Maiatzaren 6tik 11ra, ICOFF-Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere hirugarren edizioa ospatuko du Vital Fundazioa Kulturunean. Sonia Pacios eta Kepa Sojo arabar zinemagile eta kultur eragileek zuzendutako ekitaldi honek estatuko film laburren lehiaketa bat eta mundu mailan ezagunak diren formatu txikiko lan zinematografikoen erakusketa uztartzen ditu.
Aurtengo edizioan 50 film labur proiektatuko dira, hiru ataletan banatuta: ‘Atal Ofiziala’, ‘Eusko-Atala’ eta ‘Nazioartekoa’. Antolatzaileek onartu dutenez, hautaketa-prozesua erronka handia izan da, 1.500 obra inguru jaso baitira eta horrek jaialdiaren datak atzeratzera behartu du.
Edizio honetan nazioartean ezagunak diren bi film labur nabarmenduko dira: Guillermo García Lópezen ‘Aunque es de noche’ eta Alex Loraren ‘La gran obra’. Lehenengoak fikziozko film labur onenaren Goya saria jaso du eta Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialean ere aukeratua izan da; bigarrena, berriz, Sundance Zinemaldi ezaguneko irabazlea izan da.
Gainera, Arabako bost film labur izango dira ikusgai atal ofizialean: Bea de Silvaren ‘Hadas’; Imanol Ortizen ‘Jende’, Ilune Diazen ‘Talkak’, David P. Sañudoren ‘El rey de la semana’ eta Rubi Rocken ‘Hado’.
Eusko-Atalean, Lara Izagirre (‘Pelikula baten bila’), David P. Sañudo (‘Agrio’), Natxo Leuza (‘El que no ve’), Raúl de la Fuente (‘Canillitas’), Ilune Díaz (‘La niña del vestidito’), Tamara Lucarini (‘Prioridades’) eta Laura Guerricaechevarría (‘An inmortal weekend’) arabarren lanak ikusi ahal izango dira.
Nazioartekoa atalaren bidez jaialdiak nazioartekotasunaren alde egiten du apustu, Cannes, Berlin, Venezia eta beste hainbat jaialdi handitan saritutako eta parte hartuko duten film laburrak eskainiz. Lan horien emanaldia itxiera ekitaldian izango da, maiatzaren 11n, 19:30etan, jaialdiari amaiera emanez.
Jardunaldi guztietarako abonuen (15 euro) edo ‘Ofiziala’ (3 euro) eta ‘Nazioartekoa’ ataletarako banakako sarreren (2 euro) salmenta www.fundacionvital.eus webgunean eta Kordoi Etxean egongo da eskuragarri.