Javier Arakama: “Funtsezkoa da euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan”

Javier Arakama garestarrak Mikel Arregiren lekukoa hartu du Euskarabidearen zuzendaritzan.

Ikasturte berriarekin batera, Euskarabidearen zuzendaritza hartu duzu. Zein da zure kargutik lortu nahiko zenukeen helburu nagusia?

Azken zortzi urteetan Mikel Arregi izan da Euskarabideako zuzendaria. Bera hemengo teknikaria zen zuzendaritza hartu aurretik eta oso ondo ezagutzen zuen etxea. Ni, berriz, ‘kanpotik’ nator, politika arlotik. Politikariok badakigu gure jarduera lau urtean behin berretsi egiten dela, baina nire konpromisoa da legealdi hau betetzea eta Nafarroan euskararen aldeko ahalik eta lan txukunena egitea. Pertsonalki, helburu bat azpimarratu beharko banu, nafar euskaldunok, eremu guztietan, euskaraz erosotasunez egin ahal izateko aurrerapausoak ematea izango litzateke. Helburu orokorregia izan daiteke eta hori lortzeko, jakina, aurretik beste helburu zehatzago batzuk lortu beharko lirateke. Adibidez, horietako bat administrazioan euskaraz aritzeko aukera izatea da. Baina horretarako, lehenik eta behin, euskararen ezagutza eta erabilera handitu behar dira.

Nola definituko zenuke gaur egun euskarak Nafarroan bizi duen egoera?

Nafarroa oso lurralde heterogeneoa da euskarari dagokionez. Azken inkesten arabera, euskararen sustapenaren inguruan galdetu izan denean, hiru multzo nagusi nabarmendu dira: aldekoak, kontrakoak eta jarrera epela dutenak. Une honetan, hiru taldeek antzeko pisua dute gure gizartean, baina garrantzitsuena horien bilakaera da. Izan ere, euskararen kontrako jarrera zuten horien ehunekoak, azken urteetan,  nabarmen egin du behera; erdia izatetik herena izatera pasatu dira. Hala ere, egia da, esparru geografiko batzuetan eta ildo ideologiko batzuetan oraindik lan handia dagoela egiteko.

Datu horiek eskuan izanda, guretzat funtsezkoa da jarrera epela duten horiekin lan egitea: sentsibilizazio kanpainen bidez, euskarari prestigioa emateko kanpainen bidez… Modu horretan herritar asko euskarara erakarri ahal direla uste dut.

Euskarak Nafarroan bizi duen egoerari dagokionez, azpimarratzekoa da azken urteetan euskararen ezagutza nabarmen hazi dela. Zoritxarrez, erabilerak ez du espero zitekeen igoera izan, baina gazteen artean euskararen presentzia hazten ari dela azpimarratu behar da.

Eta honek egoeraren diagnostikoa pixka bat gehiago zailtzen badu ere, ezin dugu ahaztu Nafarroan euskararen egoera erabat desberdina den hiru errealitate edo eremu daudela.

Ofizialtasun faltak kristalezko sabaia ezartzen al dio euskararen garapenari?

Gure jarduera legeak arautzen du eta hori aldatzen ez den bitartean ez da desbideratua kristalezko sabai batez hitz egitea. Zoritxarrez, orain arte ez da gehiengo nahikorik izan Nafarroako Parlamentuan lege hori aldatzeko. Azken urteetan euskararen legea moldatzeko proposamenak mahaigaineratu ditugu zenbait alderdik, baina ez da gehiengo nahikorik lortu.

Gure ustez, arrazoi ezberdinengatik, funtsezkoa da euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan: prestigioa, sentsibilizazioa, ezagutzaren unibertsalizazioa…

Zoritxarrez, ez gaude egoera horretan eta, ondorioz, dugun markoan eta ditugun baliabideekin lan egin behar dugu. Horrek aukera ematen digu, adibidez, Nafarroako haur guztiei, beren gurasoek hala nahi badute, euskaraz ikasteko aukera eskaintzeko. Baina aukera hori izanda ere, Iruñerrian, ez dugu Erriberaraino joan behar, gurasoen erdiek bere seme-alabak euskaraz ez ikastea hautatzen dute. Hau ere bada Nafarroan daukagun errealitate bat, kontuan hartzeko modukoa.

Legea aldatzeko gehiengo nahikorik ez dela aipatu duzu. Gobernuan den PSNren jarrera da, kasu horretan ezinbestekoa aldaketa hori lortu ahal izateko?

Gobernua osatzeko azken akordio programatikoan aipatzen duzun kontu hori desadostasunen artean geratu zen. PSNek azaldu zuenez kontu hori marra edo lerro gorri bat da eta ez dago prest legea aldatzeko. Legea moldatzeari uko egiten diotenean sarritan aipatzen da Nafarroako errealitate soziolinguistikoa. Nafarroan errealitate bat dago eta kontuan hartu beharreko elementu bat da, baina ez muga gisa. Izan ere, errealitate soziolinguistiko hori ez da egun batetik bestera sortu; hamarkada askotan izan den politika baten ondorioa da. Egun dugun errealitatea abiapuntutzat hartu beharko litzateke unibertsalizaziora iristeko.

Hala ere, legea moldatzera uko egiten dioten alderdien artean ez da gauza bera bata edo bestea gobernuan izatea, besteak beste, haien bazkideok alde batera edo bestera jo dezakegulako.

Pedro Sánchezen inbestiduraren harira, Espainiako hizkuntza gutxituak, horien artean euskara, Europan ofizialtasuna izateko izapideak egin dira. Baliteke euskara ofiziala izatea Europan Nafarroan baino lehen?

Gauza bitxia eta esanguratsua litzateke. Guk begi onez ikusten ditugu Europan egiten ari diren mugimenduak, baina horrek agerian uzten du, kasu honetan, PSOEren kontraesana. Izan ere, proposamenak aurrera egingo balu, Tuterako herritar batek aukera gehiago izango lituzke euskaraz aritzeko Bruselan bere herrian baino.

Sarritan esan izan ohi da euskararen inguruko eztabaida politizatuegia dagoela. Nafarroaren kasuan, agian, hori are nabariagoa al da?

Zalantzarik gabe. Euskararen inguruan izan den alderdikeriak min handia egin die euskarari eta bizikidetzari. Nik uste dut euskara alderdikeriaren lokatzatik atera behar dugula eta herritar guztiok gai izan behar dugu euskara kohesio-, aukera berdintasun- eta bizikidetza-elementu bilakatzeko. Euskarak aukera asko zabaltzen ditu, harreman sozialetan, lan esparruan, kulturan… Ni neu euskaldun berria izanik egia borobila dela ziurtatu ahal dut. 

Zonifikazioak oso egoera heterogeneoa sortzen du. Dinamika hori gainditzeko borondaterik al da? Eztabaida mahai gainean dago?

Eztabaida mahai gainean dago, baina esan dudan moduan, momentuz ez dago gehiengo nahikorik. Une honetan, alderdi bakoitzaren jarrerak nahikoa zorrotzak dira eta ez dirudi, epe motzean behintzat, aldaketarik egongo denik.

VII. inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskal hiztunaren profila nabarmen gaztetu da, bereziki ezagutzari dagokionez, hezkuntza sistemari esker. Zer falta da zuk zeuk lehenago aipatu duzun ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala hori murrizteko?

Arrakalan fokua jartzea baino, erakundeetatik gutxieneko erabilera bat bermatzeko lan egin beharko genuke. Horretarako, Nafarroaren kasuan, lehenik eta behin ezagutza-maila handitu behar da. Azken urteetako datuek itxaropenerako ateak zabaltzen dituzte, baina ez da nahikoa. Ezagutza hori, gazteenen kasuan, bi bidetatik lor daiteke: hezkuntza-sistema eta gurasoen transmisioa. Hezkuntzari dagokionez, gure ustez bada lan hobea egiteko aukera. Adibidez, Hezkuntza Departamentuak ez du euskaraz matrikulatzeko kanpainarik egiten eta ez gaude ados erabaki horrekin. Gurasoen transmisioaren kasuan zailtasun handiagoak ditugu guraso asko ez direlako euskaldunak. Horrek, are garrantzitsuago egiten du hezkuntzan egin beharreko lana.

Helduen kasuan, euskaltegien eta hizkuntza-eskolen lana goraipatu nahiko nuke. Gure asmoa da helduen euskalduntzea ahalik eta gehien doakotasunera hurbiltzea legealdi honetan. 

Eta erabilerari dagokionez, erakunde publikoen ardura da horretarako erraztasunak ematea, adibidez, administrazioan bermatua izatea euskaraz aritzeko eskubidea.

Gazteria zuen politikaren ardatz estrategikoa al da?

Zalantzarik gabe. Duela zenbait urtetik hona fokua gazteengan jarrita dugu, nolabait ere ezagutza eta erabileraren arteko aldea hain handia izan ez dadin. Horretarako oso garrantzitsua da euskararen ekosistema bat garatzea. Eskolan euskaraz aritu den haur edo nerabe bati aukera eman behar zaio kanpoan ere euskaraz aritzeko: etxean, eskolaz kanpoko jardueretan, aisialdian, kirolean, kulturan… Zentzu horretan, garrantzitsua da gazte horiei erreferente euskaldun batzuk eskaintzea.

Gazteon egunerokotasunean teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa dute: sare sozialak, bideojokoak, edukien plataformak… Eta horietan euskararen presentzia ez da hain handia. Teknologiekin batera hain azkar aldatzen den gizarte batean euskara sustatzeko formula berriak bilatu beharko lirateke?

Egun bizi dugun gizartean euskarak hainbat erronkei egin behar die aurre, baina, aldi berean, erronka horiek hainbat ate ere zabaltzen dizkiote euskarari. Garbi dago erronkak aukera bihurtzeko baliabideak eta esfortzua behar direla, baina hori euskararen alorrean lan egiten dugun eragileok garbi dugun zerbait da. Eta hori, adibidez, euskarak sarean duen osasun onak islatzen duen zerbait da: Primeran plataformaren sorrera, euskarazko Wikipediaren inguruan edo adimen artifizialaren esparruan euskaraz egiten ari den lana… 

Garbi dago edukien plataforma handien jardunean eragitea gauza zaila dela. Gainera, horien jarduera arautzea ez da gure eskuduntza, estatu-mailakoa da. Eta noski, baliabideak ere behar dira. Plataforma horientzat euskara bezalako hizkuntza bat agian ez da oso erakargarria, baina euskaldunon esku dago gure hizkuntza erakargarri egitea.

Adimen artifiziala aipatu duzu. Hastapenetan dagoen teknologia da, baina etorkizunera begira potentzialtasun handia aurreikusten zaio. Euskara bezalako hizkuntza gutxitu bati mesede egin ahal dio edo, ostera, kaltegarria izango al da?

Nik mesede egingo diola uste dut. Teknologiak aurrera egin ahala, adibidez, hemen bertan ikusi ahal izan dugun moduan, itzultzaileen lana erraztu da. Hori aukera gisa ikus daiteke, euskarazko edukiak biderkatu daitezkeelako eta pertsona horiek bestelako lanak egiteko aukera ere izan dezaketelako. Gainera, makinaren atzean beti pertsona bat egon beharko da.