Apple aldaketak egitera behartuta

Europar Batasunaren araudi berrira egokitzeko sagar hozkatuaren konpainiak aplikazioak App Store ez den beste iturri batzuetatik deskargatzeko aukera emango du

Apple-k bere sistema eragilean eta aplikazioen dendan aldaketak egin behar izan ditu Europar Batasunaren araudi berrira egokitzeko. Horrela, Apple gailuak erabiltzen dituzten horiek aplikazioak jaitsi ahal izango dituzte App Store ez den bestelako iturri batetik. Applek egin behar izan dituen aldaketetako batzuk dira, besteak beste, kobrantza-estekak gehitzea ordainketa-pasabidetik pasatu beharrik izan gabe, eta aplikazioak web-orrietatik deskargatzeko aukera ematea, denda batetik zuzenean instalatu behar izan gabe.

Egokitzapen horiei esker, Applek aplikazioen denda gehiago gehitzea ahalbidetuko du. Denda horiek zuzenean garatzaileek garatutako softwarea izango dute. Adibidez, Epic games-ek bere denda propioa izateko aukera izango du iOSen bere jokoak saltzeko eta Microsoftek gauza bera egin ahal izango du bere Office softwarea saltzeko.

Gainera, garatzaileek beren webgunetik pasatzen diren kobrantza-estekak gehitu ahal izango dituzte, App Storek ezarrita zuen derrigorrezko ordainketa modura jo gabe. Gogoratu behar da Applek % 30eko komisioa kobratzen ziela garatzaileei bere ordainketa-pasabidea erabiltzeagatik.

Aurrerago, Applek web orrialdeetatik zuzenean aplikazioak deskargatzeko aukera eskainiko du, baina aukera horretarako zenbait baldintza izango dira. Adibidez, garatzaileek bere aplikazioak bere webgunetik eskaini nahi badituzte Appleren Garatzaileen Programan gutxienez 2 urtez jarraian izena emanda egon behar dute Europar Batasunean, eta, horrez gain, aurreko urtean milioi bat instalazio dituen aplikazio bat izan beharko dute. Aipatu baldintza horiez gain, garatzaileek beste zenbait eskakizun bete beharko dituzte, hala nola, bildutako datuen gardentasuna bermatzea edo aplikazioak bakarrik bere garatzaile-kontutik edo webgunetik banatzea.