Bziber, gazte euskaldunentzako TikTok lehiaketa

Azkue Fundazioak antolatzen duen egitasmo honen xede nagusia da gazteen artean eta sare sozialetan euskararen erabilera sustatzea.

Datorren maiatzaren 2ra arte abian izango da Bziber, 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko lehen TikTok lehiaketa. Ekimen honek, Azkue Fundazioaren babesarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin, gazteen artean eta sare sozialetan euskararen erabilera sustatzea du helburu.

Astelehenero, Lorea Intxaustik erronka ezberdinak planteatuko ditu: dantzak, txantxak, sormena, lagunarteko jarduerak… Horrela, 13 eta 16 urte bitarteko gazteek nahi dituzten erronketan parte hartu ahal izango dute. Parte-hartzaileek maiatzaren 2ra arte izango dute TikTok sarean bideoak publikatzeko aukera, modu publikoan zein pribatuan.

Erronka bakoitzetik irabazle bat aukeratuko da. Hortaz, zenbat eta erronka gehiago egin, orduan eta aukera gehiago izango dituzte parte-hartzaileek sariak irabazteko. Irabazleen izenak maiatzaren 3an iragarriko dira sare sozialetan eta Bziber webgunean. Irabazleek 75 euroko txartela jasoko dute FNACen gastatzeko.

Edizio honetan, Lorea Intxausti aurkezleaz gain, beste aktore eta tiktoker batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Elene Mendizabalek (@elemelonsv), Nahia Sillerok (@nahiasillero) eta Kimetz Etxabek (@etxabekimetz).