Edari energetikoek ez dizute hegorik ematen

Edari energetikoak osasun-agintarien, kontsumitzaile-erakunde batzuren eta elikadura osasungarriagoa sustatzen duten ekimenen jomuga dira.

Energetikoak, esnagarriak, bizigarriak. Edari energetikoak deiturikoek, publizitate-kanpaina sendoei eta nonahiko kirol-babesei esker, erresistentzia fisiko handiagoa, ongizate-sentsazio handiagoa eta energia-maila handiak promesten dituzte.

Edari horiek bizigarri gisa iragartzen dira, errendimendu fisiko zein intelektualerako kaltegarria ez den produktu gisa, eta, Estatuan, adingabeek freskagarri gisa eros ditzakete. Edari marka horien marketin kanpainetan ez da edari horien ondorio kaltegarririk aipatzen eta errealitatearekin bat egiten ez duten promesak egiten dira.

Hainbat urtez merkatuan ia oztoporik gabe izan ostean, orain, edari energetikoak osasun-agintarien, kontsumitzaile-erakunde batzuren eta elikadura osasungarriagoa sustatzen duten ekimenen jomuga dira.

Galizia izan da lehen urratsak eman dituen lehen autonomia erkidegoa. Bertan, dagoeneko, 18 urtetik beherakoei edari energetikoak saltzea debekatuko eta produktu horien publizitatea mugatuko duen lege bat izapidetzen ari dira. Galiziar arau horren xedea da adingabeen osasuna babestea eta, aldi berean, mendetasun-sortzaile izan daitezkeen jokabideak saihestea. Erregulazio berriak edari energetikoak alkoholarekin eta tabako-lurrungailuekin parekatuko ditu eta, ondorioz, debekatuta egongo da produktu horiek adingabeei saltzea.

Katalunia, Gaztela-Mantxa, Nafarroa, Aragoi, Balear Uharteak, Gaztela eta Leon eta Valentziako Erkidegoa ere aztertzen ari dira adingabeei horrelako produktuak debekatzeko ekimenarekin bat egiteko aukera. Espainiako Osasun Ministerioko hainbat arduradun publikoki agertu dira adin txikikoei edari horien kontsumoa debekatzearen alde Estatu osoan.

Poloniak, Lituaniak eta Letoniak debekatu egin dute 18 urtetik beherakoei edari energetikoak saltzea, eta Frantziak asko mugatu du edari energetikoen komertzializazioa.

Gazteetan oinarritzen den negozioa

1987an Austrian sartu zenetik, edari energetikoen kontsumoa esponentzialki handitu da, eta azkarren garatu den eta hazteko aukera gehien dituen freskagarrien industriaren segmentu bihurtu da.

Gaur egun, 170 herrialdetan saltzen diren 700 marka baino gehiago daude mundu osoan eta edari energetikoen merkatuak, 2022an, 61.400 dolarreko balioa zuela zenbatetsi da. Horrelako edariek alkohola ez duten edarien salmenten % 16-18 lortzen dute eta prestatutako kafeekin eta freskagarriekin lehiatzen dute. 2028. Urtera bitartean edari energetikoen merkatuak, urtero, % 5,5eko hazkundea izango duela aurreikusten da. 

Edari energetikoen kontsumoaren hazkundea bereziki azken hamarkadetako kontua da. Azken urteotan, gazteen eta nerabeen aukera gogokoenetako bat bihurtu dira ikasketa-gauetan, festetan edo gauen ostean esna egoteko, bai eta edari alkoholdunekin konbinatzeko ere.

Ikerketa ezberdinek agerian utzi dutenez, azken hamarkadan, mundu mailan, edari energetikoen kontsumoa nabarmen biderkatu da nerabe eta gazteen artean. Asteko batez besteko kontsumoa 0,5 litrotik beherakoa izan daiteke haurrentzat, eta 2 litrokoa nerabeentzat. Adinean aurrera egin ahala kopuru horiek ere gora egiten dute. 

Edari energetikoek alkohola ez duten edarien salmenten % 16-18 lortzen dute eta prestatutako kafeekin eta freskagarriekin lehiatzen dute

Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziaren (EFSA) 2013ko panel baten arabera, Europako 10 eta 18 urte bitarteko nerabeen % 68k duela hamar urte jada kontsumitzen zituen mota horretako edariak. Horien artean, gazteen % 12k kontsumo kritikoa egiten zuen (hilean zazpi litrotik gora) eta beste % 12 batek egunero kontsumitzen zituen. Aipatu panelaren arabera, edari energetikoen kontsumoa hamar urtetik beherako haurretan ere ikus daiteke; zehazki, adin horretako gaztetxoen % 18k horrelako edariren bat probatu du edo aldizka edaten ditu.

Konbinazio leherkorrak

Estatuan, bigarren hezkuntzan den drogen erabilera aztertzen duen ETUDES inkestaren azken edizioaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen ia erdiak (% 47,7k) edari energetikoak edan ohi ditu. Edari horien kontsumoaren prebalentzia handiagoa da mutilen artean nesken artean baino, % 54,4 eta % 40,7, hurrenez hurren. Gainera, aipatu inkestaren arabera, 14-18 urte bitarteko ikasleen % 19,5ek horrelako edariak alkoholdun edariekin nahasten ditu.

Bestalde, Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiak (OEDA) nabarmendu duenez, edari energetikoen kontsumoa hedatuagoa dago bestelako kontsumoak egiten dituzten gazteen artean: kalamua kontsumitzen dutenak (% 32,5), mozkortzen direnak (% 29,9) edo binge drinking edo alkohol betekada egiten dutenak (% 25,7).

Horrez gain, kokaina bezalako bestelako substantziak kontsumitzen dituzten gazteek edari energetikoak edari alkoholdunekin batera kontsumitzeko joera handiagoa dute. Kokaina eta edari energetikoak kontsumitzen dituzten gazteen erdiak baino gehiagok (% 56,1) alkoholarekin batera egiten dutela diote.

OEDAk azpimarratzen duenez, azken 30 egunetan edari energetikoak kontsumitu dituzten ikasleek, batez beste, beste ikasleek baino nota okerragoak ateratzen dituzte, errepikatzeko joera handiagoa dute eta maizago egiten dute txikarra. Edari energetikoak alkoholarekin batera edaten dituzten horien kasuan datuak are okerragoak dira.

Zer dira edari horiek eta zer osagai dituzte

Sarritan edari energetikoek osagai sasi-magiko ugari dituztela uste den arren, edari horien efektu estimulatzailea oso ezaguna den osagai bakar bati esker ematen da: kafeina. Kafeina nerbio-sistema zentralaren estimulatzaile bat da. Neurrizko dosietan, 40-75 mg, alerta-egoera handitzeko eta logura murrizteko gaitasuna du. Hori bai, kafeina gomendatuaren gehienezko muga eguneko 400 mg da, hau da, 4-5 kafe inguru. 500 ml-ko edari energetikoetako lata bakar batek, batez beste, 160 mg kafeina ditu, hots, bi kafe espressoren baliokidea.

Edari horietan, kafeina kantitate ohikoena 80 mg/250 ml izaten da, hau da, 32 mg/100 ml. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzaren arabera, egunean 400mg-tik beherako kontsumoek ez dute eragin kaltegarririk helduentzat , haurdun dauden emakumeen kasuan izan ezik.

Kafeinaz aparte, edari energetikoek bestelako osagai bizigarriak izan ohi dituzte, hala nola, taurina, L-Karnitina, glukuronolaktona, guaraná, ginseng eta B taldeko bitaminak. Edari energetikoen nutrizio-balioa oso urria da eta light produktuetan edo azukrerik gabekoetan izan ezik azukre asko izan ohi dute. Izan ere, zenbait edari energetikoren kasuan, azukrearen kantitatea 11gr/100 ml-tara iritsi daiteke. Hortaz, 500ml-ko lata batek 50-75 gramo azukre izan ditzake, hots, Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatzen duen eguneko kopurutik gora.

Eragin kaltegarriak

Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiako Agentziak (AESAN) adierazi duenez, kafeina gehiegi kontsumitzeak nahi ez diren ondorio fisiologikoak eragin ditzake, hala nola “loaren asaldua, bai lokartzeko behar den denboran, bai iraupenean”. Horiez gain, kafeinak ondorio psikologikoak, portaeraren asaldua eta nahasmendu kardiobaskularrak ere eragin ditzake.

Gainera, kafeinaren kontsumo erregular batek mendekotasun fisiko neurriduna eragin dezake 100mg/egunetik gora. Substantzia horrekiko tolerantzian ere eragina izango luke, hasierakoa baino dosi handiagoa kontsumitzeko beharra sortuko lukeelako jatorrizkoaren antzeko efektua lortzeko. Kafeina kontzentrazio handiak bereziki kaltegarriak dira koadro kliniko jakin batzuk dituzten pertsonentzat, hala nola hipertentsioa edo loaren nahasmenduak, eta sintomak larriagotu ditzakete. Eta, orohar, kafeinaren kontsumoa ez da batere gomendagarria nerabeentzat. Izan ere, 11-17 urte bitarteko gazteen kasuan, 60ml baino gehiagoko kafeina kontsumoak (edari energetiko baten lata batean aurki daitekeena baino zertxobait gutxiago) loaren nahasmendua eragin dezake. 160 ml-tik gora (0,5 litroko lata) osasunerako oso kaltegarriak diren ondorioak izan ditzake: ondorio psikologikoak, portaeraren nahasmendua eta  nahasmendu kardiobaskularrak.

Ildo berean, oso kaltegarria da edari energetikoak eta alkoholdunak konbinatzea. AESANen arabera, “alkoholaren kontsumoa edari energetikoekin batera edo nahastuta egiteak egoera subjektiboen nahasmenduak eragin ditzake, eta horiek, besteak beste, intoxikazio etilikoaren pertzepzioa murriztea dakarte”.

Edari energetikoak eta alkoholdunak nahastearen arriskua kafeinaren eraginean datza. Izan ere, kafeinak logura eta nekea murrizten ditu, baina ez alkoholaren efektuak eta, ondorioz, kontsumitzaileak mozkortzen dira, baina logurarik gabe. Horrela, denbora luzeagoan esna egotean, edaten jarraitzeko aukera dago eta, hortaz, koma etiliko bat izateko arriskua biderkatzen da.

Mexikoko Hidalgo Estatuko Unibertsitate Autonomoko Paola Silvia Maldonado ikertzaileak egindako ikerketa baten arabera, “edari energetikoen kontsumitzaile erregularrek, nerabeak badira eta kontsumo errepikakorra eta jarraia izan badute, tolerantzia garatu eta erretzeari uzten zaionean izan ohi diren antzeko abstinentzia-sintomak izan ditzakete: logura, buruko mina, nekea eta aldarte negatiboa”.