Civivox sareak poesia eta antzerkiaren egunak ospatuko ditu

Iruñeko Civivox sareak bat egingo du martxoaren 21ean ospatzen den Poesiaren Munduko Egunarekin eta martxoaren 27an ospatzen den Antzerkiaren Munduko Egunarekin. Horretarako, hilaren amaierara arte, errezitaldiak, irakurketa dramatizatuak, kontzertuak eta antzerki-emanaldiak programatu ditu.

Programatutako jardueretatik lau poesiari buruzkoak izango dira eta doan egingo dira Condestable kultur etxean. Bitartean, hiru antzerki emanaldiak Civivox Iturraman izango dira eta sarrerak hiru euroren truke erosi ahal izango dira.

Programazioa

Programazioa martxoaren 18an hasiko da “Versos a la carta” izeneko errezitaldiarekin. Nerea Baldak, Yoel Saldañak, Ventura Ruizek eta Mikel Sanz Tirapuk bertsoak eta poemak errezitatu dituzte publikoaren gozamenerako.

Martxoaren 19an eta martxoaren 20ean Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren azken bi irabazleak izango dira protagonista. Lehen egun horretan, euskara saria jaso duen Iban Garrok euskal poesiak bizi duen etapa oparoari buruzko gogoetak azalduko ditu topaketa batean. Hurrengo egunean, berriz, gaztelerazko saria jaso duen Imanol Uleciaren txanda izango da.

Igandean, martxoaren 24an, eguerdiko 12etan, Begoña Olavide eta Javier Bergiak kontzertu berezia eskainiko dute. “Aspaldi honetako olerkariak kantatzen” izenburupean, emanaldiak poesia eta musika uztartuko ditu, gitarra, perkusioa eta salterioa erabiliz.

Antzerkia

Hiru antzerki ikuskizunak martxoaren 22, 23 eta 26an izango dira Civivox Iturraman. Ostiralean, hilak 22, bi emanalditan, 19:30ean eta 21:00etan, “Ma solitud” estreinatuko da Nafarroan, Formatu Txikiko Ikuskizun Onenaren 2023ko Feten saria jaso duen lana.

Martxoaren 23an, larunbata, “Ramos y gramos” aurkeztuko da, 2022ko Nafarroako Arte Gaztearen Topaketen irabazlea.

Azkenik, zikloa martxoaren 26an amaituko da, asteartean, “Berlin, Brecht, Cabaret” irakurketa dramatizatuarekin.