Zabalik da René Cassin Sariaren XXII. ediziorako hautagaiak aurkezteko epea

Aurtengo ediziorako hautagaitzak urriaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira eta irabazleak 25.000 euroko saria jasoko du

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: irekia.euskadi.eus
  Hitz kopurua: 303
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Abian da Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak antolatzen duen eta giza eskubideen aldeko jarduera azpimarragarrienak publikoki aitortzea helburu duen René Cassin Sariaren XXII. edizioa. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren urriaren 17an amaituko da. Saria abenduaren 10ean banatuko da Giza eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.



Epaimahaia Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde Arritxu Marañonek, CEIPAZ Bakearen Ikerketarako Hezkuntza Zentroaren zuzendari Manuela Mesak, Gernika Gogoratuz zentroaren zuzendari María Ojangurenek, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Eraikuntzarako Etika Masterreko zuzendari Izaskun Saez De la Fuentek, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedradun Juan José Álvarezek, NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko kide Mikel Mancisidorrek, Giza Eskubideetan aditu Carlos Martín Beristaunek, UNRWAko ordezkari Bárbara Ruiz Balzolak eta Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Ainhoa Zugastik osatuko dute.

Irabazleak

Irabazleak 25.000 euroko saria jasoko du. Aurreko urteetako irabazleak honako hauek izan dira:

  • 2003an, Colectivo Hetaira
  • 2004an, Koro Erdozia Lasa
  • 2005ean, Alec Reid eta Harold Good
  • 2006an, Maiatzeko Plazako Amonak
  • 2007an, Aranzadi Zientzia Elkartea
  • 2008an, Desmond Tutú eta Roelf Meyer
  • 2009an, Marcos Ana
  • 2010ean, Gernika Gogoratuz eta Brigadas GKEko ordezkariak
  • 2011an, Aminatou Haidar
  • 2012an, Bakeaz
  • 2013an, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea
  • 2014an, Adi-adian programetan parte hartu duten biktimak, biktima hezitzaileak eta Glancree
  • 2015ean, “Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataforman” antolatutako euskal biktima kereilak
  • 2016an, Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak-Sabores Solidarios eta Comunidad de Sant’Egidio
  • 2017an, Sexual Minorities Uganda
  • 2018an, José Palazón eta Juan José Agirre
  • 2019an, Federico Mayor Zaragoza
  • 2020an, Carlos Martín Beristain
  • 2021ean, Elisa Loncón
  • 2022an, Dora María Téllez
  • 2023an, ICDP-Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea
  • 2024an, UNRWA- Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia. 

Sariak René Cassini zor dio izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat hartzen da. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.