franc Cortadak. ‘Desigualdad S.A’ txostenak enpresa handiek desparekotasuna sustatzeko duten lau modu zehazten ditu:
- Langileak saritu beharrean, aberatsak sarituz. Enpresek desparekotasuna sustatzen dute langileen soldatak mugatuz eta etekinak oso aberatsak diren horiei bideratuz. 2022an, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ohartarazi zuen benetako soldaten beherakada historikoak desparekotasuna areagotu eta gizartearen ondoeza areagotu zezakeela. 791 milioi langileren soldatak ez dira inflazioarekin errebalorizatu eta horrek, azken bi urteetan, 1,5 bilioi dolarretako galera eragin die, hots, 25 egunetako soldata langile bakoitzeko.
- Zergak saihestuz. ELGAko herrialdeetan enpresa-errentaren gaineko zergaren tasa nominalak erdira murriztu dira 1980. urteaz geroztik. Zerga horrek, bereziki, pertsona aberatsenei eragiten dienez, murrizketa hori, aberatsei egindako zerga-murrizketa gisa uler daiteke. Ondorioz, mundu osoko gobernuak osasunera edo hezkuntzara bidera daitezkeen milaka milioi dolar kobratu gabe geratu dira.
- Zerbitzu publikoak pribatizatuz. Mundu osoan, hezkuntza, ura edo osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuak merkantilizatzeko presioa gero eta handiagoa da. Oinarrizko zerbitzu publiko horien pribatizazioak desparekotasuna susta dezake, gastu hori egin ezin dutenen bazterketa bultzatzen duelako.
- Klima-kolapsoa bultzatuz. Munduko milioidun asko berotegi-efektuko gasak isurtzen dituzten prozesuen jabe dira, edo horiek kontrolatzen eta diseinatzen dituzte. Hortik etekin ekonomiko handia ateratzen dute eta, beraz, gero eta etekin handiagoa lortzen dute enpresek trantsizio azkar eta bidezko baterako aurrerapena blokeatzen dutenean, klima-aldaketari buruzko datu zientifikoak ukatzen eta desitxuratzen dituztenean, eta erregai fosilak ateratzearen aurka daudenak isilarazten eta umiliatzen dituztenean.