UEMAk eta Plazara Elkarteak Ipar Euskal Herriko udalerri euskaldunetan euskararen biziberritze prozesuari bultzada emateko lau urterako hitzarmena sinatu dute. Plazara elkartea sortu berri da eta bere jarduera lau ardatz nagusitan antolatzen da: komunikazioa, aholkularitza, formakuntza eta plazagintza. Horiek jorratzeko, besteak beste, honako lanabes hauek zehaztu dituzte: itzulpenak, komunikazio kanpainak, euskara planak, ikerketak, aktibazio tailerrak, hausnarketak, hiztun komunitateen arteko lankidetza, ekitaldiak, auzolanak eta herritarren sentsibilizazioa lantzeko bitartekoak.
Muga administratiboen ondorioz Ipar Euskal Herriko udalerriek ezin dute UEMAko kide izan
Euskara sustatzea helburu nagusia izanik, Plazara Elkarteak UEMAk hainbat urtetan egindako lanaz baliatu nahi du bere helburuak lortzeko. Eta, aldi berean, hitzarmenak aukera emango dio UEMAri Ipar Euskal herriko hizkuntza politikaz eta egoera soziolinguistikoaz duen ezagutza zabaltzeko.
Lau urteko hitzarmena
UEMAK eta Plazara Elkarteak sinatu duten hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, baina bi erakundeek urtero adostuko dituzte jorratu beharreko lan-ildoak. Printzipioz, hitzarmenak zuzeneko eragina izango du Ipar Euskal Herriko udalerri euskaldunetan euskararen biziberritzean eragiteko proiektuen egokitzapenean eta sustapenean. Horretarako, UEMAk 5.000 euroko donazioa egingo dio Plazara elkarteari.
UEMAk, berriz, beste hiru konpromiso hartu ditu: udalerri euskaldunetarako eta arnasguneetarako sortutako egitasmoak Plazararekin partekatzea; Euskal hiztunak ahalduntzeko eta erdaldunak sentsibilizatzeko sortutako diskurtsoak Plazararen esku uztea; eta UEMAko udaletako euskara teknikarien Deiadarka sarean hala nahi duten euskara teknikariak txertatzea.