Egilea: Lohizune Loroño
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 293
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Gaur egungo gure gizartean, eta azken hamarkadetan aurrerapauso nabarmenak eman diren arren, sexualitatea gai tabu bat izaten jarraitzen du. Horretarako arrazoi bat eskolan zein etxean jasotzen den sexu-hezkuntza eskasa da. Horregatik, jarraian, gure sexualitatea ondo ulertzeko ezinbestekotzat jotzen ditudan zenbait nozioen inguruko pilula batzuk eskainiko dizkizuet.
Sexu-hezkuntzari dagokionez, eta aurreko belaunaldiekin alderatuta, osasun- eta hezkuntza-sistemaren konpromisoa nabarmen handiagoa da. Adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diren ikasleek gai horren inguruko hitzaldiak jasotzen dituzte. Garbi dago hori aurrerapen garrantzitsu bat dela, besteak beste, gazteek sexu transmisiozko gaixotasun nagusien edo gehien erabiltzen diren antisorgailuen inguruko informazioa jasotzen dutelako. Hala ere, nire ustez, ikuspegia okerra da; ardatza gaixotasunen prebentzioa edo nahi ez diren haurdunaldiak saihestea delako eta ez, adibidez, aldizka pornografia ikusteak dituen kalteen berri ematea edo sexuaz gozatzeko gure gorputzaren autoezagutza sustatzea.
Sexu-heziketa egokia
Ñabardura hau egitea funtsezkoa dela deritzot. Izan ere, askotan, sexu-disfuntzioren bat duten pazienteak hartzen ditut kontsultan eta nerabetasunean sexu-heziketa egokia jaso ote duten galdetzen diedanean gehienek gai horren inguruan eskolan jasotako informazioa kondoiaren erabilerara mugatu dela esan ohi dute.
Etxean jasotako sexu-hezkuntzaren kasuan gabeziak are nabarmenagoak dira eta, kasu gehienetan, horrelako gaiak saihestu egiten direla adierazten didate.
Hortaz, sexualitatearen inguruan aurrera egin dugula pentsa daitekeen arren, ikasgelan azaltzen dena lehen ekidin nahi zen horren parte ere bada, hots, nahi gabeko haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak edo infekzioak.
Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi prebentzioa landu behar ez denik. Baina hori bakarrik landu beharrean komeni litzateke sexualitatea zer den, sexu-harreman batean diren faseak edo gorputzean ematen diren aldaketak ere azaltzea. Horrek guztiak nabarmen lagunduko lieke anorgasmia edo eiakulazio goiztiarra bezalako arazoekin kontsultara iristen diren etorkizuneko helduei, arazoa sexu-harremanaren zein fasetan ematen den identifikatzeko gai izango liratekeelako eta euren gorputzaren ezagutza-maila handiagoa izango luketelako.








