Gazteen artean indarkeria matxista saihestea helburu duen Beldur Barik lehiaketak baditu irabazleak. Derion izandako Topaketan Beldur Barik lehiaketako eta Txorierriko mankomunitateko irabazleak ezagutarazi dira.
Beste behin, lehiaketa arrakastatsua izan da eta 300 lan baino gehiago aurkeztu dira.
Irabazleak
Ikus-entzunezko lan onenaren saria Donostiako AEG ikastetxeko patroigintza eta modako 2. mailako ikasleek aurkeztutako ‘Kahtarsi’ lanarentzat izan da. Epaimahaiaren esanetan, lan horrek modu ezin hobean salatzen du desberdintasun mediatikoa, “gizonak beren ibilbideagatik baloratzen diren bitartean, emakumeen balorazioa askotan beren bizitza pertsonalera eta itxurara murrizten” baita.
12-16 urte bitarteko nerabeei zuzendutako kategorian hiru sari banatu dira:
- Kategoria horretako taldekako lehen saria Urretxindorra Ikastolako ikasleen ‘YouTuber toxikoak’ lanarentzat izan da. Bertan, gazteen artean eragin sortzaileek sustatzen duten maskulinitate toxikoa salatzen da.
- Banakako lan onenaren saria, berriz, Irungo Mimiiik bidalitako eta transexualitatearen gaia ausardia handiz lantzen duen ‘Krisalida’ lanarentzat izan da.
- Kategoria honetako azken saria, aipamen bereziaren saria, Zunzunegui BHIko ’Kalewinak’ lanarentzat izan da. Bideo horretan ikasleek bideoan oso modu original eta dibertigarrian islatu dute estereotiporik eta rolik gabeko mundu berri bat.
17 eta 20 urte bitarteko gazteen kategorian lehen saria Oñati Institutuko Lanbide Heziketako ikasleen ‘Zu… aldatzeko prest al zaude?’ lanarentzat izan da. Bertan espazio maskulinizatuen eta maskulinitate berrien aldeko apustuaren gaiak jorratzen dira.
Aurtengo edizioan herri bozkaren bidez eman ohi den saria eman gabe geratu da.
Topaketa
Derioko Kultur Birikan izan den Topaketan ehun bat gaztek parte hartu dute. Bertan tailer ezberdinak eskaini dira, hala nola, Patata Tropikala antzerki laborategiaren “Eta hala ez bazan?” antzerki tailerra; Jon López Corcherok eskainitako “Ez da txantxa” maskulinitate berrien tailerra; eta, #BBJ ahalduntze tailerra, Kabia eta Parean elkarteen eskutik.
Ondoren, Sünek Kultur Birika girotu du Milaka Lore eta Kantauri abestiekin. Emanaldiaren ostean, Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak gidatu dute sari banaketa.







