Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 143
Irakurketa denbora: Minutu 1
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikorako erreferentziazko agenda digitala helburu duen zientziaklik.euskadi.eus webgunea aurkeztu du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak garatu duen atari berriak, gainera, zientziaren inguruko albisteak eta berrikuntzak ere jasoko ditu. Horien guztien berri jaso duten erabiltzaileek online buletinera harpidetzeko aukera ere dute.
Webgune berriaren xede nagusia herritarrak kultura zientifikoaz gozatzera gonbidatzea da, interes- eta jakin-min-klik hori eragin dezaketen formatu, gai eta edukiak dituzten aisialdi-planak proposatuz. Horretarako Euskadiko txoko guztietan egiten diren kultura zientifikoko jarduera guztiak bildu nahi dira.
ZientziaKlik. Klik egiten dizuten zientzia planak
Proiektuaren berri emateko, “ZientziaKlik. Klik egiten dizuten zientzia planak” kanpaina abiarazi da.
Material grafikoen, ikus-entzunezkoen, sare sozialen eta beste euskarri batzuen bidez, kanpainak ideia hau indartu nahi du: zientzia eta ezagutza aukera kultural erakargarria izan daitezke edozein unetan eta edozein publiko motarentzat.







