Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: arnasagara.eus
Hitz kopurua: 230
Irakurketa denbora: Minutu 1
Pasa den azaroaren 27an Leitzako Herri Aretoak Arnasetik lehiaketaren IV. edizioaren sari-banaketa ekitaldia hartu zuen. Arnasa Gara ekimenaren markoan UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatzen duten bideo-lehiaketaren helburuak dira euskararen arnasguneetan bizi diren 10-16 urte bitarteko gazteen sormena sustatzea eta beren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa eragitea.
Bost sari
Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago. Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko saria jaso du. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen kategorian Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleak izan dira irabazle “Atzo eta gaur Baliarriain-Ikaztegieta” lanari esker.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendutako kategorian, berriz, irabazleak, ‘Mutriku Arnasetik’ bideoarekin, Mutriku BHIko ikasleak izan dira.
Azkenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendutako kategorian, Amazabal BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria “Leitza Herrimina” lanagatik.
Lehiaketa osatzen duten hiru kategorietako irabazleei emandako sariez gain, beste bi sari ere banatu dira. Publikoaren sari berezia Berriatua Herri Eskolako ikasleek aurkeztu duten “Erberako ume zapuk” bideoarentzat izan da. Lan hau izan da 3.580 botoetatik boto gehien jaso duen bideoa.
Azken saria, Leitzako Udalak eskainia, Amazabal BHI-ko ikasleek jaso dute “Euskara Arnastuz” lanagatik.
Aurtengoa Arnasetik bideo-lehiaketaren laugarren edizioa da eta, guztira, 205 lan jaso dira. Lehen kategorian 68 bideo jaso dira; bigarrenean, 70; eta, hirugarrenean, 67. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Euskal Herri osoko 35 udalerritako ikasleek parte hartu dute aurtengo edizioan.









