Mugi txartela Bilboko Metroan

Azaroaren 15etik aurrera, Mugi txartelarekin bidaiatu ahal izango da Bilboko metroaren linea guztietan, Barik txartel arruntarekin ordaintzen den tarifa bera ordainduta.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak urrats berri bat eman dute Euskadi osorako txartel bakarraren elkarreragingarritasuna sustatzeko eta ezartzeko. Akordio horri esker, azaroaren 15etik aurrera, Mugi txartelarekin bidaiatu ahal izango da Bilboko metroaren linea guztietan, Barik txartel arruntarekin ordaintzen den tarifa bera ordainduta.

Gaur egun, 2.000 lagun inguruk bidaiatzen du Bilbora Lurraldebus zerbitzuarekin. Mugi txartelaren erabilerarako eskubideen hedapen horrekin erabiltzaile horiek Barik txartelarekin ordaintzen dutenean Bizkaiko herritarrek dituzten tarifa berberak izango dituzte.

Deskontuak

Indarrean dagoen % 50eko deskontuen aplikazioarekin, Donostiatik Bilbora joaten diren lagunek 3,35 euro ordaintzen dituzte Lurraldebuseko txartelaren truke. Behin Bilbon, metroan sartu ahal izango dira Mugi txartela erabiliz. Txartel horrekin 0,48 euro, 0,57 euro edo 0,62 euro ordainduko dituzte, bidaiatzen dituzten guneen arabera.

Hurrengo hilabeteetan Mugi txartela Bilbobusen eta Bizkaibusen ere erabili ahal izango dela espero da.

Modu horretan, Gipuzkoa da, Mugi txartelari esker, EAEko garraiobide publiko guztietarako txartel bakarra eskaintzen duen lurralde bakarra: Lurraldebus, Euskotren, Renfe Aldiriak, Dbus eta 9 herritako hiriarteko autobusak. Mugi txarteletan kargatutako dirua ere ez da iraungiko erabiltzen ez bada.