Egilea: Jose Poza
Argazkia: shutterstock.com
Infografiak: Jose Poza
Hitz kopurua: 1092
Irakurketa denbora: 6 Minutu
Beste hiri batera joan behar izatea gradu edo graduondo bat ikasteko urtero milaka euskal unibertsitateko ikaslek egin behar izaten duten bidea da. Hala ere, unibertsitatean hasteko ilusioak, erronka berriei aurre egiteak edo gurasoen etxetik kanpo bizitzeak gero eta konplexuagoa den higiezinen merkatuarekin egiten du talka.
Egun diren prezioen egoera zailtasun horren isla da: Bilbo Handian, adibidez, logela baten prezioa hilean 250 eta 1.000 euro artekoa izan daiteke; Gasteizen, 260 eta 700 euro artekoa eta Donostialdean 300 eta 1.200 euro artekoa. Iruñean ere antzeko egoera dago: 200 eta 1.000 euro artean logela bakar batengatik. Mondragon Unibertsitatearen campus gehienak biltzen dituen Debagoienan, berriz, prezioak 270 eta 500 euro artekoak dira.
Beharrak
Pisu baten bila hasi aurretik, benetan behar den horren eta eskura dagoen aurrekontuaren inguruan hausnartu behar da:
- Kokapena. Gomendagarria da oreka bat aurkitzea unibertsitatearekiko hurbiltasunaren, garraio publikoko konexioen eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidearen artean, hala nola supermerkatuak, liburutegiak eta aisialdirako guneak. Adibidez, garraio publikoko konexioak onak badira pisua campusetik urrutiago egon daiteke.
- Erak. Komeni da negoziaezinak diren elementuak identifikatuta izatea. Sukalde egoki batek janarian aurrezteko aukera ematen du; Interneterako konexio on bat, berriz, ezinbestekoa da ikasteko. Kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk berokuntza, isolamendu termikoa eta leihoen kalitatea dira, gas eta elektrizitate fakturan alde handia egon baitaiteke.
- Segurtasuna. Ahal den neurrian, argiztapen egokia eta krimen-kopuru baxua duten auzoak lehenetsi.
Aurrekontu errealista
Arau orokor gisa, alokairuak ez luke zure hileko sarreren % 40 gainditu behar. Hala ere, zaila izan ohi da arau hori betetzea. Kontuan hartu honako gastu hauek kontuan hartu beharko direla:
- Hileko alokairua
- Fidantza (zenbait kasutan bi hilabete)
- Horniketa gastuak: argia, ura, gasa, Internet…
- Komunitate-gastuak
- Garraioa
- Zenbait kasutan, etxe-agentziaren gastuak, nahiz eta horiek orain jabearen kontura joan behar duten
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak unibertsitarioentzako berariazko laguntzak eskaintzen dituzte, hala nola egoitza aldaketatik eratorritako gastuetarako dirulaguntzak.
Gainera, Euskadin, Gaztelagun programak zuzeneko laguntza eskaintzen die 18-35 urteko gazteei alokairu-gastuei aurre egiteko. Nafarroako EmanZipa programak, berriz, alokairuaren hileko kuotaren % 50 ordaintzeko laguntza eskaintzen die 23-33 urte bitarteko gazteei, 280 euroko mugarekin eta errenta 700 euro baino gehiagokoa ez bada.
Bilaketarako plataformak
Internet pisu bat bilatzeko baliabide egokiena izan daiteke. Besteak beste, Idealista, Fotocasa edo Habitaclia atariek eskaintza prezioaren, auzoaren eta bestelako berariazko ezaugarrien arabera hautatzeko aukera ematen dute. Komeni da alertak konfiguratzea irizpideak betetzen dituzten iragarki berrien jakinarazpenak jasotzeko.
Sare sozialak ere eraginkorrak izan daitezke ikasleen pisu bat aurkitzeko. Facebooken pisu bila dabiltzan ikasleen taldeak daude; Instagram, X, Bluesky eta antzeko sareetan, berriz, pisu bila dauden ikasleen profil ugari aurki daitezke. Hala ere, pisua sare sozialen bidez bilatu nahi bada, komeni da zenbait aholku kontuan hartzea:
- Egiaztatuta dauden eta moderazio aktiboa duten taldeetan bakarrik eman izena
- Iragarkien kasuan argi azaldu bilatzen duzun hori eta garbiketaren, ordutegien eta maskoten inguruko lehentasunak ere zehaztu.
- Arretaz jardun: pisukideek zu ezagutzeko adina informazio partekatu, baina babestu zure datu pertsonal sentikorrak.
Pisua bisitatu
Behin zure lehentasunak zehaztuta, aurrez aurreko bisiten unea da. Fase horretan ikusi ahal izango duzu pisu egokia aurkitu duzun ala bilatzen jarraitu beharko duzun.
Bisita horietan arretaz aztertu beharko dituzu, adibidez, altzariak, etxetresna elektrikoak, iturgintza eta instalazio elektrikoa. Egiaztatu entxufe guztiek funtzionatzen dutela, ur-presio nahikoa dagoela eta etxetresna elektrikoak egoera onean daudela. Argiztapen naturala eta zarata-mailak ebaluatu.
Adibidez, proba ezazu isolamendu akustikoa hainbat gelatan ozen hitz eginez. Ildo berean, ikusi ea logela guztiek aireztatze egokia eta argi natural nahikoa duten.
Alokairu-kontratua: zure babes legala

Pisu bat alokatzen denean kontratua da dokumenturik garrantzitsuena. Bertan jasotako guztia ondo ulertzeak arazoak ekidingo ditu etorkizunean eta errentari gisa dituzun eskubideak babestuko ditu.
Kontratu baten elementu nagusiak
- Argi idatzita: kontratuak ulertzeko moduan idatzita egon beharko du, sinatzeko unean aurkezten ez diren kanpo dokumentuei erreferentziarik egin gabe. Zehaztapen guztiak ondo definituta azaldu beharko dira.
- Identifikazio zehatza: etxebizitzaren helbide osoa, jabearen eta errentariaren NAN zenbakiak eta eskura dauden espazio pribatu zein komunen deskribapen argia jaso behar dira.
- Partekatuta: pisua partekatua bada, funtsezkoa da errentari guztiak kontratuan azaltzea. Gelaren bat libre geratuko balitz, edozein errentari berrik jabearen onespena jaso beharko du idatziz. Baimenik gabe berrakuratzea ilegala da eta utzarazterako arrazoia izan daiteke.
Alderdi ekonomikoak
- Hileko errenta: kontrakoa adostu ezean, errenta hilekoa izango da eta, ahal dela, bide elektronikoen bidez ordaindu beharko da. Salbuespen gisa bakarrik, alderdiren batek banku-konturik izango ez balu, eskudirutan ordaindu ahal izango da, baina errentatzaileak ordainagiri bat eman beharko du beti.
- Urteko eguneraketa: prezioa urtero eguneratuko da Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen arabera, beste indizeren bat idatziz zehazten ez bada, hala nola KPI.
- Kudeaketa gastuak: kontratua etxe-agentzia baten bidez egiten bada, jabeak ordaindu beharko ditu, etxebizitzarako eskubiderako maiatzen 24ko 12/2023 legean ezarritakoaren baitan, kudeaketa gastu guztiak.
- Fidantza: fidantza derrigorrezkoa da eta, normalean hilabeteko errentaren baliokidea izango da. Zenbait kasutan bigarren hilabete bat eskatzen da berme osagarri gisa. Kontratua sinatzen denean ordaintzen da eta osorik bueltatuko da kontratua amaitzean, salbu eta kalteak konpondu behar badira; kalte horien kostuak zenbatekotik deskontatuko direlarik.
Iraupena eta kontratua berritzea
Ikasleentzako alokairu-kontratuek, normalean, 9 eta 12 hilabete bitarteko iraupena dute, ikasturtearekin bat eginez. Horrelako kontratuetarako legeak ez du gutxieneko iraupen bat zehazten, baina, normalean, ikasturtearekin bat egiten duen akordio bat bilatzen da.
Funtsezkoa da jabeek zein errentariek alokairuaren iraupen zehatza zehaztea kontratua sinatzean izan daitezkeen gaizki ulertzeak ekiditeko.
Eskubideak eta betebeharrak
• Pribatutasuna: Jabeak ezin izango du etxebizitzan sartu errentariaren edo epaile baten baimenik gabe.
• Kontratua amaitzeko arrazoiak: alokairu-kontratuak bertan behera gera daitezke betebeharrak betetzen ez badira. Horien artean daude, adibidez, kuotak ez ordaintzea, kalteak eragitea, bizilagunei arazoak eragitea (zaratak…), edo, jabearen kasuan, beharrezkoak diren konponketak ez egitea.
Beharrezko agiriak
Kontratu bat formalizatzeko eskatu ohi diren agiriak honako hauek izan ohi dira: NANa edo pasaportea, unibertsitatearen onarpen eskutitza eta, hainbat kasutan, abal-emaile bat (normalean, senide bat). Batzuetan diru-sarreren berme bat ere eskatzen da, baina ez da hain ohikoa.
Aholkuak
- Ez zaitez oso prezio baxuez fidatu eta ez aurreratu inolako kopururik pisua bisitatu gabe eta kontratua sinatu gabe.
- Arretaz irakurri kontratuko klausula guztiak
- Kontratua etxera eraman zalantzak baldin badituzu
- Kontratuko orrialde guztiak sinatu iruzurrak ekiditeko
- Ondo argitu errentaren prezioaren barruan zein hornikuntza sartzen diren eta zeintzuk ordaindu beharko dituzun.
- Kontratuan zehaztu nork ordainduko dituen zergak, komunitatea eta bestelako gastuak.
- Ordaintzen dituzun faktura guztien ordainagiriak gorde.
- Jabearekin komunikazio jarraia mantendu.
- Bizikidetza arauak errespetatu.
- Izan daitezkeen intzidentzia guztiak idatzita utzi.
- Kontratua berritu nahi ez baduzu abisatu jabea adostutako epearen barruan.
- Fidantzaren itzultzea idatziz eskatu eta izan daitezkeen deskontuak ere zehaztea eskatu.
- Etxea uztean berraztertu jabearekin batera pisuaren egoera.
- Sartzen zaren egunean pisuaren egoera dokumentatu argazkien bidez. Gela guztien argazkiak atera, izan daitezkeen kalteak, altzarien eta etxetresna elektrikoen egoera… Bidali argazki horiek guztiak emailez jabeari eta mezua jaso duela baieztatzeko eskatu. Neurri horrekin babes osagarria izango duzu fidantza itzultzeko arazoen aurrean.












