Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 271
Irakurketa denbora: Minutu 1
Nazio Batuen Erakundeak udan argitaratu duen ‘Sexu-indarkeria gatazka armatuetan’ txostenak jasotzen duenez, pasa den urtean, estatuko zein estatuz kanpoko eragileak sexu-indarkeriaz baliatu ziren 4600 pertsona baino gehiagoren aurkako gerra, tortura, terrorismo eta errepresio politiko taktika gisa. Kopuru hori 2023an erregistratutakoa baino % 25 altuagoa da eta, bereziki Israelek Palestinan okupatutako lurraldeetan eta Ukrainan gertatu dira. Txostenak bakarrik 21 herrialdetan egiaztatu ahal izan dituen kasuak jasotzen ditu eta, hortaz, kopurua nabarmen altuagoa dela ondoriozta daiteke.
Neskak eta emakumeak dira biktima nagusiak
Gatazketan erregistratzen diren sexu-indarkeriaren biktimen % 92 neskak eta emakumeak dira. Hala ere, txostenak azpimarratzen duenez, beste talde batzuetara zabaltzen ari den praktika da. Horien artean daude, adibidez, mutilak eta gizonak, sexu-orientazio ezberdinetako pertsonak, gutxiengo etnikoak eta desgaitasunen bat duten pertsonak. Haurren kontrako sexu-indarkeria kasuak % 35 hazi dira eta urtebete baino ez duten haurren aurkako erasoak ere erregistratu dira.
Kasu gehienetan, bortxatzaileek biktima hiltzen dute haietaz abusatu ondoren. Bizirik geratzen diren horiek, sarritan, komunitatearen estigmatizazioari ere aurre egin behar izaten diote.
Txostenak ohartarazten duenez, atxilotuta dauden pertsonen aurkako sexu-indarkeria kasuak nabarmen igo dira eta informazioa lortzeko tortura modu gisa erabili ohi da. Kasu horiek, nagusiki, mutil eta gizonen aurka erabiltzen dira.
Erasotzaileei dagokienez, txostenak azpimarratzen du estatuko zein estatuz kanpoko eragileak direla indarkeria mota horretaz baliatzen direnak. Guztira, 63 eragile identifikatu dira txostenean eta une honetan zerrenda horretan egon ez arren, Israel eta Errusiari hurrengo zerrendan egongo direla ohartarazi zaie.
Gatazketako sexu-indarkeriari buruzko ordezkari berezi Pramila Pattenek salatu duenez, munduan 24 ordutan gastu militarrera bideratutako kopurua indarkeria mota horri aurre egiteko bideratzen den urteko funtsa baino nabarmen altuagoa da.









