Euskadiko bi hondartza desagertu daitezke 2050. urterako

Greenpeacek ohartarazi duenez, itsasoak 26 metro egingo ditu aurrera barrualderantz. Euskal biztanleriaren % 60 kostaldeko udalerrietan bizi da. Getariako Gaztetape eta Barrikako Muriola hondartzak guztiz desagertzeko arriskuan daude.

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Infografiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 903
  Irakurketa denbora: 5 Minutu

Euskal kostaldea une kritiko batean dago. Klima-aldaketaren ondorioz itsas mailaren igoera nabarmen azkartu da eta horrek zenbait hareatzen etorkizuna mehatxupean jarri du. Gainera, administrazioek hirigintza-proiektuak sustatzen jarraitzen dute arrisku handiko eremuetan. Hori da, hain zuzen ere, Greenpeacek argitaratu berri duen “Destrucción a toda costa 2025” txostenak jasotzen duena.

Txosten horren arabera, emisioak arinki murrizten diren testuinguru batean, 2050. urterako, itsasoak 26 metro egingo lituzke aurrera barrualderantz. Batez beste urtean itsas mailak 26 zentimetroko igoera izango duela oinarri duen aurreikuspen horren arabera, Euskadiko zenbait hondartza arrisku larrian izango lirateke. Horien artean, zaurgarritasun-maila altuena dutenak Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) dira, aurreikuspenak betetzen badira guztiz desagertzeko zorian baitira.

Baina mehatxupean dauden hareatzen katalogoak hego Euskal Herriko itsasertz osoari eragiten dio, Hondarribitik hasi eta Kantabriako mugaraino. Adibidez, Hondarribia eta Ereaga hondartzek arrisku-maila handia dute, 20-30 metro artean atzera egingo dutela aurreikusten baita. Arrisku altuan dira, 10-20 metroko atzera-egite aurreikuspenarekin, Zurriola, Zarautz, Santiago, Itzurun, Deba, Ondarbeltz, Ondar Gain, Karraspio, Isuntza, Plentzia, Muriola, Arrietara, Barinatxe, Gorrondatxe eta Arena.



Itsaslabarrak eta senadi txikiak ezaugarri dituen euskal kostaldearen morfologia bereziaren ondorioz, hondartzak eta estuarioak dira ingurune kalteberenak. Itzurun, Karraspio, Isuntza eta Gorrondatxe hondartzek egun duten azaleraren erdia galduko dutela aurreikusten da, euskal itsasertzaren paisaia eraldatuz.

Klima-aldaketaren eragina

EAEko biztanleriaren % 60 inguru kostaldeko udalerrietan bizi da. Hortaz, 1,3 milioi pertsona inguru klima-aldaketak kostaldean eragin ditzakeen ondorioak pairatzeko arriskuan dira. Kontzentrazio demografiko horrek areagotu egiten du lurraldearen kalteberatasuna muturreko fenomeno klimatikoen aurrean.

Horrek, gainera, bat egiten du presio turistikoaren igoera esanguratsu batekin. Iazko datuen arabera, Euskadik 4,7 milioi turista jaso zituen, inoiz izan den kopururik handiena. 

Donostia da arrakasta turistikoaren eta horrek tokiko biztanleengan duen inpaktua erakusten duen adibide garbia. 190.000 biztanle baino gutxiago duen udalerria izanik, pasa den urtean, milioi bat turista baino gehiago jaso zituen. Horrek hainbat ondorio izan ditu, hala nola espazio publikoak gainezka egotea, alokairuen prezioek etengabe gora egitea eta pisu turistikoen ugaritzearen ondorioz auzoetan gatazkak sortzea fenomeno horrek auzoen bizitegi-izaera eraldatu duelako.

Guggenheim-Urdaibai 

Bilbo da, gaur egun, euskal turismoaren motore nagusia eta bere influentzia Bizkaiko kostaldeko beste hainbat udalerritara iristen da: Lekeitio (bereziki, Garraitz uhartea) eta Mundaka. Getaria, Zumaia eta Zarautzen, besteak beste, jendeketa masiboak inguruneko naturaguneei eragiten die.Greenpeacek argitaratu duen txostenean Guggenheim museoaren bigarren egoitza Urdaibaiko Biosfera Erreserban eraikitzeko proiektuaren inpaktua salatzen da. Izan ere, erakunde ekologistaren esanetan, “Estatu osoan izango den proiekturik negatiboena” da. Jakina denez, Museoaren egoitza berri bat eraiki nahi da Muruetako Ontziolan, nazioarteko babesa duen padurari irabazitako lurretan.



Greenpeacen ustez, bereziki larria da Estatuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren ministerio-agindu baten bidez egindako Kosta Legearen aldaketa. Aldaketa horri esker, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuna murriztu da eta, arauzko 100 metroen ordez, orain paduretatik 20 metrora eraikitzea ahalbidetzen du. Paradoxikoki, Murueta da uholdeak izateko arrisku handiena duen udalerria: bere azaleraren % 26 itsas mailaren igoeragatik mehatxatuta dago. Greenpeacek eta Guggenheim Urdaibai STOP plataformak legean egindako aldaketa hori salatu dute Auzitegi Nazionalean.

Udalerri kalteberak

Arriskuaren kartografiak erakusten duenez, euskal kostaldea bereziki kaltebera da uholdeen aurrean. Murueta bezala, baina ehuneko txikiagoetan, arrisku gehien dituzten udalerriak eta eskualdeak honako hauek dira: Plentzia, Bermeo eta Mundaka arteko itsasertza, Urdaibaiko itsasadarraren ingurunea, Ea, Lekeitio eta Lea ibaiaren bokalea, Ondarroa, Deba, Zumaia, Getaria, Orio eta Irun. Kalteberatasuna areagotzen da hainbat hamarkadaz industria-degradazioa pairatu duten eskualdeetan, horietan oreka ekologikoa jada mehatxatuta baitago. Itsasertzaren artifizializazioak ere nabarmen handitzen du klima-inpaktuen eragina.

Ingurumen-mugarik gabeko turismoa 

Greenpeacek salatzen duenez, erakundeen marketin-estrategiek alde batera uzten dituzte ondorio klimatikoak eta bisitarien kopurua handitzearen aldeko apustua egiten dute. Estrategia horrek naturaguneak asetzen ditu, sasoiko turismoa sustatzen du eta benekotasunaren galera eragiten du.



Munduko ondare geologikoa den Zumaiako Flyschean, adibidez, bisitarientzako sarrera mugatu behar izan da itsasbeheran turismoaren presioa dela eta. Adibide horrek argi erakusten du balio handiko naturaguneek nola pairatzen duten kontrolik gabeko turismo-eredua, Estatuko beste eskualdetan izan diren akatsak errepikatuz. Greenpeaceko kanpaina koordinatzaile Elvira Jiménez-ek salatzen duenez, “euskal administrazioak beste alde batera begiratzen du, zaharkituta dauden ereduak berreskuratuz”. Erakunde ekologistaren ustez, koherentzia falta dago lurralde antolaketarako politiken eta lurraldearen erresilientzia handitzeko premiazko beharraren artean.

“Egoera kritikoa da eta bigarren Guggenheim museoa bezalako proiektuek kostaldearen integritateari mespretxua egiten diote, babesteko premiaz jardutea egokitzen zaigunean”, adierazi du Greenpeacek Euskadin duen ordezkari Lorea Floresek.



Nola babestu kostaldea itsas mailaren igoeraren aurrean

Euskal kostaldearen babesak ekintza klimatikoa, kontserbazio naturala eta lurralde-plangintza adimentsua uztartzen dituen berehalako neurriak eskatzen ditu. Greenpeacek euskal kostaldearen kalteberatasuna murrizteko zenbait proposamen egin ditu:

  • Premiazko ekintza klimatikoa. Berotegi-efektuko gasen emisioak neurritsu murriztuz gero, munduko hondartzen atzerakada % 40an murritz daiteke. 2025. urterako, hareatzak babesteak eta mantentzeak horiek desagertzen uzteak baino 150 aldiz onura handiagoa ekarriko luke. Horretarako, ezinbestekoa da erregai fosilak eta energia nuklearra energia berriztagarriekin ordezkatzea.
  • Kostaldea naturalizatzea. Prozesu naturalak dira itsas mailaren igoerak, uholdeek eta ekaitzek eragin ditzaketen inpaktuak arintzeko modurik egokiena. Naturan oinarritutako irtenbideak ohiko azpiegiturak baino eraginkorragoak eta merkeagoak dira.
  • Hezeguneak, hareatzak eta dunak babestea ezinbestekoa da babes-hesi funtzioa betetzen dutelako. Kostaldean egiten diren esku-hartzeak etorkizunera begira egin behar dira, hondartzen leheneratze artifiziala bezalako aldi baterako neurriak alde batera utziz.
  • Arrisku-maila jaistea. Inpaktu eta arriskuen kartografiak lurraldearen inguruan hartzen diren erabakien oinarrian izan behar du. Greenpeacen ustez, ezinbestekoa da uholde arrisku-eremuetan garatzen ari diren hirigintza-proiektuak bertan behera uztea eta ingurune horien urbanizagarri kalifikazioa debekatzea.
  • Turismo-erregulazio parte-hartzailea. Turismoaren sektoreak kuantitatiboaren aldeko diskurtsoa alde batera utzi eta kualitatiboaren aldeko bat garatu beharko luke tokiko biztanleriaren beharrak eta ingurumen-mugak orekatzeko. Horretarako har daitezkeen zenbait neurri dira, adibidez, etxebizitza turistikoen kopurua mugatzea, naturagune kalteberetako aforoa kontrolatzea eta garraio publikoa indartzea.