Maiatzaren 3tik 11ra bitartean izango den aurtengo jaialdia FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren hogeita hamargarrena izango da. Maiatzaren 3an Campos Eliseos Antzokian izango den ekitaldiak hasiera emango dio aurtengo edizioari. Bertan, Laura Alvearen ‘La mujer dormida’ thriller psikologikoa ikusi ahal izango da. Jarraian, Fant Laburrean-Euskal Filmak ataleko 13 film laburrak proiektatuko dira.
Irekiera ekitaldi horretan, gainera, Ohorezko FANT Sariak ere banatuko dira. ‘REC’ filmean egindako lanagatik ezaguna den Javier Botet aktoreak eta animaziozko zinean espezializatutako Bilboko UniKo ekoiztetxeko Iván Miñambresek jasoko dituzte aurtengo sariak.
Jaialdiaren amaiera BBK Aretoan izango da maiatzaren 10ean. Bertan, Cameron Cairnes eta Colin Cairnes australiarren ‘Late night with the devil’ filma proiektatuko da. Amaiera ekitaldian, Izar Fantastikoa sariak emango zaizkie Pedro Olea zuzendari bilbotarrari eta Lamberto Bava zinemagile italiarrari.
Sail ofiziala
FANTen lehiaketako Atal Ofizialak askotariko filmak eskainiko ditu. Guztira, 18 film luze ikusi ahal izango dira Azkuna Zentroko auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetan. Film horiek Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Berritzaileenaren sariak irabazteko aukera izango dute.
Gainera, jaialdiak film laburren aukeraketa nabarmena izango du, 22 lanekin, 13 euskal film laburrei eskainitako saioan eta 9 nazioarteko film laburren saioan. Nazioarteko beste 9 film laburrek parte hartuko dute Panorama FANTastikoa Laburrean atalean.
Aurtengo 30. edizioan, Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak – FANTek – eduki gehiago eskainiko ditu euskaraz. 11 film luzek azpititulu elebiduna izango dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, film laburren hiru sailek euskarazko zein gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte.