Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Javier Bergasa
Infografia: Jon Mikel Zabalegi
Hitz kopurua: 306
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Bartzelonako Osasun Orokorraren Institutuak aurkeztu duen ‘Hiri-diseinu Osasungarriaren Indizea’ (IDUS) txostenaren arabera, Iruñea, Donostia eta Bilbo Europako hamar hiri osasuntsuenen artean daude. The Lancet Planetary Health-en argitaratutako azterlanak Europako 917 hiri aztertu ditu hirigintzarekin, garraioarekin, ingurumenarekin eta berdeguneetarako sarbidearekin harremana duten irizpideetan oinarrituta. Datuek erakusten dutenez, Europako hiri bakar batek ere ez du 7 puntuko nota gainditu eta horrek agerian uzten du hiri-diseinu osasungarria hobetzeko tarte handia dagoela.
Hala ere, Euskal Herrian pozik egoteko arrazoiak ditugu. Izan ere, Iruñea da, 6,80 punturekin, aztertutako hiri guztien sailkapenaren buru. Donostia sailkapen horren laugarren postuan dago 6,51 punturekin eta Bilbo, berriz, hamargarrena da 6,35 punturekin. Gainera, Bizkaiko hiriburua da tamaina ertaineko hiren artean puntu gehien lortu duen hiria. Gasteizen kasuan emaitza ez da hain ona izan eta 229. posturaino jaisten da 5,53 punturekin. Beste lau dira ikerketa honetan aztertu diren euskal hiriak: Getxo 17. postuan dago 6,18 punturekin, Barakaldo 44. postuan 6,02 punturekin, Irun 70. postuan 5,93 punturekin, Baiona 96. postuan 5,75 punturekin eta Santurtzi 385. postuan 5,32 punturekin.
Biztanleriaren araberako sailkapena
IDUS txostenak aztertutako hiriak biztanle kopuruaren araberako bost multzotan sailkatzen ditu alderaketak ahalik eta zehatzenak izan daitezen. Hiriak aztertzeko 13 adierazle erabili dira eta horien artean daude, adibidez, hiri-trinkotasuna; etxebizitzen dentsitatea; oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzeko azpiegiturak; airearen kutsadura-maila, beroa arintzeko eta kudeatzeko gaitasuna eta berdeguneetarako sarbidea.
Lortutako emaitzen arteko aldeak oso txikiak diren arren, azterlanak joera garrantzitsuak azalarazi ditu. Adibidez, tamaina txikiko hiriek ingurumen-kalitate hobea dute eta puntuaziorik altuenak lortzen dituzte airearen kalitatean eta beroaren arintzean. Hiri metropolitar handiek, berriz, emaitza hobeak lortzen dituzte hiri-diseinuko eta garraio jasangarriko adierazleetan.
Sailkapenaren puntuaziorik baxuenak, nagusiki, Europako ekialdeko hirietan jaso dira, bereziki, Errumanian, Bulgarian eta Polonian. Azterlanak tresna bat izan nahi du hiriek beren datuak azter ditzaten eta ondorioak balioztatzeko erabil ditzaten.







