Bilboko Aste Nagusirako Kartel Lehiaketa

Lanak aurkezteko epea datorren ekainaren 2an amaituko da eta IAren erabilera araututa egongo da.

Abuztuaren 17tik 25era bitartean ospatuko den Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan Bilboko Udalak. Proposamenak aurkezteko epea datorren ekainaren 2an amaituko da. Proposamenak linean aurkeztu ahal izango dira bakarrik.

Lanak originalak eta argitaragabeak izango dira, eta 50 cm x 70 cm-ko formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, “BILBAO 2024-ASTE NAGUSIA-ABUZTUAK 17-25 AGOSTO” testuarekin batera, izenburu edo lelo batekin eta deskribapen labur batekin batera. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi proposamen aurkeztu ahal izango ditu.

Adimen artifizialaren erabilera

Azken hilabeteetan irudi grafikoen sorreran adimen artifizialak hartu duen protagonismoa ikusirik, aurtengo oinarrietan teknologia horren erabilera arautu da. Horrela, IA erabiltzen duten lehiakideek horren berri eman beharko dute, teknologia hori zein puntutaraino erabili duten zehaztuz eta jabetza intelektualeko eskubideekiko errespetua bermatuz. Hala ere, epaimahaikideek horrelako tresnak erabili gabe egindako kartelak hobetsiko dituzte.

Epaimahaia Jai Batzordeak aukeratutako bederatzi lagunekin osatuko da. Epaimahai horrek aurkeztutako proposamen guztien artean sei finalista aukeratuko ditu eta, ondoren, herritarrek finalista horien artean irabazlea bozkatzeko aukera izango dute ekainaren 17tik 23ra bitartean. Hiru bozketa izango dira (aurrez aurrekoa, online eta epaimahaiak egindakoa) eta irabazlea hiru bozketak batuta puntuaziorik handiena lortzen duena izango da. Kartel irabazlea ekainaren 25ean emango da ezagutzera. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.