Gipuzkoa eta Loiuko aireportua lotzen dituen Lurraldebusen lineak Mugi txartelaren sisteman barneratu da eta, horri esker, aipatu txartela duten bidaiariek deskontu handia lortuko dute. Izan ere, Mugi pertsonalizatua duten bidaiariek 3,35 euroren truke bidaiatu ahal izango dute Donostiatik urte honen hasieran onartutako % 50eko hobariei esker. Txartela ez duten horiek, berriz, 12,90 euro ordaindu beharko dute eta Mugi txartela pertsonalizatu gabe duten horiek, berriz, 4,39 euro.
Aldaketak mesede egingo die autobusa Zarautzen hartzen duten horiei. Kasu horretan, Mugi pertsonalizatua duten bidaiariek 2,51 euro ordaindu beharko dute, txartela pertsonalizatu gabe duten horiek 3,28 euro ordainduko dute eta txartela ez dutenek 9,65 euro.
Ildo berean, Debagoienatik eta Debabarrenatik ateratzen diren autobusetako bidaiariek ere gutxiago ordaindu beharko dute: 1,94 euro, 2,53 euro eta 7,45 euro, hurrenez hurren.
Prezioen murrizketa nabarmen hori Gipuzkoako udalerri ezberdinak Loiuko aireportuarekin lotzen dituzten lineak Mugi sistemaren barruan integratzearen ondorioa da. Gainera, horrek Lurticket aplikazioa desaktibatzea ere ekarriko du, pandemian zehar inplementatua. Hemendik aurrera, txartelak leihatilan, autosalmentako makinetan, webgune ofizialaren bidez eta ibilgailuan bertan Mugi txartelaren bidez erosiko dira.