ICOFF-Gasteiz apirilaren 4tik 9ra bitartean Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean ospatuko den film laburren nazioarteko jaialdi berria da. Kepa Sojok eta Sonia Paciosek antolatu duten jaialdian, guztira, 53 lan izango dira ikusgai. Lan horiek, jaialdira aurkeztu diren 874 lanetatik hautatuak izan dira.
Jaialdiak hiru atal izango ditu. Atal Ofizialean 30 lan lehiatuko dira; Nazioarteko atalean 9 eta Eusko-Araba atalean, berriz, 14.
Atal Ofizialari dagokionez, zineman esperientzia handia duten zenbait zuzendari izango dira, hala nola, David Pérez Sañudo, Mikel Rueda, Julia de Paz, Alauda Ruiz de Azúa, Manu Gómez, Natxo Leuza, Amaia Remírez eta Raúl de la Fuente. Atal horretan ere hainbat aktore ezagun izango dira: Luis Tosar, Belén Rueda, Karra Elejalde, Luis Callejo, Daniel Guzmán, Carlos Santos, José Mota, Iraia Elías, Itziar Aizpuru, Julián Villagrán, Alexandra Jiménez, Fele Martínez, Andrés Gertrudix, Chani Martín, Paula Usero, Olivia Baglivi, Abdelatif Hwidar, Farah Hamed, Gurutze Beitia, Lander Otaola eta Andoni Agirregomezkorta.
Nazioarteko atalean munduko zinema-jaialdirik onenetan (Cannes, Sundance, Ljubljana…) eta estatuko bestelako jaialdi ezagunetan (ZINEBI, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea, Alcine edo Aguilar de Campóo) sarituak izan diren lanak ikusi ahal izango dira.
Eusko-Araban atalean Euskal Herrian ekoiztutako lanak ikusi ahal izango dira.
Zuzendari gehienak eta hainbat aktore Gasteizen bertan izango dira beren lanak aurkezten eta horien ostean izango dira solasaldietan parte hartzen. Jaialdirako sarrerak jada salgai dira www.fundacionvital.eus webgunean.