Azkue Fundazioak sare sozialen inguruko zenbait tailer antolatu ditu maiatzaren 14tik 29ra, Arrigorriagan, Lekeition eta Ortuellan. Aipatu tailerrak 2008. eta 2011. urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta daude.
Tailer horien xedea da gazteei euskarazko erreferenteak azaltzea eta sare sozialetan euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera animatzea. Azken finean, online plataformetan euskararen erabilera handitzea lortu nahi da. Aldi berean, sare horien erabileraren inguruan kontzientziatzea eta norberaren irudiak grabatzea eta partekatzea izan ditzakeen ondorioen inguruan hausnartzea ere bilatzen da.
Sare sozialak
Saioetan Instagram, TikTok, Twitch eta beste zenbait plataforma aztertuko dira. Gazteei ikus-entzunezko edukiak sortzeko jarraitu beharreko urratsen inguruko formakuntza eskainiko zaie: ideia planteatu, gidoia idatzi, irudiak grabatzeko teknika egokiak ikasi eta aztertu, edizioa…
Tailerretan gazteek Interneteko bideoen industrian diren euskarazko erreferenteak ezagutzeko aukera izango dute. Era berean, tresna teknologiko horien erabileraren inguruan hausnartuko da eta euskarazko edukiak sortuko dira.
Saioek lau orduko iraupena izango dute eta goizez zein arratsaldez izan daitezke.
BZiber
Tailerretan izena emateko epea datorren maiatzaren 2an amaituko da. Izen emateak www.bziber.eus webgunearen bidez egin behar dira. Tailerretan bakarrik parte hartu ahal dute 11 eta 14 urte bitarteko nerabeek, hots, 2008 eta 2011 bitartean jaiotako horiek. Tailerrak irakatsiko diren udalerrietan erroldatuta ez dauden gazteek ere parte har dezakete.
Ordutegiak
- Arrigorriaga: Maiatzak 14, larunbata. 16:00-20:00. Gaztegunean.
- Lekeitio: Maiatzak 21, larunbata. 16:00-20:00. Kultur Etxean.
- Ortuella: Maiatzak 29, igandea. 9:30-13:30. Kultur Etxean (OKE)