Óscar Vizarraga:“Jasaten dugun diskriminazioa gure herriaren gaineko ezjakintasunean eta estereotipo faltsuetan oinarritzen da”

Kale Dor Kayiko elkarteko arduraduna

Ikuspegik argitaratu berri duen txostenak adierazten du Euskadin ijitofobia dagoela. Ondorio horrek ez zintuen sorpresaz hartuko.

Txostenak agerian jartzen du guk, ijito gisa, gure egunerokotasunean pairatu behar izaten dugun zerbait. Diskriminazio hori duela urte askotakoa da eta, gure ustez, diskriminatzen duenak ijito-herriari buruz duen ezjakintasunean oinarritzen da. Bazterkeria hori estereotipo eta ideia faltsuetan oinarritzen da. Berez, ez gaituzte garen horregatik baztertzen, guri buruz pentsatzen denagatik baizik.Estereotipoa baztertzen da. Eta ijitoak ere estereotipo horren aurka gaude. Inork ez du nahi, ijitoa izan edo ez, guri jartzen dizkiguten ezaugarriak dituen pertsona bat ondoan.

Era berean, ikerketa honen prestaketan ijitoak informatzaile hutsak izan garela azaldu nahiko nuke. Ez zaigu gustatu txostena landu duen erakundea immigrazioaren inguruko behatoki bat izatea, gu aspalditik bizi baikara lurralde honetan. Eta bildutako datuen interpretazioan ijitoak ez egotea ere ez zaigu gustatu. Hori esanda, eta txostena eskuartean izanik, garrantzitsuena orain da erakunde ezberdinek egoera hau zuzentzeko zein neurri hartuko dituzten ikustea. 

Ijito-herria duela 600 urte inguru iritsi zen Euskal Herrira, baina oraindik ere ‘guk’ eta ‘haiek’ bereizketa hori mantentzen da. Ijitoek berdin ikusten al duzue?

Bai noski, baina alderantziz. Gure kasuan, ijitoak (gu) ez direnak ‘paioak’ dira (haiek). Euskal kulturan antzeko zerbait gertatzen da ‘euskaldun’ eta ‘erdaldun’ terminoekin. Nire ustez, euskal kulturak eta ijito-kulturak gauza asko dituzte komuneak, hala nola, batasuna. Ikuspegi bereizle hori kultura askotan dago, batez ere kultura gutxituetan eta jazarriak eta gaizki tratatuak izan diren kulturetan.

Azterlanean aipatzen diren beste kolektiboek ez bezala (magrebtarrak, subsahararrak, hegoamerikarrak…), ijitoek urte asko daramazue hemen. Zergatik ez da posible izan, zuen kasuan, integrazio-maila handiagoa?

Historikoki herri jazarria gara. Gure historiaren zati bat mistizismoarekin lotzen da. Jasaten dugun diskriminazioa ez da Euskadiren edo Espainiaren kontua, ia leku guztietan gertatzen da. Zenbait adituk diote herri madarikatua garela; aberririk eta lurralderik izan ez zezan eta betiko jazarria izan zedin Jainkoak madarikatu zuen herria.

Ijitook, historikoki, jazarpena pairatu behar izan dugu leku guztietan garen horregatik; eta ez egin dugun horregatik. Ez dago boterea lortzeko armak hartu dituen ijito talderik edo ijitoen alderdi politikorik. Jende askok kontrakoa pentsatzen duen arren, ez gara herri oldarkorra. Preso dauden ijitoak ez daude preso delitu handiak egiteagatik; gehienetan, delitu txikiak pilatzen dituztelako daude gartzelan, eta delitu horiek zailtasun ekonomiko erantsiengatik egin ohi dira. 

“Lan batean onartzen ez nautenean ijito izateagatik edo eskola-bereizketak, nagusiki, gure seme-alabei eragiten dienean, zer egin ahal dut nik hori gerta ez dadin? Hori ez da ijitoon errua, baina ondorioak guk pairatzen ditugu”.

Nik ez diot egozten gure herriak pairatzen duen gaitzespena askotan eraman behar izan dugun eta askotan delituzkoa izan den ‘modus vivendi’ bati. Nik horren inguruan sortu den estereotipoari egozten diot. Ijito guztiak ez dira lapurrak. Ijito asko nabarmendu dira hainbat arlotan, adibidez, Charles Chaplin, eta ez da, kasu horietan, haien ijito izaera azpimarratzen. Alderdi negatiboekin bakarrik hauteman ohi da ijitoa.

Zer egin dezakete ijitoek egoera hori aldatzeko? Eta zer egin dezakete paioek?

Norbaitek guk zer egin dezakegun esatea nahiko nuke. Garbi dago guztiok jarri beharko dugula zerbait gure aldetik egoera aldatzeko. Ulertzen dut galdera, baina nik beste modu batera planteatuko nuke: zer egiten ari gara ijitoak hori horrela ez izateko? Lan batean onartzen ez nautenean ijito izateagatik edo eskola-bereizketak, nagusiki, gure seme-alabei eragiten dienean, zer egin ahal dut nik hori gerta ez dadin? Hori ez da ijitoon errua, baina ondorioak guk pairatzen ditugu. Egin dezakegun gauza bakarra geure burua ezagutaraztea eta errespeta gaitzatela eskatzea da. Eta, jakina, jasaten ditugun diskriminazio-ekintza guztiak salatzea.

Zuk zeuk jada azaldu duzun moduan, txostenak ijitoen inguruan hainbat estereotipo daudela jasotzen du. Zentzu horretan, bi lirateke gaitzespen gehien eragiten omen dutenak: matxismoa eta konfliktibitatea. Ijitoak matxistak al zarete?

Bai, hala da. Baina ez paioak baino gehiago. Baina beste behin sinisten dugu matxista izatea ijitoen berezko ezaugarria dela. Ijitook ez gara paioak baino matxistagoak. Aurreko fase batean gaude; matxistak gara, baina, zorionez, gero eta gutxiago.

Emakume ijitoak ere matxistak dira eta hori inoiz kontuan hartzen ez den aldagai bereizgarria da. Norbaitek pentsatu al du inoiz emakume ijito batek nola bizi nahi duen bere feminismoa? Eskaintzen zaion gauza bakarra eredu paio bat da eta emakume ijitoek ez dute zertan eredu hori jarraitu behar hala nahi ez badute.

Gure elkartea aitzindaria izan da ijitoen berdintasunaren aldeko borrokan. Duela hogeita hamar urte bazeuden emakumeak gure zuzendaritza-batzordean. Gainera, estatu mailan, emakume ijitoen elkarteak sortzea sustatu dugu, emakume ijitoek gizonik gabeko hausnarketa-guneak izan ditzaten. Modu horretan, libreki, hartu nahi duten bidearen inguruan hausnartu ahal dute. Eta modu horrekin, gurekin batera, emakume gisa gara daitezke elkartzen gaituzten zenbait balore mantentzen ditugun bitartean.

Gu ere berdintasunaren alde gaude, baina ez dugu eredu feminista paio bat nahi; ijitoen eredu bat nahi dugu.

Zorionez, emakume ijitoak ere beren nortasuna aldarrikatzen hasi dira. Baina berriro diot; berdintasuna bai, baina genero ideologiarik ez. Gure ustez gauza biak ez daude maila berean.