Irakurketa denbora: 5 Minutu
Euskadik 2024an izan zuen jaiotza-tasarik txarrena hamarkadetan (5,8 jaiotza baino ez mila biztanleko), baina seme-alabarik gabeko hiru gaztetik bik adierazi dute egunen batean guraso izan nahiko luketela. Iazko datuen arabera, 12.937 jaiotza izan ziren EAEn, hots, duela hamar urte baino 6.000 inguru gutxiago. Datuek aldaketa demografikoa abiadura azkarrean ematen ari dela adierazten dute.
Gazteen Euskal Behatokiak egin duen ‘Guraso izan nahi dugu? Iritziak eta ikuspegiak’ ikerketak erakusten duenez, euskal gazteriaren nahi eta errealitatearen artean gaindiezinak diruditen oztopo ekonomikoak azaltzen dira. Izan ere, txostenak jasotzen duenez, euskal gizartea ‘etengabeko ziurgabetasun’ batean bizi da. Gazteen artean ohikoa den lan-ezegonkortasuna areagotu egin da etxebizitza eskuratzeko arazoekin eta prezioen igoera orokorrarekin. Mundu-mailan klima-aldaketaren, pandemien, gerren eta muturreko mugimenduen gorakadaren inguruan den kezka testuinguruak ere zuzeneko eragina du gazteek dituzten itxaropenetan.
Alderantzizko piramidea
Euskadiko jaiotza-tasaren beherakadak faktore askorekin du zerikusia. Lehena amatasun-adinaren atzeratzea da. Lehenerdiko amen batez besteko adina 32,4 urtekoa izan zen 2024an. Aurreko belaunaldiekin alderatuta aldea nabarmena da: 30,6 urte 2000. urtean; 27,9 urte 1990ean; eta, 25,4 urte 1980ean. Hau da, azken lau hamarkadetan zazpi urteko aldea.
Atzeratze horrek elkarren artean eragiten duten hainbat faktoreen ondorioa da: antisorgailuen erabilera gero eta hedatuagoa, emakumeak goi-mailako hezkuntzan masiboki sartzea, lan-prekaritatea, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta gizartean nagusi diren balioen aldaketa.
Jaiotza-tasaren beherakada azaltzen duen beste aldagai garrantzitsu bat gizartearen zahartzea da. Euskadin, Europako beste hainbat eskualdetan bezala, biztanleria desorekatzen ari da: gero eta adineko gehiago daude eta ama izateko adinean dauden gero eta emakume gutxiago daude. Adibidez, 2024ko urtarrilaren 1ean, Euskadin bizi ziren emakumeen % 38,2 baino ez zeuden ugalkortzat jotzen den 15 eta 49 urte bitartekoen adin-taldean. Emakume emankorren kopuru gero eta txikiagoak ondorio garbi bat du: jaiotza gutxiago eta biztanleriaren zahartzea.
2024an, euskal emakumeen batez besteko adina lehen seme-alaba izatean 32,4 urte izan zen, 1980an, berriz, 25,45 urte ziren
Arazo demografiko horrek arrazoi sozial eta ekonomikoak ditu. Izan ere, biztanleriaren hazkundea moteldu egiten da eta, horrekin batera, bere egitura ere aldatzen da. Pasa den urtearen hasieran EAEko biztanleen ia laurden bat (% 24,0) 65 urtetik gorakoa zen; 20 urtetik beherakoak, aldiz, % 17,7 baino ez. Kontuak errazak dira. Adineko pertsona gehiago daudenean hazi egiten da mendekotasunen bat duten herritarren kopurua ere, eta horrek, aldi berean, pentsioetan, osasunean eta zaintzan gastu handiagoa eskatzen du. Gainera, lan-merkatuan sartzen diren gazteen eskasiak, batez ere sektore zehatz batzuetan, produktibitatea, hazkunde ekonomikoa eta Euskadiko berrikuntza kaltetzen ditu.
Amatasunak emakumeak ‘kaltetzen’ ditu
Txostenean jasotzen denez, gazteen % 78,9k uste du seme-alabak izateagatik egin beharreko uko profesionalek, batez ere, emakumeei egiten dietela kalte. Ildo berean, % 76k dio, oraindik ere, emakumeak gehiago inplikatzen direla haurren heziketan. Eta antzeko kopuru baten (% 75,2) ustez, etxeko lanen karga handiena emakumeek pairatu behar izaten dute.
Pertzepzio hori ez da maila teorikora mugatzen. Izan ere, lanean diren amek desparekotasun horiek berretsi egiten dituzte. Emakume horien gehiengoaren ustez, etxeko lanen banaketa ez da orekatua, lana bateratzeko neurriak ez dira nahikoak eta seme-alabak izateak nagusiki beren eta ez beren bikotekideen aukera profesionala kaltetzen ditu.
Seme-alabarik ez duten horien artean, berriz, kezkak askotarikoak dira. Seme-alabarik ez duten gazteen % 64,7k uste du familia bat osatuz gero ez duela bere gauzetarako denborarik izango. % 59,4k, aldiz, bere osasun fisikoa edo mentala kaltetuko dela uste du, eta % 55,6 dio bere bizimodua aldatuko denaren beldur dela. Kezka horiek guztiek, bereziki, emakumeei eta 35 urtetik beherako gazteei eragiten diete. Horrelako kezkak ere ohikoagoak dira Euskadin jaiotakoen artean atzerritik etorritakoen artean baino.
Hala eta guztiz ere, desioak bere horretan dirau
Zailtasunak gorabehera, aita edo ama izateko nahiak bizirik jarraitzen du. Seme-alabarik ez duten 25-39 urteko hiru pertsonatik bik (% 67,7k) adierazi dute uneren batean familia bat osatu nahiko luketela. Seme-alabarik izan nahi duten gazteen kopurua % 14,6ra mugatzen da eta horietatik erdiak baino gutxiagok (% 43,6) dio bere erabakia behin betikoa dela.
Gazteek seme-alabak izateari ematen dioten garrantzia nabarmen aldatzen da egoera pertsonalaren arabera. Jada guraso diren horien artean garrantzia nabarmen altuagoa da (9,1 puntu 10 puntuko eskala batean) guraso izan ez, baina familia bat osatu nahi duten horiekin alderatuta (7,5 puntu). Guraso izateko zalantzak dituztenen artean puntuazioak nabarmen egiten du behera (3,3) eta seme-alabarik izan nahi ez dutenen kasuan 1,1 puntu.
Baina zeintzuk dira seme-alabak izan nahi ez izateko arrazoi nagusiak? Txostenean jasotakoak honako hauek dira: bizitza beste proiektu batzuetara bideratu nahi izatea (7,6 puntu) eta bakarrik edo bikotekidearekin bizi nahi izatea, baina seme-alabarik gabe (7,5 puntu). Seme-alabak ondo zaintzeak dakarren erantzukizuna (6,8), haurren hazkuntzaren kostu ekonomikoa (6,3) eta gaur egungo mundu-egoeraren kezka, gerrak eta klima-aldaketak markatua (6,1).
Txanponaren beste aldean, seme-alabak dituzten edo izan nahi dituztenen artean bat datoz “bizitza aberastu” egiten dutela esatean (8,2 puntu). Beste motibazio garrantzitsuak haurrak gustuko izatea (7,7), sena biologikoa sentitzea (7,1), familia-eredu idealera egokitzea (6,5) eta zoriontsuago egingo dituztela uste izatea (6,4) dira.
Bi seme-alaba, kopuru ideala
Euskal gazte gehienek bi seme-alaba izan nahiko lituzkete (zehazki, 2,2). Hala ere, hori lortzeko itxaropenak asko aldatzen dira. Dagoeneko seme-alaba bat dutenen % 69,1ek dio bigarren bat izatea lortuko duela, baina oraindik seme-alabarik ez dituztenen % 34,5ek bakarrik mantentzen du itxaropen hori.
Nahi baino seme-alaba gutxiago izateko arrazoiak, nagusiki, ekonomikoak (% 72,9), laboralak (% 57,3) eta etxebizitzarekin lotutakoak (% 46,0) dira. Emakumeek gizonezkoak baino gehiago aipatzen dituzte arrazoi ekonomikoak eta laboralak.
Erloju biologiko soziala
Euskal gazteek pertzepzio argia dute amatasun eta aitatasunerako adin-mugen gainean. % 70,2k uste du emakumeek 40 urte baino lehen izan beharko luketela ama (batez bestekoa 39,1 urte) gizonezkoei mugak 40,8 urtera arte erlaxatzen diren bitartean.
Atzerritar jatorria duten gazteek muga horiek aurreratzeko joera dute dituzte: emakumeentzako adin maximoa 36,9 urtetan jartzen dute eta gizonezkoentzat 39,9 urtetan.
Laguntza publikoei dagokienez, % 63,8k uste du haurreskolek asko edo nahiko laguntzen dietela familiei. Amatasun- eta aitatasun-baimenen iraupena eta haurrentzako aisialdi hezigarrirako programak ere positiboki baloratzen dira.
Alderantziz, hilabeteko laguntza ekonomikoek eta zaintzaileak kontratatzeko dirulaguntzek, laudorioak baino, kritikak jasotzen dituzte. Kritika horiek ohikoagoak dira dagoeneko seme-alabak dituztenen artean ez dituztenen artean baino eta, bereziki, emakumeen kasuan.









