Hego Euskal Herrian unibertsitateak funtzionatzen du

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: EHU
  Infografiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 1065
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Zer dute komunean Iruñeko ikasle batek eta Bilboko ikasle batek? Bada, segur aski, Estatuko beste unibertsitarioekin alderatuta, ikasketak lehenago amaituko dituztela eta soldata hobeak izango dituztela. Izan ere, CYD Fundazioak argitaratu berri duen “Las universidades españolas. Una perspectiva autonómica 2025” txostenak jaso duenez, Hego Euskal Herriko unibertsitarioek, Estatukoekin alderatuta, denbora gutxiago behar dute beren ikasketak amaitzeko eta enplegu eta soldata hobeak lortzen dituzte.

Adibidez, Nafarroak du unibertsitate-ikasketak amaitu dituzten ikasleen laneratze-tasarik onena. Euskadi, berriz, sailkapeneko hiru postu onenetan da enplegagarritasunean eta soldatetan. Txostenean ondorioztatzen denez, Nafarroako zein Euskadiko unibertsitate-sistemek lortu dute karrera bat ikasteak kalitatezko lanbide-aukera gehiago ematea.

Tamaina ez da funtsezkoa

Euskadiko eta Nafarroako unibertsitate-sistemek, elkarrekin,  Estatuan diren unibertsitario guztien % 6 baino gutxiago biltzen duten arren, biak daude adierazle gehienen buruan, hala nola, errendimendu akademikoa, laneratzea eta ekoizpen zientifikoa.

Euskadik Estatuko unibertsitarioen % 4,2 bakarrik bildu arren, seigarren postuan da matrikulatutako ikasleak, egresatutako ikasleak eta irakasleria bezalako aldagai garrantzitsuetan. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Euskadiko ikasleen eta irakasleen % 70 baino gehiago biltzen ditu. Ikasle gutxiago dituzte Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta sortu berria den Euneizek.

Nafarroako kopuruak Euskadikoak baino apalagoak izanik, hamaikagarren posizioan da titulazioetan eta egresatutako ikasleetan. Nafarroako Unibertsitateak Foru Erkidegoan diren unibertsitarioen % 58,4 biltzen ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, berriz, % 41,6. Tamaina txikia izan arren, Nafarroako unibertsitate-sistemaren dinamismoa ukaezina da. 2018-19 eta 2022-23 artean unibertsitatean matrikulatutako ikasleen kopurua % 16,1 hazi zen eta egresatuena, % 17,2. Bi kasuetan, Estatuko batez bestekoak baino nabarmen altuagoak dira, % 4,9 eta % 9,5, hurrenez hurren.

Euskadiko eta Nafarroako unibertsitate-sistemek ezaugarri bitxi bat partekatzen dute. Izan ere, kasu bietan, ikasten ari diren emakumeen kopurua Estatuko batez bestekoa baino baxuagoa da. Euskadik, adibidez, matrikulatutako emakumeen bosgarren proportziorik txikiena du eta tituludunen artean, bigarrena. Sailkapen horren azken postuan Nafarroa dago, % 51,6rekin; Estatuko batez bestekoa baino zortzi puntu gutxiagorekin.

Garaiz graduatu

“Hona ez zara denbora galtzera etortzen”. Horrelako esaldi bat Hego Euskal Herriko edozein campusetan entzun daiteke arazorik gabe. Izan ere, Nafarroa da titulazioak denbora teorikoan amaitzen duten ikasle kopuruaren sailkapenaren buru, bai graduetan (% 56,1), bai masterretan (% 88,9). Euskadi sailkapen horren bigarren postuan da graduen kasuan (% 51,4) eta laugarrena masterren kasuan (% 82,1). Estatuko batez bestekoak bi kasu horietan nabarmen baxuagoak dira: % 42,7 graduetan eta % 74,8 masterretan.

Nafarroan lortutako emaitzak bereziki deigarriak dira zailak izan ohi diren diziplinetan. Adibidez, ingeniaritza bezalako diziplina batean, non ikasketak garaiz amaitzen dute ikasleen batez bestekoa % 19 den, Nafarroak % 31 lortzen du. Zientzietan, berriz, % 59ra heltzen da, Estatuko batez bestekoa % 37 denean. Datu horiek, ikasleen motibazio altuaz gain, formakuntzaren bikaintasunaren seinale ere badira. 

Euskadik ere emaitza onak lortzen ditu. Adibidez, zerbitzuen eta hezkuntzaren egokitasun-tasarik onena du eta bigarren postuan da arte eta humanitateetan, zientzietan eta ingeniaritzan. Ikasketak garaiz amaitzen dituzten emakumeen kopurua % 62,2koa da, gizonena baino nabarmen altuagoa (% 39,4).

Nafarroa programa dualen kopuruaren sailkapenaren lehen postuan da, % 17,3rekin (% 11,9 da Estatuko batez bestekoa). Formakuntza teorikoa eta praktikoa uztartzen duten programa horiek, bereziki ingeniaritzan eta arkitekturan (hirugarren postuan) eta negozioetan, kudeaketan eta zuzenbidean (lehen postuan) espezializatzen dira.

Kalitatezko enplegua

Euskal Herriko unibertsitarioak graduatu eta lau urtetara neurtzen diren lan-adierazle ia guztien buru dira. Euskadiko graduatuek Estatuko soldatarik altuenak dituzte lanaldi osoko enpleguetan eta, batez beste, beste erkidegoetan titulua lortu duten horiek baino soldata askoz altuagoak dituzte. Nafarroako tituludunak soldata-ranking horren bigarren postuan daude.

Enpleguaren kalitateari dagokionez, berriz, Nafarroa da sailkapenaren buru. Nafar tituludunek lanaldi osoko ehunekorik altuenak eta gainkualifikazio-tasarik baxuenak dituzte. Hau da, tituludun gehienek bere formakuntzarekin bat egiten duten enpleguetan lan egiten dute.

Ildo berean, master ikasketak egin dituzten nafarrak lehenak dira kontratu mugagabeetan eta bigarrenak lanaldi osoko enpleguetan. Euskadik kopuru apalagoak ditu horrelako adierazleetan, baina bertako tituludunen gainkualifikazioa saihesteko gaitasunagatik nabarmentzen da.

Arrakasta gehien duten sektoreak

Hiru dira Hego Euskal Herrian lan itxaropen hobeak bermatzen dituzten sektoreak: ingeniaritza, informatika eta osasun zientziak. Informatika bereziki garrantzitsua da Euskadin, non tituludunek urteko 34.000 euro inguruko soldatak lortzen dituzten.

Ingeniariak dira Hego Euskal Herrian gehien eskatzen diren profilak. Euskadin, ingeniaritzako ikasketak bukatzen dituzten horiek Estatuko batez besteko soldata baino 1.400 euro gehiago jasotzen dituzte. Nafarroan, berriz, ingeniaritza ikasketak garaiz bukatzen duten ikasleen tasa (% 31) Estatuko batez bestekoa baino 12 puntu altuagoa da (% 19).

Osasun zientzien kasuan, tituludunek Estatuko batez bestekoa baino 3.400 euro gehiagoko soldatak dituzte.

Hala ere, soldaten kasuan, dena ez da arrosa kolorekoa, soldata-arrakalak berean jarraitzen baitu. Euskadin, adibidez, graduko ikasketak dituzten emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala Estatuko batez bestekoa baino arinki baxuagoa da (% 4,3 eta % 6,7, hurrenez hurren). Hala ere, graduondoko ikasketak dituztenen artean kontrako fenomenoa gertatzen da, soldata-arrakala Estatuko batez bestekoa baino handiagoa izanik: % 8,1 eta % 6,8, hurrenez hurren.

Euskadin, Estatuan ez bezala, graduko ikasketak dituzten emakumeek gizonek baino gehiago irabazten dute honako sektore hauetan: arteak eta humanitateak, gizarte-zientziak, kazetaritza eta dokumentazioa. Estatuko batez bestekoarekin alderatuta, arrakala handiagoa da Euskadin honako sektore hauetan:

  • hezkuntza (% 4,6 eta % 2,2, hurrenez hurren)
  • zientziak (% 7 eta % 0,2)
  • ingeniaritza, industria eta eraikuntza (% 8,6 eta % 6,9)
  • zerbitzuak (% 14,2 eta % 12,3)

Nafarroan, graduko ikasketak dituztenen artean den soldata-arrakala % 6,5 ingurukoa da, Estatuan den batez bestekoaren parean. Arrakala handiagoa da hezkuntza; gizarte-zientziak, kazetaritza eta dokumentazioa; eta, negozioak, kudeaketa eta zuzenbidea bezalako sektoreetan. Aldea bereziki esanguratsua da zientzietan (% 7,6 eta % 0,2) eta osasun zientzietan (% 10,3 eta % 4,9).

Lehen mailako ikerkuntza

Unibertsitate-ikerkuntzak ere indarguneak ditu Hego Euskal Herrian. Goi-mailako irakaskuntzan, Euskadi hirugarren dago biztanleko I+Gko ikertzaile kopuruan. Gainera, emakumeen parte-hartzea nabarmena da (% 47,3), Estatuko batez bestekoa baino lau puntu altuagoa.

Euskal unibertsitateak izen handiko zientzia-aldizkarietan argitaratutako artikuluen sailkapenaren laugarren postuan daude eta lehenak dira bikaintasun-ikerketetan.

Nafarroaren kasuan, azpimarratzekoa da produktibitate zientifiko handiena duen bigarren erkidegoa dela, irakasleko argitalpenen kopurua aintzat hartuta. Bertako ikerketak beren kalitateagatik nabarmentzen dira,  laugarren postuan daude lehen kuartileko artikuluetan eta garapen jasangarrirako helburuekin harremana duten argitalpenen buru dira.

Nazioarteko imana

Nafarroa nazioarteko talentua erakartzeagatik nabarmentzen da: bertako campusetan ikasten ari diren bost ikasletik bat atzerritarra da (% 21,8). Horietatik, gehienek, jatorri latinoamerikarra dute (% 57,4) eta Europako beste herrialdeetatik etorritakoak % 18,3 baino ez dira. Estatu Batuetatik, Kanadatik eta Asiatik etorritako ikasleen kopurua ere esanguratsua da. Estatuko beste autonomia erkidegoetatik etorritako ikasleen proportzioa Estatuko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da, % 41,9 eta % 18,8, hurrenez hurren.

Euskadiko unibertsitateetan atzerriko ikasleen presentzia ez da hain esanguratsua, baina truke-programen sailkapenaren seigarren postuan daude. Euskadin ikasten ari diren ikasleen banaketa geografikoak antza handiagoa du Estatuko batez bestekoarekin. Atzerriko ikasleen kasuan, gehienak Europatik datoz (% 49) eta, ondoren, Latinoamerikatik (% 34).

CYD Fundazioaren ikerlanak agerian utzi duenez, Euskadin eta Nafarroan, txikiak izan arren, oso ondo funtzionatzen duten bi unibertsitate-ekosistema garatu dira eta hainbat aukera eskaintzen dizkiete ikasleei zein ikertzaileei.