Aldatu ‘txipa’ eta erosi hemen

Gasteizko Udalak tokiko merkataritza dinamizatzeko eta hiriaren garapenean duen garrantzia azpimarratzeko kanpaina bat jarri du martxan

Gasteizko Udalak “Egin klik eta erosi hemen” kanpainaren 2024. urteari dagokion edizioa martxan jarri berri du. Ohi bezala, kanpaina horren xede nagusia da tokiko merkataritza dinamizatzea eta hiriaren garapen iraunkorrean duen garrantzia azpimarratzeko. Kanpainaren bidez, Udalak herritarren eta tokiko establezimenduen arteko elkarreragina sustatu eta establezimendu horiek komunitateari ekartzen dizkioten onurak nabarmendu nahi ditu.

Kanpainaren aurkezpenaren barruan, seinaleztapen-mugarri bat jarri da Urrezko Zeledonen plazan. Zurezko elementu horrek hainbat gezi erakusten ditu hurbileko saltokietako erosketa-esperientziarekin lotutako kontzeptuekin, hala nola “aholkularitza”, “hurbiltasuna” eta “arimadun artikuluak”. Halaber, tokiko merkataritzak hirian duen eragin positiboarekin lotutako terminoak nabarmentzen dira, hala nola “dinamismoa” eta “iraunkortasuna”.

Programazioa

Kanpainaren barruan garatuko diren jarduerak udaberrian egingo dira, martxotik apirilera bitartean, eta herritarrei parte hartzeko gonbita egiten diete. Lehenengo proposamena, “Erosketa kateatuak” izenekoa, hiriko hiru gunetan egingo da: Gorbeia kalean (martxoaren 22tik 27ra), Judimendin (apirilaren 5etik 13ra) eta Alde zaharrean  (apirilaren 12tik 20ra). Egun horietan, gune bakoitzean parte hartzen duten saltokietako erosleek 10 euroko txartela jasoko dute, hurrengo astean eremu bereko beste establezimendu batean erabiltzeko.

Beste jarduera nabarmen bat “Zure saltoki gogokoena” da, herritar guztientzat zabalik dagoen online lehiaketa, apirilaren 8tik 18ra. Lehiaketa honek Gasteizko denda bat proposatzera gonbidatzen gaitu, bere alderdi positiboak eta gomendatzeko arrazoiak nabarmenduz. Bezeroekin konfiantzazko harremanak sortzen dituzten eta tratu pertsonalizatuagatik eta esperientziagatik bereizten diren saltokiak ikusaraztea da helburua. Parte-hartzaileen artean 500 euroko bi sari zozketatuko dira herriko dendetan gastatzeko, eta boto gehien jasotzen dituen dendak sari berezia jasoko du.

Kanpaina apirilaren 20an amaituko da, Arka plazan “Aldatu txipa eta erosi hemen” jaiarekin. Bereziki gazteei eta familiei zuzendutako ekitaldia izango da, eta bertako merkataritzak Gasteizko bizimoduari egiten dion ekarpena nabarmenduko da. Programazioak honako jarduera hauek barne hartuko ditu: “vermouthing” -a, DJen musika kalean, ostalaritzako lokalen eta denden arteko deskontu-txartelen trukea, familientzako gynkana bat saltokietan, haurrentzako tailerrak eta ustekabeko beste jarduera batzuk.