Uraren erabilerari buruzko sentsibilizazio-jardunaldia

Uraren Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako jardunaldia ekainean izango den Arabako Ingurumenaren Astearen atarikoa izango da.

Martxoaren 22an ospatu ohi den Uraren Nazioarteko Egunaren ildora, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu dute Ataria interpretazio zentroan. ‘Bakerako ura’ izenburupean garatuko den jardunaldi ekainaren 10etik 14ra bitartean Gasteizen izango den Arabako Ingurumenaren Astearen atariko gisa kokatzen da.

Ataria interpretazio zentroan izango den jardunaldiaren helburua da urak planetan duen bizi-garrantziaz kontzientziatzea eta haren erabilera arrazional eta eraginkorra sustatzea. Bertan, aditu ezberdinek uraren hiri-zikloarekin lotutako hainbat alderdi jorratuko dituzte, baita gaur egun gizateriak uraren kudeaketari dagokionez dituen erronkak ere. Jorratu beharreko gaien artean, Murtziako Erkidegoan den Mar Menor ekosistemaren egoera eta bere babesa bermatzeko nortasun juridikoa emateko proposamena nabarmentzen dira.

Jardunaldi hau herritarrak planetaren mugez eta ingurumenaren alde jarduteko beharraz sentsibilizatzeko programatutako hainbat jardueraren hasiera da. Ekainean zehar, mahai-inguruak egingo dira Europa Jauregian, eta bertan, airea, lurzorua, klima, ibaiak eta bizitza bezalako gaiak eztabaidatuko dira ikuspegi zientifiko eta sozial batetik.

Gainera, “Nire parke gogokoena” lehiaketan parte hartzen dutenei sariak emango zaizkie. Lehiaketa hori Lurraldeko ingurune naturala zaintzeko gazteei zuzendutako hezkuntza-ekimen bat da.

Ingurumenaren Asteari amaiera emateko, Klima Azoka bat antolatuko da Gasteizko Probintzia Plazan. Bertan, joko interaktiboen bidez, herritarrak klima-aldaketaren ondorioez eta ingurumena arintzeko eta egokitzeko keinu txikiek duten garrantziaz kontzientziatu nahi dira.