2019. urtean nafar gazteei etxebizitzarako sarbidea errazteko Nafarroako Gobernuak abian jarri zuen EmanZipa programa. Programa horri esker 5.000 gazte baino gehiagok alokairuaren errentaren % 50 ordaintzeko laguntzak jaso dituzte. Gaur egun, Foru Erkidegoko 2.796 gazte baliatzen dira programa horretaz. Urte honetarako, Gobernuak 4.895.456 euro bideratu ditu, aurrekoan baino % 33 gehiago.
2018. urtean Nafarroako Gobernuak Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboaren Eskubidea arautzen duen Legea onartu zuen eta horren barruan, EmanZipa programa jarri zuen martxan. Nafarroa izan zen alokairurako zuzeneko laguntzak ezarri zuen lehen erkidegoetako bat.
Abian jarri zenetik, 23 eta 31 urte bitarteko 5.000 gazte baino gehiagok lortu du alokairua ordaintzeko laguntzaren bat. Pandemiak iraun zuen bitartean laguntza eskatzeko aukera eskaini zen adina egiaztatu behar izan gabe, langabezian geratu edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat jaso zuten horiei. 2020. urtean horrelako 136 eskaera jaso ziren eta iaz, berriz, 100.
Gazteak
Laguntza horiek jasotzen duten gazte gehienak 27 eta 29 urte bitartekoak dira eta beren sarrerak, urtean, batez beste, 15.000 eta 18.000 euro artekoak dira. Eskaera gehienak (% 62,44) emakumeenak dira. Eskualdeka eskaera gehienak Iruñean eta inguruko udalerrietan alokatzeko izan dira: Barañain, Burlata, Zizur Nagusia, Eguesibar, Uharte eta Antsoain). Tuterarako, Lizarrarako eta Tafallarako ere eskaera asko jaso dira.
Laguntza horiek jaso ahal izateko, eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte: 23 eta 31 urte bitartekoak izatea, Nafarroako udalerriren batean erroldatuta egotea, etxebizitzaren baten jabe ez izatea, gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 20.000 euroko diru-sarrerak izatea (30.000 bi kide baino gehiagoko familia-unitateetan) eta 675 euro/hileroko kuota gainditzen ez duen alokairu kontratu bat izatea.
Eskaerak telematikoki soilik egin daitezke eta onuradunek gehienez 250 euro hilero jasoko dituzte alokairua ordaintzeko. Dirulaguntza urtero berritu behar da.