Gipuzkoako kooperante gazteentzako bekak

Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteek datorren maiatzaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzten beren eskaerak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, GKEren batekin batera boluntario lanak egin nahi dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako beken deialdia ireki berri du. Deialdi horren baitan, parte-hartzaile bakoitzak 2.000 euro arte jaso ahal izango ditu 3 hilabete arteko proiektuak garatzeko. Eskaera egiteko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.

Deialdiaren helburua da elkartasuna eta konpromiso soziala sustatzea, bai eta parte-hartzaileen garapen pertsonal eta profesionalean lagunduko duen esperientzia aberasgarria eskaintzea ere.

Laguntzak boluntariotzarekin lotutako hainbat gastu estaliko ditu, hala nola Gipuzkoako jatorrizko lekutik azken helmugara eta itzulerara arteko joan-etorriak, bisa-gastuak, gaixotasun- eta istripu-aseguruaren poliza, eta komunikazio-gastuak 150 eurora arte.

Beka eskatu ahal izango dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerriren batean erroldatuta dauden 18 urtetik gorako gazteak baldin eta abenduaren 31 oraindik 30 urte bete ez badituzte.

Gainera, hautagaiek curriculum vitaea eta espediente akademiko dokumentatua erantsi beharko dituzte, baita lankidetzan aritu nahi duen GKEaren lankidetza-proiektua ere.