“Liburu Egunak” programazio berezia izango du

Gasteizko Udal Liburutegien Sareak apirilaren 15etik 26ra luzatuko den programazio berezia prestatu du Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

Gasteizko Udal Liburutegien Sareak egitarau zabala antolatu du apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. “Liburu Egunak” lelopean, apirilaren 15etik 26ra egingo dira jarduerak Villa Suso Jauregian.

Programa batez ere gazteei eta helduei zuzenduta dago, eta kulturaren eta herritarren arteko topagune bat sortzea du helburu, irakurketaren, liburuen eta ikuskizunaren bidez.

Aurtengo programak tokiko idazleei pisu handiagoa eskainiko die eta euskararen eta gaztelaniaren presentzia parekatuko du. Gainera, hainbat jarduera proposatu dira, besteak beste, idazleekin elkarrizketak eta liburuen sinadura, hitzaldiak, musika eta pintura duten literatur ikuskizunak.

Programatutako jardueretan parte hartuko duten egileen artean, honako hauek daude: Ignacio Martínez de Pisón (apirilaren 15ean), “Castillos de fuego” bere azken eleberriarekin; Karmele Jaiok (apirilaren 17an), “Maitasun kapitala” aurkeztuko du; Javier Alcazarrek (apirilaren 18an), Vicente Blasco Ibáñezen “El intruso”ren irakurketa errazerako egokitzapena egingo du; Antonio Altarriba (apirilaren 22an), “El cielo en la cabeza” bere azken komikiarekin; Patxi Zubizarretak (apirilaren 23an), “Gelditu, entzun, begiratu” testuen irakurketa eskainiko du Felipe Barandiaran, Pello Ramírez eta Mintxo Cemillánekin batera; eta Jon Artanok (apirilaren 26an), “Juana” liburua aurkeztuko du.

Gaikako guneak haur eta gazteentzako liburutegietan

Berrikuntza gisa, haur eta gazteentzako liburutegiak gune tematiko bihurtuko dira apirilaren 22tik 28ra bitartean.

Abetxukuko liburutegiak txorien gaia izango ditu ardatz, Aldabek anatomia, Aranak sukaldea eta Ariznabarrak bidaiak eta influencer-ak. Zientzia eta fisika izango dira Arriagako liburutegiko gaiak, Hegoaldeko liburutegian natura, Ibaiondon magia eta trap, eta jolasak eta aisialdia Iparraldeko liburutegian. Judimendin aisialdiari eta Disneyri lotutako irakaskuntza izango da protagonista, Lakuan etnografia (mitoak eta elezaharrak: unikornioak) eta Pilarren astronomia eta B seriea. Azkenik, Zabalganak komikia eta friki mundua izango ditu ezaugarri, eta Salburuak artea.

Gainera, jarduera osagarriak antolatuko dira, hala nola liburu-erakusketak, liburu-dastatze berezi bat, non jolasaren bidez zer obra den eta photocall bat deskubritu beharko den.

2024ko “Liburu Egunak” programako jarduera guztiak doakoak dira edukiera bete arte.