Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Nazio Batuen Erakundea
Hitz kopurua: 358
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nazio Batuen Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezi Francesca Albanesek jasoko du Eusko Jaurlaritzaren aurtengo René Cassin saria. Epaimahaiak azaldu duenez, Albanese hautatua izan da “oinarrizko eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren defentsan tinko aritzeagatik”. Albanesek datorren abenduaren 10ean jasoko du saria, Giza Eskubideen Egunean, alegia.
2003. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen sariketa honen xedea da giza eskubideen aldeko jarduera nabarmenak publikoki aitortzea. Sariak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen den René Cassin lapurtarrari zor dio izena. Cassin-ek Bakearen Nobel saria jaso zuen 1968an.
Francesca Albanese
Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezia izatea sariduna, “egiarekiko eta pertsona ahulenen babesarekiko konpromisoa duen giza eskubideen defendatzailea izateagatik”. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, “Nazio Batuetan egindako lanaren bidez, Francesca Albanesek lagundu du giza eskubideen urraketak ikusarazten, zigorgabetasuna salatzen eta nazioarteko arauak benetan betetzea eskatzen, gatazka eta okupazio testuinguruetan dauden pertsonak babesten laguntzeko”.
Egun NBEko errelatore berezi gisa duen jarreraren barruan, Albanese kritiko agertu da Israelek lurralde palestinarrak okupatu dituelako. Jada errelatore berezi gisa egin zuen lehen txostenean gomendatu zuen NBEko Estatu kideek okupazioa eta apartheida amaitzeko plan bat garatzea.
Israelek Gazako zerrenda inbaditu ostean, Albanesek berehalako su-etena eskatu zuen, Gazan bizi ziren palestinarrak garbiketa etnikoa jasateko arriskua zutela argudiatuz. 2024aren hasieran, Albanesek Nazio Batuen Eskubideen Kontseiluari jakinarazi zion Israelek Gazan egindako ekintzak genozidiotzat har zitezkeela.
Epaimahaia
Epaimahaia bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonek osatzen dute. Honako hauek dira: María Arritokieta Marañon Basarte, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea; Izaskun Saez De la Fuente Aldama, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, Eraikuntza Sozialerako Etikako Masterreko zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko kidea; Bárbara Ruiz Balzola, UNRWAko ordezkaria Euskadin; María Oianguren Idígoras, Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendaria eta René Cassin Saria 2010; Juan José Álvarez Rubio, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna; Miren Elgarresta Larrabide, Emakundeko zuzendaria; Mikel Mancisidor de la Fuente, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea; Manuela Mesa, CEIPAZ Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroko zuzendaria; Carlos Martín Beristain, Giza Eskubideetan aditua, René Cassin Saria 2020, eta Ainhoa Zugasti Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria.









