Ijitofobia estrukturala

Euskal herritarren % 60k bere auzoan ijitoekin bizitzea errefusatuko luke, eta % 40k seme-alabak ikastetxe berera joatea saihestuko luke

Hamar euskaldunetik lauk nahiago luke ijito asko bizi diren auzo batean ez bizitzea. Era berean, ez lieke etxerik alokatuko, eta seme-alabak ijito etniako adingabeekin eskolara joatea saihestuko luke. Gainera, hamarretik batek uste du Ijito Herriaren ohiturek ez dutela bat egiten euskal gizarteak dituen ohiturekin. 

Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak burutu berri duen azterlan batek agerian utzi duenez, gure gizartean ijitoen kontrako jarrera estruktural sakon batek bizirauten du eta horrek kulturen arteko bizikidetza zailtzen du.

Jarrera horren ondorioz, estereotipoek, aurreiritziek eta jarrera diskriminatzaileek iraun egiten dute espazioak eta bizikidetza partekatzean. Txostenak azaltzen duenez, euskal biztanleriaren gehiengoa jakitun da ijitoak diskriminatuta daudela eta gizarteratze-maila eskasa jasaten dutela.

Lehen ikerketa

Ikuspegik argitaratu berri duen txostena Euskadin biztanleriak ijitoen inguruan dituen iritziak eta jarrerak aztertzen dituen berariazko lehen ikerlana da. 

Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak azaltzen duenez, “biztanleriaren gehiengoak, oro har, aniztasunarekiko jarrera irekia duela adierazten du eta, aldi berean, Euskadin errealitate diskriminatzaileak daudela onartzen du. Gehienek horien aurkako jarrera azaltzen dute”.

Hala ere, Shershnevak adierazten du “jarrera orokor horiek, zenbait talderen kasuan, zuhurragoak bilakatzen dira. Horien artean, adibidez, ijitoak, islamiarrak eta atzerritar jatorriko pertsonak nagusitzen dira, bereziki, harreman intimoko espazioei dagokienez”.

Oro har, gizarteak onartu eta salatu egiten du, batez ere, ijitoekiko bereizkeria, hainbat dimentsiotan. Baina, aldi berean, sinesmen eta ideia estereotipatuak mantentzen jarraitzen du, eta gertuko harreman- eta bizikidetza-eremuetan erosotasun txikiagoa adierazten du.

Horrela, EAEko biztanleen % 40,9k ijito asko bizi diren auzo edo eraikin berean bizitzea saihestuko luke eta % 15,3k baztertuko luke. Ildo berean, hamar pertsonatik lauk onartzen dute ez lieketela bere etxea ijito bati alokatuko.

Eta lan-arloan, hamar pertsonatik hiruk adierazten dute norbait kontratatu behar izanez gero, prestakuntza- eta esperientzia-maila bera izanik, ijito bat kontratatzea saihestuko luketela edo, zuzenean, ez luketela kontratatuko.

Ijitoekiko harremanak eta bizikidetza 

Ijitoen populazioari buruzko ezjakintasun handia dago, nahiz eta Euskal Herrian XV. mendetik behintzat badauden.

Euskal herritar gehienek (% 68,7k) esan dute ez dutela ijitorik ezagutzen edo bere lagunen artean ez dagolea ijitorik; % 31,3k, berriz, adierazi dute bere lagunen artean ijitoak daudela edo ezagutzen dituztela.

Biztanleriaren % 8,8k bakarrik ezagutzen ditu edo lagun bezala ditu ijito asko edo dezente. Datu horiek guztiz ezberdinak dira, adibidez, biztanleria immigrantearen kasuan. Izan ere, etorkinen kasuan, euskal biztanleriaren gehiengoak dio atzerritar jatorriko lagunak edo ezagunak dituela. Adibidez, % 39k nahiko harreman du atzerritar jatorriko pertsonekin, eta soilik % 15,5ek dio ez duela jatorri horretako inor ezagutzen.

Inkestatutako pertsona gehienek, hamarretik bederatzik baino gehiagok, adierazten dute ez dutela arazorik laneko eta hezkuntzako testuinguruan ijitoekin harremanak izatearekin edo aipatu eremu horietan rol handiagoa edo berdina betetzearekin.

Inkestatutako pertsonen % 80 baino gehiago ados dago bere seme-alabak ikasle ijitoekin ikasgela partekatzearekin edo irakaslea ijitoa izatearekin. Biztanleriaren antzeko kopuru batek dio bere seme-alaben lagun diren haur ijitoak etxean hartuko lituzketela inolako arazorik gabe.

Hala ere, onarpen maila nabarmen jaisten da (% 57,1) beren seme-alabak ikasle ijito asko dituen ikastetxe bat aukeratuko luketen ala ez galdetzen denean. Aipatu egoera horretan, ia laurden batek (% 24) ikastetxe hori saihestuko luke eta % 13,7k, zuzenean baztertuko luke.

Ildo berean, % 40k baino gutxiagok adierazi du ijito asko bizi diren auzo edo bloke berean bizitzea onartuko lukeela; beste % 40,9, aldiz, hori saihesten saiatuko litzateke, eta % 15,3k, berriz, baztertu egingo luke.

Hamar pertsonatik ia hiruk (% 26,9) onartzen dute norbait kontratatu behar izango balute, esperientzia eta formakuntza maila bera izanik, ijitoa kontratatzea saihestuko luketeela. 

Era berean, biztanleriaren % 43,5ek aitortu du, alokatzeko etxebizitza bat izanez gero, ijito bati alokatzea saihestuko lukeela edo, zuzenean, ez liokeela alokatuko.

Estereotipoak eta aurreiritziak

Ikuspegiren txostenak agerian uzten duenez, zenbait ideien inguruan jasotako erantzunetan arrakala handia dago, hala nola, ijitoek nahiago dutela bestelako kolektiboekin harremanak ez izatea ideiarekin. Horrela, herritarren % 35,3k desadostasuna azaltzen du ideia horrekin, baina % 28,1 ados azaltzen da.

Zentzu berean, ijitoen presentziak segurtasunik eza eta delinkuentzia eragin ditzakeenaren ideiak ere banaketa handia sortzen du: % 42,5 ez daude ados, eta % 30 aurreiritzi horrekin bat datoz.

Ijitoek zerbitzu publikoetaz abusatzen dutenaren inguruko ideiak ere bere horretan dirau. Inkestatutakoen % 43,7k uste du ijitoek onura handiegia ateratzen diotela gizarte-babeseko sistemari, eta % 39k uste du ijitoek babes handiegia jasotzen dutela erakundeen aldetik. 

Osasun-sistemaren erabilerari dagokionez, % 31 ados dago ijitoek gehiegizko erabilera egiten dutenaren ideiarekin, baina % 45,7 ez dago ados baieztapen horrekin, eta kopuru hori da, hain zuzen ere desadostasun-ehunekorik handiena lortzen duen ideia. 

Era berean, % 34,1ek uste du ijitoei esleitzen zaizkiela babes ofizialeko etxebizitza (BOE) gehiago.

Biztanleriaren ia % 60 ez dator bat ideia honekin: “ijitoek gune publikoak  betetzen dituzte eta horietan gehiegikeriak egiten dituzte eta/edo gaizki erabiltzen dituzte”. Erdiak baino gehiagok (% 52,4) ijitoek arauak errespetatzen ez dituztenaren eta gizalegerik ez dutenaren ideia baztertzen dute.

Oro har, indarrean dirau ijito-biztanleria gainerako gizartea baino matxistagotzat jotzen duen eta ijito-kulturak emakume ijitoen garapen profesionala mugatu egiten duela dioen estereotipoak.

Bestalde, gehiengoak ijitoek  balore positiboak dituztela onartzen duen arren, hala nola, pertsona helduekiko errespetua eta familiaren garrantzia, hamar pertsonatik zazpik  ijito-kulturak gainerako gizartearekin talka egiten duela antzematen dute.

Bi lirateke ijitoak gainerako gizartetik aldentzen dituzten ideia nagusiak: matxismoa eta gatazkak. Horrela, inkestatutakoen % 72,7k dio ijitoak matxistagoak direla eta % 51,3k dio gatazkatsuagoak direla.Adeitasuna, elkartasuna, langintza eta zintzotasuna bezalako baloreen kasuan, berriz, ez da alde handirik ikusten.

Biztanleria diskriminatua

Gizartearen ia % 70k uste du Euskadin ijitoen aurkako diskriminazioa oso edo nahiko zabalduta dagoela. Izan ere, euskal herritarrentzat ijitoek pairatzen duten bazterkeria gizartean hedatuen dagoen diskriminazioa da.

Biztanleriaren gehiengoak ulertzen du ijitoek enplegua bilatzeko zailtasun handiagoak dituztela (% 75,8) eta desparekotasunak pairatzen dituztela lan-eremuan lanpostu batean gora egiteko eta karrera profesionala garatzeko orduan (% 64,4). Era berean, % 40k baino gehiagok dio ijitoek ez dituztela gainerako pertsonek dituzten lan-baldintza berak.

Gainera, biztanleriaren % 40k baino gehiagok ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboen edo zurrumurruen lekuko izan dela adierazi du, eta % 34k baino gehiagok isekak, txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi dituela adierazi du. Gainera, adierazgarria da % 21,1ek ijitoen kontrako irainak entzun izana, % 12,5ek mehatxuak entzun izana eta % 10,7k eraso fisikoak ikusi izana.

1 eta 10 arteko eskala batean, euren seme-alabaren batek ijito batekin harreman sentimentala izango balu zer erosotasun maila izango zuketen galdetuta, batez beste, 5,8 puntuko nota atera da. Balorazio hori inkesta osoan lortutako puntuaziorik baxuena da.

Hala ere, biztanleriaren gehiengo batek (% 86,3) uste du euskal gizarteak Ijito Herriari babesa eman beharko liokeela diskriminazioaren aurkako borrokan. Gehiengoa dira ere (% 65,6) ijitoek jasaten duten diskriminazioa historikoa dela uste dutenak eta komunitate horrek ikusezintasun soziala pairatzen duela identifikatzen dutenak (% 60,1).

Bizikidetza

Ijitoenganako bazterkeria iraganeko kontua den ala ez galdetuta, % 54,4k ez du uste arazoa gaindituta dagoenik. Laurden batek baino gehiagok (% 28,7), berriz, baietz uste du.

Aldi berean, biztanleriaren ia erdiak uste du ijitoen aurkako arbuioa ijitoen jarrera eta portaeragatik justifikatzeko modukoa dela batzuetan (% 46,3). Biztanleriaren % 33,1 ez dago ados baieztapen horrekin.

Bizikidetza hobea izateko, % 91,1ek uste du beharrezkoa dela ahalegin partekatu bat, bai ijitoen aldetik, bai gainerako gizartearen aldetik. Ijitoak hobeto gizarteratuko balira horrek gizarte osoari mesede egingo liokeela uste dute inkestatutakoen % 84,1ek. Azkenik, % 69,1ek uste dute gizarteak ahalegin handiagoa egin beharko lukeela ijitoak eta haien ohiturak eta tradizioak integratzeko.