Ogasunak badaki zer saltzen duzun Interneten

Urtarrilaren 1etik Vinted edo Wallapop bezalako online plataformek beren bezeroen salerosketen berri eman behar diote Ogasunari

Bigarren eskuko produktuak salerosteko bi erabiltzaile edo gehiago harremanetan jartzen dituzten Wallapop, Vinted edo eBay bezalako  Internet bidezko salmentarako plataforma digitalak behartuta daude, urtarrilaren 1etik, bezeroen eragiketen berri ematera. Ogasunek informazio hori erabiliko dute erabiltzaileei dagozkien zergak ordaintzen direla kontrolatzeko.

Aldaketa hori DAC7 europar zuzentarau berriaren aplikazioaren ondorioa da. Zuzentarau horrek zerga-eskakizun berriak jasotzen ditu salmenta, ondasunen alokairua edo zerbitzuen eskaintza duten online plataformentzat.

Plataformek bankuko datuak, hiruhileko bakoitzean lortutako diru kopurua, hiruhileko salmenten kopurua eta ordaindutako komisioak jakinarazi beharko dituzte. Zehazki, plataformek urtean 30 eragiketa baino gehiago egiten dituzten erabiltzaileen datuak eman beharko dituzte, bai eta guztira 2.000 eurotik gorako transakzioak egiten dituztenen datuak ere. Datu horiek ogasunen eskura egongo dira urtero.

Etekin ekonomikoa baldin badago

Salmentan etekinen bat lortzen duten erabiltzaileei bakarrik eragingo die neurri horrek. Hau da, bigarren eskuko artikulu bat erosi zutena baino diru gehiagoren truke saltzen dutenek errenta-aitorpenean sartu beharko dute. Irabazirik ez badago, ez da aitortu behar. Ohikoena da erabiltzaileek produktuak erosketa-balioaren azpitik saltzea eta galerak izatea; horrek ez du ondorio fiskalik izango, eta ezin izango da PFEZaren aitorpenean sartu.

Aldaketa horren xedea da jarduera ekonomiko gisa salmenta asko egiten dituzten pertsonak kontrolatzea, orain arte kontrol fiskaletik kanpo egon baitira.

Arau berri horrek Wallapop, Vinted, eBay, Milanuncios edo antzeko plataformetako artikuluen salmenta barne hartzen du, baita Airbnb edo garraiobideen bidezko bizitegi-alokairuak ere.

Diru-sarrerak aitortu behar dituzten erabiltzaileek aplikazioak eskatzen duen legezko informazioa bete beharko dute (banku-kontua, egoitza soziala, egindako kontraprestazioa edo interes fiskaleko edozein informazio) 60 eguneko epean. Plataformek informazio hori ematen ez duten erabiltzaileak blokeatuko dituzte.