Gorroto-diskurtsoen eta albiste faltsuen aurkako formakuntza

Nafarroako Gazteriaren Institutuak formakuntza eskaini die 4.000 gazteri baino gehiagori liburutegi, ikastetxe eta auzolandegien bidez

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) 4.277 gazte nafar trebatu ditu desinformazioaren eta gorroto-diskurtsoen aurkako bere programa pilotuaren lehen urtean. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena pasa den urteko ekainean hasi zen eta Nafarroa osoko 222 hezkuntza-gunetan garatu da Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin batera.

Programaren xedea da inguru digitalean eman ohi den desinformazioari aurre egitea eta kultura, erlijio eta etnia ezberdinen arteko tolerantzia sustatzea.

Tailerrak liburutegietan eta ikastetxeetan

Formakuntza ‘prestakuntza-pilula’ formatuan eskaini da eta, besteak beste, honako gai hauek jorratu ditu: albiste faltsuak edo fake news, zurrumurruen aurkako estrategiak, gorroto-diskurtsoen prebentzioa, ziber-segurtasuna eta jokabide arriskutsuak. Era berean, migrazio-, asilo- eta babes-prozesuak ere landu dira.



Tailerrak Nafarroako lurralde osoko udal-liburutegietara, gazte taldeetara, gazteria udal zerbitzuetara eta ikastetxetara iritsi dira. Formakuntza hezkuntza formal zein ez-formaleko guneetara egokitu da.

Hezkuntza-aisialdiaren esparruari dagokionez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen auzolandegietan gai honen inguruko formakuntza-ekintzak barneratu dira. Guztira, 138 gaztek parte hartu dute jarduera horietan berariaz antolatutako tailer eta dinamika parte-hartzaileetan.

Unibertsitateko uda ikastaroa

Formakuntza-ekintzen osagarri gisa, pasa den urteko irailaren 16tik 19ra bitartean ‘Gorroto-diskurtsoen eta fake news direlakoen eragina gazteengan’ izenburuko uda ikastaroa egin zen Nafarroako Unibertsitate publikoan.



Une honetan NGI programaren jarduera esparrua zabaltzeko lanetan dabil. Ildo berriek genero-berdintasuna eta LGTBIQ+ aniztasuna jorratuko dute, gorroto-diskurtsoen aurkako nafar gazteen sare bat osatzeko helburuarekin.