Gasteizko Udalak antolatzen duen Haziak ideia gazteen lehiaketan parte hartzeko epea zabalik izango da datorren maiatzaren 6ra arte. Lehiaketak Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteek egiten dituzten egitasmoak laguntzea du helburu. Horretarako, Udalak lehiaketa irabazten duten gazteei beren egitasmoak aurrera ateratzeko beharrezkoak dituzten laguntzak eskaintzen dizkie, bai ekonomikoa bai teknikoa.
Lehiaketara edozein ideia aurkez daiteke: tailerrak, topaketak, sormenerako guneak, muralak, proiekzioak, film laburrak, erakustaldiak… Gaiak ere anitzak izan daitezke: kultura. kirola, osasuna, ingurumena, sormena eta berrikuntza, komunikazio-teknologiak, hezkuntza ez formala, hezkidetza, elkartasuna, kulturartekotasuna, berdintasuna, euskara… Gakoa da gasteiztar gazteen interesekoa izatea.
Ideia irabazleek dirulaguntza ekonomikoa jasoko dute proiektua garatu ahal izateko, baina kopurua ez da inoiz 300 eurokoa baino gehiagokoa izango.
Aurtengoa Haziak lehiaketaren hamargarren edizioa da. Aurreko edizioetan, guztira, 200 ideia baino gehiago aurkeztu dira eta horietatik guztietatik, erdia inguru gauzatu ahal izan dira.
Lehiaketaren inguruko argibide guztiak esteka honetan aurki daitezke: http://www.vitoria-gasteiz.org/haziak