Julen Linazasoro: “Inor gutxik daki sare sozialetan bere burua nola babestu”

Gazteen eta sare sozialen (oro har, Internet eta IKTak) arteko harremana estua da. Zer dela eta egiten zaizkie hain erakargarri?

Gaur egun, gazte gehienak sare sozialekin jaio dira. Txikitatik online jolasekin aritu dira, horiek ere sare sozialak dira, eta orain sare sozialen bitartez bizi dira. Hori da gazteen eta helduen arteko sare sozialetako erabileraren desberdintasuna. Guk sare sozialak besteekin komunikatzeko erabiltzen ditugu, lana egiteko… baina desberdindu egiten dugu sare sozialak eta gure bizitza “errealaren” artean. Haiek sare sozialen bitartez bizi dira, bizitzaren beste arlo organiko bat dira.

Gainera gaur egun hain azkar komunikatzea oso erakargarria da. Telefono batean argazki kamera, bideo kemara, bideoak editatzeko programak… denetarik daukagu gure sormena lantzeko eta besteekin komunikatzeko. 

Gehiegizko erabileraz gain, zein nolako arriskuak azaltzen dituzte sare sozialek?

Hainbat arrisku daude pertsona heldu zein gazteentzako, baina jende gutxik ezagutzen ditu eta benetan jende gutxik daki horien arrisku maila noraino iritsi daitekeen.

Alde batetik, sare sozialak besteen onarpenaren bitartez autoestimua sortzeko tresna bilakatu dira. Arazoa da, besteen onarpena gure gorputzaren itxuraren inguruan duten iritziek sortzen dutela. Une oro ari gara gure argazkiak igotzen eta begiratzen zenbat like eta iruzkin jaso ditugun. Horrela, gure argazkiak besteei gustatzen bazaizkie eta jarraitzaile asko baditugu onartuak sentitzen gara eta pozik gaude. Jarraitzaile gehiago izateko, errealak ez diren argazkiak igotzen ditugu eta onartuak izateko, jakin gabe, haur eta gazte askok argazki sexualizatuak igotzen dituzte: haur eta neska gazteak helduak balira bezala makilatuak, pose sentsualak eginez, haur eta mutil gazteak kamiseta gabe, abdominalak erakutsiz… Interneten onartuagoak izateko bideak bilatzen ditugun bitartean, errealitate fisikoaz deskonektatzen gara. Sare sozialak antsietatea bultzatzeko tresna bihurtu dira, eta like, iruzkinak eta jarraitzaile kopurua droga bat.

Horrez gain, sare sozialek dakartzaten arriskuak asko eta oso desberdinak dira: Grooming-a (gazteekiko helduen gerturapen sexuala), jazarpen digitala, nesken aurkako jazarpen sexuala, iruzurrak, malware edo birus informatikoak, ingeniaritza soziala, kontrolaren bidez sare sozialetan ematen den indarkeria, adikzioa, sextorsioa, eduki desegokiak (indarkeria, gorrotoa, pornografia…), moda arriskutsuak…

Aurreko hilabetean, Madrilgo La Paz ospitaleko koordinatzaileak esan zuen Tinder eta jendea ezagutzeko antzekoak diren sare sozialen erabilerak eraso sexualen kopurua handitu duela. Ezezagunen etxeetan geratzen gara besteak ezagutzeko edo sexua izateko, eta iristen direnean nahi ez dituzten gauzak egitera behartzen dituzte, batez ere emakumeei eta gizon homosexualei.

Horrelakorik ikusi duzue zuen lanaren barruan?

Ikastetxeetara joaten garenean, 12 urteko neskek esaten digute, zuzeneko emisioak egiten dituztenean mutil eta gizon askok argazki eta bideo sexualak bidaltzen dizkietela, batez ere masturbatzen azaltzen direlarik. Ezezagun askok mutil eta neska gazteekin kalean harremanetan jartzen saiatzen direla esaten dute. Argazki eta bideo sexualak gela askotako Whatsapp-eko taldeetatik banatzea ez da arraroa. Ez dituzte ezagutzen beraien argazki sexualak bidaltzearen arriskuak eta batzuk haien argazki propiak bidaltzen dituzte.

Gazte askok pentsatzen dute haien bikoteak sare sozialetan kontrolatzea normala dela, kontrola maitasunaren barne onartzen dutelako. Beraien pasahitzak ematen dizkiete eta 24 orduak haien zerbitzura egotea normala dela uste dute: “orain dela 10 minutu idatzi dizut eta ez didazu erantzun”, “zergatik ez zenidan atzo gauean erantzun? Goizeko ordu batean esna zeundela ikusi nuen”…  Askok haien bikoteen telefonoak infektatzen dituzte aplikazio espioiekin, besteak egiten duten guztia jakiteko. “Maite banauzu bidali argazki bat biluzik” esaldia sarritan ematen da.

Zer esan al diguzu online jolasen inguruan?

Online jolasetan hizkera bortitza eta itsusia erabiltzen da. Haur eta gazte asko helduentzako diren online jolasetan aritzen dira adin guztietako jendearekin batera, eta helduek mundu guztiari modu bortitz berean hitz egiten diete, online jolasetan adin guztietako jendea nahasten delako eta ez dakigulako norekin hitz egiten ari garen. Online jolas batean 8 urteko haur bat, 28 urteko mutil batekin, 15 urteko neska batekin eta 40 urteko gizon batekin jolasten egon daiteke.

Azaldu duzun hori guztia zabalduta dago edo gutxi batzuei gertatzen zaien kontua da?

Sare sozialetan izan diren gazte edo nerabe gehienek eraso digitalak pairatu dituzte, esperientziaren beste zati normal bat da haientzat: irainak, mehatxuak, zurrumurruak, beraien izenean gauzak publikatzea, haien argazkiekin memeak bidaltzea…

Inor gutxik daki sare sozialetan bere burua nola babestu. Pribatuan jartzea nahikoa dela uste dute, baina ezezagunak ere onartzen dituzte jarraitzaile bezala. Ez dute bi pausoetako autentifikazioa erabiltzen, sare sozial guztietan pasahitz berdina jartzen dute, ez dituzte ohikoak diren iruzurrak eta maulak ezagutzen eta, sarritan, horietan parte hartzen dute haien datu pribatuak ematen eta haien gailuak birusekin infektatzen.

Zer egin daiteke horiek guztiak ekiditeko edo, behintzat, horien ondorioak murrizteko?

Lehenik eta behin arriskuak ezagutu behar dira. Oso jende gutxik ezagutzen ditu. Ez baditugu arriskuak ezagutzen ezinezkoa da prebentzioa lantzea.

Behin horiek ezagututa, sare sozialak modu kontzienteago batean erabiltzen ikasiko dugu. Gure pribatutasuna gordetzen, ezezagunekin kontuz ibiltzen, sare sozialak babesteko eskeintzen dizkiguten tresnak erabiltzen…

Ez da zaila, kalean erabiltzen ditugun irizpideak mundu digitalean erabiltzean oinarritzen da, bertan dauden arriskuetara moldatuta: kontuz ezezagunekin ez dakigulako norekin hitz egiten ari garen, ezezagun batekin kalean gelditzen bagara beti leku publiko batean eta beti beste norbaitekin joatea, informazio pribatua ez ematea, beti antibirus bat mugikorrean eta ordenagailuan izatea, besteak sare sozialetan errespetatzea, haien informazioa igo baino lehen baimena eskatzea…

Web orrialde desberdinak daude sare sozialak eta mugikorrak ondo erabiltzen ikasteko, adibidez www.macsonrisas.es (euskaraz eta erdaraz) edo www.pantallasamigas.net. Horrez gain, nahi duten guztiak gai horren inguruan ematen ditugun hitzaldietara etor daiteke edo gure zerbitzuak eskatu ikastetxeetan, guraso elkarteetan, kultur etxeetan… hitzaldi eta tailerrak egiteko.

Teknologia berriekin batera jazarpen eredu berri bat ere azaldu da, ziberbullyinga, hain zuzen ere. Zer egin daiteke horrelako fenomeno baten aurrean?

Oso gai sakona da, faktore eta agente desberdinekin, baina modu labur batean azalduta, heziketa da tresna eraginkor bakarra. Alde batetik mundu guztiak jakin behar du internet ez dela anonimoa, egiten dugun guztiak arrasto bat uzten duela. Bestalde, jendeak ez daki interneten ere ondorio legalak daudela. Bi gauza horiek mundu guztiak barneratuko balitu, interneten bidez ematen diren eraso gehienak ez lirateke emango. 

Erabiltzaile guztiek jakin beharko lukete sare sozial eta online jolas guztiek erasoen aurka babesteko tresnak eskaintzen dituztela. Tresna horiek ezagutuz gero, erabiltzea askoz ere errazagoa da: beste erabiltzaileak isilarazi, blokeatu eta salatzea ez da zaila.

Nahiz eta erasoak gure aurka ez izan, interneten besteen aurkako erasoak ikusten baditugu, sare sozialetan beti salatu behar ditugu.

Kontuz ibili behar dugu igotzen dugunarekin dena gure aurka erabili daitekeelako, eta sare sozialetako pribatutasun ezarpenak erabili behar ditugu.

Vital Fundazioarekin batera ‘Har ezazu kontrola’ izeneko egitasmoa garatzen ari zarete. Zertan datza?

Proiektu horren helburua da gazteek sare sozialen eta mugikorren erabilera kontzientea bultzatzea. Horretarako hiru prestakuntza mota desberdin egiten ditugu. Lehenik eta behin, 

ikastetxeetara joaten gara, DBHko ikasleei sare sozialen arriskuak zuzenean erakusten dizkiegu eta modu kontzienteago batean erabiltzeko irizpideak ematen dizkiegu. Sare sozialak eta mugikorrak nola babestu daitezkeen ere irakasten diegu. Bigarrenik, gurasoekin saio bat egiten dugu, heziketa digitalean hezteko irizpideak eskaintzeko: sare sozialak eta mugikorrak erabiltzeko adin egokiak, heziketa irizpideak eta familia ekintza baliagarriak, guraso kontrolak, sare sozialen arriskuak eta prebentzioa nola landu… Azkenik, irakasleekin ere saio bat egiten dugu sare sozialen arriskuak ikusteko, prebentzioa lantzeko irizpideak eskaintzeko eta informazio digitala babesteko zein irizpide jarrai daitezkeen azalduz.

Hiru prestaketa horien bidez, gazteek mezu bera jasotzen dute etxean zein ikastetxean eta horrela errazagoa da erabilera egokia bultzatzea.

Proiektu hori Araban Vital Fundazioak martxan jarri du, bertako ikastetxeetara joaten gara eta ikastetxe eta familiek ez dute ezer ordaindu behar. Saio guztietan oso onarpen eta balorazio positiboak jasotzen ari gara, saioak oso dinamikoak baitira. 

Arabako ikastetxe edo guraso elkarteren bat interesatua egongo balitz proiektuan parte hartzeko, gurekin edo Vital Fundazioarekin kontaktuan jar daiteke. 

Zenbat urterekin hasi beharko litzateke gazteen eta IKTen arteko harremana? Ohikoa bilakatu da oso adin txikiko haurrak gailuren batekin ikustea.

Sare sozialak erabiltzeko, baldintza eta zehaztapenetan azaldu ohi denez, erabiltzaileek, gutxinez, 14-16 urte izan behar dituzte. Sare Sozialek badakite erabiltzaileek arrisku asko dituztela eta arrisku horiek areagotzen direla erabiltzaileak gero eta gazteagoak direnean.

Haurrek internetekin izan ohi duten lehenengo kontaktua online jolasen bidez izaten dira. Horietan jolasteko, jolas bakoitzak ere adin bat ezartzen du eta hori zein den begiratu beharko genuke. Askotan haur txikiak 18 urte baino handiagokoentzat pentsatuta dauden jolasetan ibiltzen dira ezezagunekin jolasten.

Zenbait ikerketak erakutsi dutenez, gailu elektronikoak haur txikientzako mingarriak dira, haien burmuina ez delako modu egoki batean garatzen. Beraz, zenbat eta beranduago hasi gailu horiek erabiltzen, hobe. Hiru urte baino txikiagoak direnek ez lukete horrelako gailuak inoiz erabili behar. 3-5 urte bitartean, zenbat eta denbora gutxiago eman, hobe. Sei urtetik aurrera osasunarentzako arriskuak jaisten dira, baina oraindik txikiak dira denbora luzez gailu horiek erabiltzen egoteko. Ondo dago gogoratzea, Steve Jobs eta hura bezalako teknologia berrien enpresen sortzaile askok ez zietela haien seme alabei gailu horiek erabiltzen uzten nahiko koxkortuta zeuden arte, horien arriskuak ulertzen dituztelako.

Orain arte IKTen eta sare sozialen erabileraren alderdi negatiboak azpimarratu ditugu. Zeintzuk lirateke, ostera, alderdirik positiboenak?

Komunikazioa errazten dute, kontektibitatea ere bai, sormena areagotzen dute, jolas askok koordinazioa eta estrategia gaitasunak areagotzen dituzte, gauza batzuk ikasteko eraginkorragoak dira, prozesu asko azkartzen dituzte… Ondo erabilita, IKTek gure eguneroko bizitza asko erraz dezakete.

Asko dira sare sozialek edo, Internetek, oro har, dituzten alderdi positiboak, baina ez dugu ahaztu behar horien erabilera adin tarte zehatz batzuetara egokitu behar ditugula. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.