Arrak ez dira beti handiagoak

429 ugaztun espezie aztertu ondoren, azterketa batek ondorioztatu du arrak ez direla nahitaez emeak baino handiagoak.

Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek hankaz gora jarri du orain arte zientzian errotuta zegoen sinesmen bat. Izan ere, ikerketa horrek egiaztatu ahal izan duenez, arrak ez dira nahitaez emeak baino handiagoak ugaztun espezie gehienetan. Princeton Unibertsitateko Kaia Tombakek gidatu duen ikerketak agerian utzi duenez, dimorfismo sexuala, tamainan, ez da uste zena bezain ohikoa.

Izan ere, ugaztunen kasuan arrak emeak baino handiagoak delako ideia oso hedatuta dago, besteak beste, horrela jaso izan delako literatura zientifikoan. Testu-liburuek, natura-aldizkariek edo telebistako dokumentalek enblematikotzat jotzen diren espezieen bizitza aurkezten dute, hala nola jirafena, lehoiena edo primateena. Espezie horietan arrak emeak baino handiagoak izan ohi dira eta, agian horregatik, ugaztun guztietan horrela dela uste da.

Kontzeptualizazio okerra

Baina 429 ugaztun espezieetako ar eta emeen batez besteko gorputz-masak aztertu ondoren Tombaken ikerketak bestelako ikuspegia ematen du. Izan ere, kasu gehienetan ez da alde esanguratsurik arren eta emeen tamainaren artean eta, zenbait kasutan, emeak arrak baino handiagoak dira. Tombakek eta bere taldeak diotenez, literatura zientifikoan izan den alborapen horrek kontzeptualizazio oker bat eragin du azken mendean.

Espezie batzuetan, hala nola lemurrak, satorrak, zaldiak, zebrak eta tenrecidaeak, arrek eta emeek tamaina berdintsua dute. Beste zenbait kasutan, berriz, dimorfismoa oso nabaria da. Kasurik garbiena, agian, iparraldeko itsas elefantearena da. Kasu horretan, arrak emeak baino hiru aldiz handiagoak izan ohi dira. Baina dimorfismoa ez da beti arren aldekoa. Sudur tubularreko saguzarraren kasuan, adibidez, emeak arrak baino 1,4 aldiz handiagoak izan ohi dira.

Tamainaren inguruan izan den alborapenaz gain, ikerketak nabarmentzen du, halaber, joera bat dagoela azterketa zientifikoetarako espezieen hautaketan. Azterketa horietan, bikotekidea lortzeko gaitasun maskulinoko portaerak dituzten espezieei eman zaie lehentasuna, eta hori gorputz handiago eta indartsuagoekin lotu ohi da. Hautaketa horren ondorioz, dimorfismo sexual nabaria duten espezieak neurriz kanpo agertu dira, eta beste espezie batzuk, karraskariak eta saguzarrak esaterako, gutxiago aztertu dira ugaztunen aniztasunaren zati handi bat izan arren.