Gaztelagun laguntza eskatzeko baldintzak merkatuko prezioetara egokitu dira

Programak laguntzak eskatu ahal izateko errenta-mugak eta gehienezko alokairu-errentaren mugak testuinguru berrira egokitu ditu

  Egilea: Jon Mikel zabalegi
  Argazkia: Maider Goikoetxea
  Infografia: Jose Poza
  Hitz kopurua: 399
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Gaztelagun programako laguntzak eskatzeko baldintzak aldatu ditu. EAEko gazteei etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbidea lortzen laguntzea helburu duten laguntza hauek eskatzeko hainbat baremo zabaldu egin dira gazte gehiagok laguntza eskatzeko aukera izan dezaten.

Aldaketa garrantzitsuena diru-sarreren mugan emango dago da. Izan ere, orain arte, urtean 27.687 euro baino gehiagoko sarrerak zituzten gazteek ezin zuten laguntza hau eskatu. Orain, muga hori 30.000 euroraino igo da banakakoen kasuan. Familia-unitateen kasuan diru-sarreren muga 33.902 eurotik 36.764 eurora igoko da eta familia ugarien kasuan, berriz, 36,163 eurotik 39.184 eurora.

Era berean, etxebizitza bakoitzeko gehienez bi pertsona onuradun izateko aukera gehitu da, lehen aldiz logelakako alokairu-egoerak eta azpierrentamenduak barnean hartuta.

Eremu tentsionatuak

Beste aldaketa garrantzitsu bat eremu tentsionatuetan bizi diren gazteek jaso ahal izango duten laguntzaren  ingurukoa da. Udalerri horietan gazteen emantzipazioa are zailagoa da alokairuen prezioak ohi baino garestiagoak direlako. Gune tentsionatuak dentsitate handiko udalerriak izan ohi dira, hala nola EAEko hiru hiriburuak. Denis Itxaso sailburuak azaldu duenez, “eremu tentsionatuen figura funtsezko tresna da irismena doitzeko eta prestazioen eraginkortasuna handitzeko. Alokairuaren igoerak mugatzeko legezko mekanismo espezifikoak ditugun eremuetan Gaztelagun laguntzetarako sarbidea hobetzean, merkatua artifizialki berotzea saihesten dugu”.



Orain arte, hiriburuetan bizi ziren gazteen kasuan, Gaztelagun laguntza eskatzeko onartzen zen gehienezko alokairu-errenta 800 eurokoa zen. Muga hori ere eguneratu egin da eta 900 eurotaraino igo da. Gainera, alokairu garestiagoak dituen Donostiaren kasuan, salbuespen bat egin da eta langa 991,80 eurotan jarri da. Hileko gehieneko alokairua tokiko batez besteko errentaren (EMAL) % 95ekoa da. Hortaz, hiriburuetan muga altuagoa da (900€) eta bestelako udalerrietan zertxobait baxuagoa izango da. Adibidez, metropoli-eremuetan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan 800 eurokoa izango da. Gainerako udalerrietan, hots, 10.000 biztanle baino gutxiagokoetan, alokairu-errentaren muga 750 eurokoa izango da.

Programa arrakastatsua

2019an martxan jarri zenetik, Gaztelagun programak 15.240 gazteri eskaini die laguntza. Gainera, aurten programak onuradunen marka hautsi du 8.000 gazterekin. Guztira, 75 milioi euro inguru inbertitu ditu Jaurlaritzak laguntza horietan.

Hala ere, gazteek etxebizitza politika publikoak ondo ezagutzen ez dituztela hauteman dute Eusko Jaurlaritzan. Hori zuzentzeko, kanpaina informatibo bat jarriko da abian ‘Pide House’ lelopean.

“Gazteek etxebizitzarako sarbidea hobetzeko Euskadin dauden ekimenei buruzko komunikazio argi eta errazaren aldeko apustua egiten dugu, formatu digital eta presentzial irisgarriak eta beren komunikazio-lehentasunetara egokituak erabilita”, jakinarazi du Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak. Kanpaina, bereziki Instagramen eta TikToken burutuko da.