GIB diagnostiko berrien kasuak egonkor mantentzen dira Nafarroan

Urtarrila eta iraila bitartean 18 GIB infekzio berri diagnostikatu dira, aurreko urteko aldi berean baino bi gutxiago

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 299
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak argitaratu duen azken buletinean jasotako datuen arabera, GIB diagnostiko berrien kasuak arinki jaitsi dira Foru Erkidegoan. Hala ere, birus horrekin bizi behar duten pertsonen kopuruak igotzen jarraitzen du, intzidentzia berean mantentzen delako eta, erretrobirusaren kontrako tratamenduei esker, biziraupena hobetu egin delako.



Abenduaren 1ean ospatzen den HIESaren Aurkako Nazioarteko Egunaren ildora, Nafarroako Osasun Departamentuak Sexu-Transmisiozko Infekzioen prebentzioaren inguruko kontzientziazioaren eta detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu nahi izan du. Ildo berean, ikuspegi positibo eta integratzailea duen hezkuntza afektibo-sexual bat sustatzearen alde azaldu da. Horren barruan, adibidez, sexu-harreman seguruak eta antisorgailuen erabilera sustatzea ezinbestekotzat jo da.

Sexu-jokabide arriskutsuak

Nafarroak esposizioaren aurreko profilaxi programa ezarri zuen 2020an, sexu-jokabide arriskutsuak dituzten pertsonentzat. Bertan, birusaren aurkako tratamendua hartzen da etengabe, GIB infekzioaren aurkako prebentzio-metodo gisa. Infekzio berriak saihesteko orduan babes-sistema hori eraginkorra dela egiaztatu da. Une honetan 216 pertsona daude programan parte hartzen.

Gazteak

Urtarrila eta iraila bitartean 18 GIB infekzio diagnostikatu dira Nafarroan, aurreko urteko aldi berean baino bi gutxiago. Horrez gain, hiru HIES kasu berri diagnostikatu dira, iaz baino bi gutxiago. Hamarkada honetako datuak aintzat hartuta, egoera nahiko egonkor dagoela esan daiteke. 2020. Urteaz geroztik 177 infekzio erregistratu dira, gehienak gizon homosexualen artean (% 56) eta sexu-jokabide heterosexual arriskutsuen ondorioz (% 40).



Diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 37,4 urtekoa da, baina diagnostiko berrien heren bat baino gehiago 35 urtetik beherako gazteen artean ematen da. GIB diagnostiko gehienak gizonenak dira (% 85), bereziki, homosexualak (% 66). Emakumeen artean, ia kasu guztiak sexu-harreman heterosexualen ondorioz eman ziren.

GIBa eta hiesa aldi berean diagnostikatutako kasuak altu mantentzen dira: 28 kasu guztira (HIESaren 33 diagnostikoen % 85) aipatutako bosturtekoan. Lau gizon homosexualetan izan ziren, zazpi emakume heterosexualetan, 13 gizonezko heterosexualetan eta hiru transmisio-mekanismo ezezagunen bidez.

2019-2023 aldian birusa zuten 78 pertsona hil ziren.