Garazi Sánchez: “Euskarazko edukiak ez dira gazteengana iristen”

EHUko irakaslea eta Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko kidea

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia eta infografiak: Jon Mikel Zabalegi
  Hitz kopurua: 1082
  Irakurketa denbora: 6 Minutu
Bigarren Hezkuntzako ikasleek eta unibertsitarioek informatzeko dituzten ohiturei buruzko ikerketa egin duzue. Ikerketa horren nondik norakoak azaldu ahal dituzu?

Euskal Herriko gazteek informatzeko ohiturak aztertzeko bi talde nagusi bereizi ditugu badakigulako gazte guztiak ez direla berdinak. Bigarren Hezkuntzako gazteen kasuan, 20 zentrotan egin dugu lan, Hego Euskal Herriko 13 zentrotan eta Iparraldeko 7 zentrotan. Unibertsitarioen kasuan, berriz, EHUko ikasleekin eta NUPeko ikasleekin egin dugu lan. Ikerketa burutzeko Bigarren Hezkuntzan diren 2.000 ikaslek osatutako panel bat erabili dugu. Panel hori osatzen duten gazteak ez dira edonola aukeratu, hainbat aldagairen arabera hautatuak izan dira: gune soziolinguistikoak, gune soziodemografikoak, hiriak eta herriak… Uste dugu oso lagin adierazgarria dela. Unibertsitarioen kasuan, berriz, laginak EHUko eta NUPeko ikasle guztiak ordezkatzen ditu, 46.000 inguru, eta datuak ponderatu egin ditugu. Guztira, 5.000 ikaslerekin egin dugu lan eta, hortaz, gai honen inguruan ez da Euskal Herrian horrelako ikerketarik egin.



Zein da ikerketak utzi duen ondorio nagusia?

Ikerketa iaz abiatu genuen eta aurten errepikatu dugu. Urte batetik bestera datuak asko aldatu direla ikusi dugu, bereziki unibertsitarioen artean. Aurten ikusi ahal izan dugunez, adibidez, informazioarekiko interesa nabarmen hazi da. Zer dela eta bat-bateko gorakada hori? Guk uste dugu azken hilabeteetan izan diren gertaerek, bai Estatu mailan (Valentziako DANA), bai mundu mailan (Gaza), eragin handia izan dutela.

Unibertsitarioen artean informazioarekiko interesean izan den gorakada horrez gain, txostenak utzi duen ondorio nagusia da sare sozialak direla gazteen informazio-iturri nagusia.

Zer da informazioa gazteentzat?

Ikerketan ikusi ahal izan dugunez, eta aurreko belaunaldiekin alderatuta, egungo gazteek informazioa ulertzeko modu ezberdin bat dute. Gaur egungo gazteentzat informazioa interesgarri edo erabilgarri den edozein eduki da. Eta hori YouTubeko tutorial edo matematikako eragiketa bat azaltzeko TikTokera igotako bideo bat izan daiteke. Hau da, informazioa ez da ohiko hedabideetara mugatzen eta formatu ezberdinetan azal daiteke: testua, ikus-entzunezkoa…

Duela zenbait urtera arte bazen albiste edo garrantzitsua zena zehazten zuen agenda bat. Hori jada desagertu da edo, behintzat, ez du lekurik gazteen artean.

Azaldu duzun moduan, gazteen informazio-iturri nagusia sare sozialak dira. Aldeak al daude, adibidez, zuek bereizi dituzuen bi talde horien artean?

Bai, hala da. Adibidez, DBHko ikasleen artean gehien erabiltzen diren sare sozialak TikTok eta Instagram dira. Unibertsitarioen artean, berriz, Instagram eta Twitter/X. Azken horren kasuan, erabilera nabarmen jaitsi da unibertsitarioen artean, ezaguna den Elon Musken aldagaiaren ondorioz, baina gizonezkoen artean informazio-iturri nagusietako bat izaten jarraitzen du. Emakume unibertsitarioen artean, berriz, Instagram da informazio-iturri nagusia. 



Gure ustez interesgarria den datu bat da, unibertsitarioen kasuan, gehiengoak ohiko hedabideen profilak erabiltzen dituela informatzeko. Bigarren Hezkuntzako ikasleen kasuan, berriz, eta kezkagarria iruditzen zaigu, influencer-en profilen bidez informatzen dira. Hor gakoa da gazteek informazio hori nola ulertzen duten jakitea.

Hortaz, adina eta sexua sare sozialen erabilerarako aldagai nagusitzat har daitezke?

Guk ikusi ahal izan dugunez, bi aldagai horiek erabakigarriak dira. Esan dudan bezala, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean TikTok da gehien erabiltzen den sarea, baina erabilera hori, bereziki nesken artean ematen da. Gure ustez, profil zehatz hori, neska adingabea, erabakigarria da TikToken erabileran. Hori oso datu garrantzitsua da, egungo nerabeek egiten dituzten kontsumoek etorkizunean joera izango diren kontsumoak baldintzatzen dituztelako. TikTok bera nerabeentzako sare sozial gisa sortu zen eta, gaur egun, pertsona heldu askok profil bat dute sare horretan. Instagramekin gauza bera gertatu zen. Horregatik oso garrantzitsua da nerabeek egiten dituzten kontsumoak ezagutzea eta ulertzea.

Aipatu duzunez, unibertsitarioen artean Twitter/X sare sozialaren erabilerak, altua izaten jarraitzen duen arren, behera egin du. Hauteman al dituzue sare horren alternatibak?

Unibertsitatean egin ditugun lanketetan azaldu diren alternatibak, nagusiki, Mastodon, Reddit eta Threads dira. Migrazio antzeko bat eman da. Azken finean, X uzteko arrazoiak nahiko identifikatuta daude eta ez da kasualitatea aipatu ditudan plataforma horietara joatea. Izan ere, plataforma horiek izaera kolektiboagoa dute; modu kolektiboan eraikitako plataformak dira.

Gazteek sare sozialak gehiegi erabiltzen al dituzte?

Unibertsitarioekin egin ditugun eztabaida taldeetan datu bitxi bat topatu dugu. Gazte gehienek onartzen dute denbora gehiegi ematen dutela sare sozialetan eta erabilera mugatzeko aplikazioak instalatu dituztela beren mugikorretan. Galdetegian, sare sozial bakoitzeko, ahal izanez gero sare hori gehiago ala gutxiago erabiliko zuketen galdetzen diegu. Kasu guztietan, TikToken izan ezik, unibertsitarioek zein bigarren hezkuntzako ikasleek, berdin erabiliko luketela diote. TikToken, berriz, ahal izanez gero, askoz gutxiago erabiliko luketela onartzen dute. Sare horren kasuan denbora gehiegi ematen dutela onartzen dute eta algoritmoak beharra eragiten diela adierazten dute. 



YouTuben ere denbora asko eman ohi dute, baina kasu horretan, seguruenik, edukiak iraupen luzeagokoak direlako.

Sare sozialetan daudenean, gazteek zeren baitan aukeratzen dituzte eduki batzuk edo besteak?

Hori ere aztertu dugu. Adibidez, YouTuben plataformak berak iradokitzen edo proposatzen dizkie eduki batzuk. Lagunek proposatutako edukiak ere ikusi ohi dituzte, baina, kasu gehienetan, plataformak berak proposatukoak dira. Zentzu horretan, badirudi badakitela ez dela norberaren hautua.

Sare sozialak gazteen informazio-iturri nagusia izanik eta plataforma horietan euskararen presentzia urriagoa dela jakinda, galdera hau ezinbestekoa da. Euskal gazteak euskaraz informatzen al dira?

Euskarazko edukiak ez dira gazteengana iristen. Baina arazoa ez da euskara; estrategia bat falta da. Gure ikerketan euskararen erabilera aztertu dugu, euskara gure ikerketaren ardatz nagusietako bat delako. Ikusi ahal izan dugunez, gazteek plataforma digitaletan egiten duten euskarazko edukien kontsumoa telebistan egiten dutena baino txikiagoa da. Hori nolabaiteko sorpresa izan da guretzat, batez ere, DBHko ikasleen kasuan. Izan ere, Primeran plataformarekin joera hori aldatuko zela uste genuen, baina ez da horrela izan. Adibidez, sare sozialen eta informazioaren inguruko eztabaida taldeak egin ditugu gazteekin, nolabait, lortu ditugun datuei testuinguru bat emateko. Talde horietan ikusi ahal izan dugunez, kasu gehienetan, kalean euskaraz erlazionatzen diren lagunek sare sozialetan gaztelaniara jotzen dute, euskara ez delako beraien identitate digitalaren parte. Migrazio edo trantsizio horretan euskara galtzaile ateratzen da. Zergatik? Gazteek azaltzen dutenez, gaztelania azkarragoa, errazagoa eta naturalagoa delako. Ingurune digitalean ohikoa dena gaztelania da.

Euskara sustatzeko estrategiak lantzerakoan hori oso kontuan hartu beharreko errealitate bat dela uste dugu.

Nola irits gaitezke, euskal hedabideok, gazteengana?

Ez da erraza. Sare sozialen ondoren, gazteen informazio-iturri nagusia telebista da. Gainera, azpimarratzekoa da telebista kateen artean publikoak direla (ETB eta TV1) gehien ikusten direnak. Baina ETBren kasuan zalantza dugu ETB1 eta ETB2 kateen arteko muga lausotzen dutelako. Adibidez, telebistan ikusten dituzten edukien inguruan galdetzean, gazteek ETB marka identifikatzen dute, baina ez dute hizkuntza bereizten. Adibide gisa, askok Teleberri euskaraz ikusten dutela diote, euskarazko albistegia Gaur Egun denean.

Iaz egin genuen azterlan batean gazteek euskal hedabideak zein euskarritan kontsumitzen dituzten ikertu genuen. Eta gauza bitxi bat ikusi genuen: paperaren aldeko apustua egiten zuten hedabideen kasuan gazteek paperean kontsumitzen zuten gehien eduki horiek eta, alderantziz, online formatuaren aldeko apustua egiten zuten horien kasuan, online edukiak ziren nagusi. Hortaz, hedabideak berak hartzen duen estrategia erabakigarria da.