‘Eskubideak ikasten’ TikTok lehiaketa

Asmoz Fundazioak eta Unesco Etxeak antolatuta ‘Eskubideak ikasten’ lehiaketaren xede nagusia da gazteen artean Giza Eskubideen oinarrizko ezagutza zabaltzea eta hausnarketarako gune bat sortzea.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Unesco Etxeak TikTok sare sozialean garatuko den ‘Eskubideak ikasten’ izeneko lehiaketa jarri dute martxan. Giza eskubideen inguruan hausnartzeko eta gogoeta egiteko diseinatuta dagoen lehiaketan 14 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Horretarako, 20 segundo eta minutu bat arteko bideo bat prestatu eta igo beharko dute. Bideoek honako galdera hauetako bati erantzuna eman beharko diote:

  • Zer dira zuretzat giza eskubideak?
  • Zertan eragiten dizute?
  • Zein eskubide urratzen dira gure inguruan?
  • Zer egin dezakegu hauek defendatzeko?

Parte-hartzaileei laguntza eskaintzeko antolatzaileek giza eskubideen inguruko hainbat arlori buruzko bideo batzuk jarri dituzte erreferentzia moduan lehiaketaren TikTok kontuan. Parte-hartzaileek datorren maiatzaren 31ra arte igo ahal izango dituzte beren bideoak. Horretarako, aldez aurretik lehiaketaren webgunean den inprimakia osatu eta bidali beharko dute.

Parte-hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egon beharko dute. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: euskara eta gaztelania. Gazteek kategoria bakar batean edo bietan parte hartu ahal izango dute, banaka, binaka edo taldeka. Bideoa igotzean #eskubideakikasten traola erabili beharko da eta, aldi berean, @eskubideakikasten kontua ere aipatu beharko da.

Epaimahaiak Unesco Etxeako kide Eva Quirogak eta Asmoz Fundazioko Juan Izetak osatuko dute. Epaimahaikideek bideoen originaltasuna eta erakargarritasuna baloratzeaz gain, komunikatzeko gaitasuna eta koherentzia ere baloratuko dute. Irabazlea ekainean emango da ezagutzera eta Txalaparta argitaletxearen dendan trukatzeko opari-txartel bat jasoko du.

Argazkia: shutterstock.com