Unibertsitateko titulu teknikoek dute laneratze-tasarik onena Euskadin

Lanbidek ezagutzera eman dituen iazko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten dute unibertsitate-ikasketak amaitu dituzten pertsonen % 94 lanean ari dela hiru urteren buruan

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 374
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, 2024ko laugarren hiruhilekoko lan-txertaketari buruzko azken inkestaren emaitzak argitaratu ditu. Azterketa horretan, unibertsitate-sisteman, lanbide heziketan eta profesionaltasun ziurtagirietan aritu diren 21.000 pertsona baino gehiagoren ibilbide profesionalak aztertu dira.

2000 urteaz geroztik, Lanbidek, euskal unibertsitateekin eta lanbide heziketako zentroekin elkarlanean, tituludunen laneratzea nola ematen den aztertu izan du. Hortaz, azterketa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegagarritasunaren eta sortutako enpleguaren kalitatearen irudi osoa ulertzeko tresna ezin hobea da.

Unibertsitateko titulu teknikoak

Aipatu azken txosten horren arabera, unibertsitate-titulu teknikoak dituzten pertsonak dira lan-merkatura azkarren sartzen direnak: % 94 lanean ari zen ikasketak amaitu eta hiru urteko epearen barruan. Gainera, horrelako ikasketak dituzten gazteek, batez beste, 11 hilabete baino ez dituzte behar enplegu bat lortzeko.

Lanbide heziketako tituludunen kasuan, lautik hiruk beren ikasketekin lotutako lanbideetan aurkitzen dute lana. Datu horrek argi erakusten duenez, hezkuntza mota horren eta merkatuaren eskakizunen arteko lerrokatze-maila handia dago. Bestalde, azpimarratzekoa da Profesionaltasun Ziurtagirirako ikastaroak egiten dituzten horietatik ia % 60k aurkitzen duela enplegua.

Hezkuntza motaren arabera, unibertsitateko tituludunen % 85 lanean ari da ikasketak amaitu eta hiru urteren buruan, % 88k beren kualifikazio-mailarekin bat datorren enplegua aurkitu du, eta % 78k beren hezkuntzarekin lotutako arloetan. Gainera, % 64k lortu du lan-egonkortasuna, mende honetan izan den daturik onena.

Soldata garbien batez bestekoa ordu osoko lanaldian 1.828 eurokoa da, baina genero-arrakalak berean dirau, 104 euroko diferentziarekin gizonen eta emakumeen artean. Horrez gain, % 75ak ikasketa berak hautatuko lituzke berriz, eta horrek gogobetetze-maila handia islatzen du.

Lanbide Hezkuntzako tituludunen enplegu-tasak (% 51) eta jarduera-tasak (% 60) arinki jaitsi badira ere, enpleguaren kalitatea hobetu egin da, enplegu egonkorra % 62ra iritsi delarik. Gainera, % 33,9k lortu du enplegua praktiken bidez, eta honek haien funtsezko eginkizuna azpimarratzen du. Lautik hiruk beren ikasketekin lotutako arloetan lan egiten du eta soldata garbien batez bestekoa ordu osoko lanaldian 1.426 eurokoa da, sexuaren araberako aldeak oraindik nabarmenak izanik, bereziki egonkortasunean eta lan-aldian.

Bestetik, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzen dituzten pertsonen % 59 lanean ari da ikasketak9 amaitu eta 18 hilabeteren buruan. 2023. urteko datuekin alderatuta jaitsiera txiki bat izan bada ere, kontuan izan behar da urte horretako datua izan dela ikerketa hau egiten hasi zenetik behatutako daturik onena. % 30ak ziurtagiriari esker lortzen du enplegua, eta lautik batek derrigorrezko praktiken bidez. Soldata garbien batez bestekoa ordu osoko lanaldian 1.266 eurokoa da.