Nafarroako gazteek emantzipaziorako diru-laguntzak jasoko dituzte

Urte berriarekin batera, etxebizitzarako eskubide subjektiboa jasotzen duen legea (28/2018) sartu da indarrean Nafarroako Foru Erkidegoan. Gazteen kasuan, eskubide hori EmanZipa programaren bidez gauzatu nahi da. Aipatu programak gazteei hileko 250 euro bitarteko laguntza eskuratzeko aukera ematen die alokairu gastuetan laguntzeko. Lehen egunetan jada 100 eskaera inguru jaso dira. 

Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duen legeak etxebizitza duin eta egokirako sarbidea oinarrizko eskubidetzat jotzen du. Horrela, lege horrek berak alokatutako etxebizitza ordaintzen laguntzeko prestazio ekonomikoa arautzen du, eta laguntza hori errentaren gaineko zerga negatibo gisa emango da, kuota diferentzialean dagokion kenkaria aplikatuz. Laguntzak zerga-kenkari gisa emateko modalitate horrek ez du parekorik Europa osoan eta Nafarroak zerga arloan dituen eskuduntzei esker gauzatu ahal izan da.

Gazteen kasuan, laguntzak EmanZipa izeneko programaren barruan antolatu dira. Programa horrek hiru urteko iraupena izango du. Etxebizitzarako sarbidea finantzatzeko behar adinako baliabide ekonomikorik ez duten hiritarren kasuan, berriz, laguntzak DaVid programaren barruan kokatzen dira. 

Aipatu bi programa horietan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa da Nafarroan erroldatuta egotea eta 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak eta 90.000 eurotik beherako ondasunak eta eskubideak izatea. Gainera, beste betekizun bat da etxebizitza baten jabea ez izatea.

Kontuan hartzeko beste alderdi batzuk dira errentatzailearekiko ahaidetasunik ez izatea (odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren bigarren mailaraino), etxebizitzaren gehienezko alokairua hileko 650 eurokoa izatea eta kenkaria urtero berritzea, ematea ala ukatzea baldintzak betetzen jarraitzearen arabera erabakiko baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.