Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 264
Irakurketa denbora: Minutu 1
Nafarroako Gobernuak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bidez, 3,3 milioi euro bideratuko ditu 2025-26 ikasturtean unibertsitatean ikasten ari diren ikasleei laguntzeko. Bekak eskatzeko epea datorren urriaren 15era arte izango da zabalik eta eskaerak telematikoki eskatu beharko dira. Hasi berri den ikasturtera bideratutako aurrekontua iazkoaren antzekoa da, orduan 1921 ikaslek burutu ahal izan baitzituzten gradu eta graduondoko beren ikasketak laguntza horiei esker. Bekak matrikula, etxebizitza eta garraio gastuak ordaintzen laguntzeko erabil daitezke, baita 25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitateko sarrera-ikastaroak ordaintzeko ere.
Bi deialdi gehiago
Deialdi orokor honetaz gain, bi deialdi berezi daude. Lehenengoa, espediente akademiko bikainentzako beka bereziei zuzendutako deialdia da, hots, batez beste 8,5 baino gehiagoko nota duten ikasleentzako deialdia. Bigarrena, berriz, arazo ekonomiko larriak dituzten ikasleei zuzendutako deialdia da.
Digitalizazio-laguntzak ere bere horretan jarraitzen du, errenta-maila baxuenean dauden Graduko lehen urteko ikasleei teknologia-ekipamenduan laguntzeko. Neurri hau Nafarroa bereizten duen ezaugarrietako bat da, estatuko laguntzak osatu eta handitzen dituen erkidego bakarra baita.
Kudeaketa-aldetik, sinplifikazio-prozesua jarraitzen da. Aurten ere hasierako iragazki-sistema bat ezarriko da errenta eta ondare-eskakizunen arabera, tramitazio-lana errazteko helburuarekin.
Berritasun aipagarriena ebaluazio-prozedura da. Nafarroako Gobernuaren Politika Publikoen Ebaluazio Plan Zuzendatzailearen barruan, beken eraginkortasuna eta helburu-betetzea aztertuko da 2024-2027 aldian zehar. Azterketa honek onuradunen gogobetetze-maila neurtzeko aukera emango du.
Informazioa sare sozialetan
Hedapen-estrategiari dagokionez, aurten TikTok sarea gehitu da komunikazio-kanalei. Nafarroako Gazteriaren Institutuak sare sozial honetan kanpaina berezia abiaraziko du gazteei hurbiltzeko. Instagram eta Facebook bezalako ohiko bideak mantentzen dira.
Informazio osoa ‘Zure beka, klik batean’ webgunean eskuragarri dago, izan daitezkeen zalantzen inguruko argibideak eta beharrezko dokumentazio guztia barne.









