Egilea: Jose Poza
Argazkia: Mergeldea/ Shutterstock.com
Hitz kopurua: 943
Irakurketa denbora: 5 Minutu
Bideojokoen munduak, nagusiki, gizonena izaten jarraitzen du. Behintzat, horrela da Hego Euskal Herriko unibertsitarioen artean. Izan ere, unibertsitatean ikasten ari diren emakumeen % 61,2k adierazten duenez, ez du inoiz bideojokoetan jokatzen. Gizonen artean, berriz, inoiz jokatzen ez duten horien portzentajea % 18,2 baino ez da. Inoiz jokatzen ez duen ikasleria orokorraren kopurua % 42,2koa da.
Ikusiker- Ikus-Entzunezkoen Behategiak bideojokoen inguruan EHUko eta NUPeko 711 ikasleri egindako inkestan oinarritutako azterlanak azalarazi duenez, bideojokoen kontsumoan den genero-arrakala adinarekin areagotzen da. Azterlanaren arabera, emakumeek nahiago dute telefonoan jokatzea eta denbora gutxiago ematen dute jokatzen. Gainera, ikasle gehienek ordainketa txiki gutxi egiten ditu eta ez ditu ondo baloratzen.

Jokatzen duten mutilen artean, ohiturak modu orekatuan banatzen dira: % 19k egunero jokatzen du eta % 23k astean bi eta bost aldi artean. Jokatzen duten nesken kasuan, berriz, argazkia guztiz desberdina da: lautik batek ia ez du hilean behin jokatzen, eta % 2,2k bakarrik jokatzen du egunero. Aldea ez da kantitatearena bakarrik, maiztasunarena ere bada.
Adinarekin hazten den arrakala
Inkestaren arabera, genero-arrakala txikitatik azaltzen da eta, adinarekin itxi beharrean, zabaldu egiten da. Parte-hartzaileei haurtzaroan (6-15 urte) eta nerabezaro berantiarrean (16-18 urte) zein maiztasunez jokatzen zuten gogoratzeko eskatu zitzaienean, erantzunek erakutsi zuten mutilek beti gehiago jokatzen zutela. Esan bezala, arrakala hori adinean gora egin ahala zabaldu egiten da. Izan ere, mutilek gero eta maizago jokatzen dute; neskek, berriz, noizean behin eta, hainbat kasutan jokatzeari uzten diote.
Mutilen artean bostetik batek egunero jokatzen du eta astean bi eta bost aldi artean jokatzen duten horiek % 23 dira. Badira maiztasun gutxiagorekin jokatzen dutenak, baina gutxi dira guztiz jokatzeari uzten diotenak.
Jokatzen duten nesken artean, berriz, praktika askoz noizbehinkakoagoa da: lautik batek hilean behin baino ez du jokatzen eta egunero jokatzen duten horiek % 2,2 baino ez dira. Mutilekin alderatuta, aldea ez da soilik maiztasunera mugatzen; bideojokoekiko duten harremana guztiz ezberdina da.
Neskek mugikorrarekin jokatzen dute
Ikasleriaren % 39,1ek mugikorra erabiltzen du jokatzeko. Kasu honetan ere genero-aldeak daude. Jokatzen duten neska unibertsitarioen ia erdiak mugikorrarekin egiten du. Nesken laurden batek inguruk erabiltzen ditu kontsolak eta % 15 inguruk ordenagailua. Mutilen artean, plataforma ezberdinen erabilera modu orekatuagoan banatzen da telefonoaren, kontsolaren eta ordenagailuaren artean.
Jokatzen ematen duten denboran ere alde esanguratsuak daude. Adibidez, nesken % 45ek 0 eta 15 minutu artean jokatzen du. Portzentaje horrek modu nabarmenean egiten du behera minutuek gora egin ahala. Mutilen kasuan, berriz, 90 minutu arteko erabileran modu uniformean banatzen da erabilera. Ordu eta erdi baino gehiago jokatzen duten mutilen kopurua % 14tik gorakoa da; nesken artean, % 3 baino ez. Bi kasuetan, mugikorrean 60 minutu baino gehiago jokatzen duten unibertsitarioen ehunekoa ia nulua da. Horrek iradokitzen du gailu hori gehiago lotzen dela saio labur eta noizbehinkakoekin saio luzeekin baino.
Gailu horien eramangarritasuna guztiz erabatekoa izan arren, ikasle gehienek (% 54) etxean jokatzen dutela aitortzen dute. % 17k garraiobidean erabiltzen duela azaltzen du eta % 12,8k unibertsitatean. Kalean jokatzen duten horiek % 3,3 baino ez dira. Mugikorrean jokatzeko arrazoi nagusiak erabiltzeko erraztasuna (% 82ko adostasuna) eta entretenimendu hutsa (% 89) dira: piztu, jokatu eta zure bizitzarekin jarraitzen duzu.
Bideokontsolak
Bideokontsolak mutilen eremua dira. Nesken % 42,7k gailu horiekin inoiz jokatzen ez duen bitartean, portzentaje hori % 23,3raino jaisten da mutilen kasuan.
Gainera, jokatzen duten neskek maiztasun txikiagoarekin egiten dute. % 38,6k hilean behin bakarrik jokatzen du eta % 5ek bakarrik jokatzen du egunero. Mutilen artean, berriz, % 7,5ek egunero jokatzen du, % 14,7k astean 2-5 alditan eta %24,5ek astean behin.
Gailu gustukoena ere generoaren arabera aldatzen da. Mutilen artean PlayStation da gustukoena % 48,6rentzat. Nesken artean, berriz, ordenagailua da nagusi % 32,9arekin.
Inkestatutako guztiak multzo berean sartuta, ordenagailuaren eta PlayStationaren arteko berdinketa teknikoa ematen da % 36arekin. Hirugarren postuan Nintendo dago % 18arekin.
Kontsolarekin jokatzeko arrazoi nagusia entretenimendua da. Ikasleriaren erdiak baino gehiagok jokoaren gaia, erabiltzeko erraztasuna eta grafikoen, soinuaren eta efektuen kalitatea bezalako aldagaiak ere aintzat hartzen ditu.
Jokoen generoari dagokionez ere aldeak daude. Mutilen artean, adibidez, hamarretik hiruk kirol-jokoak ditu gustuko eta, jarraian, akziozkoak, estrategiazkoak eta abenturazkoak. Nesken artean, berriz, estrategiazko jokoak dira nagusi (% 24,9) eta jarraian, abenturazkoak, kasualak eta familiarrak.
Mikroordainketak
Online bideojokoetan antzeko argazki bat ikus daiteke. Neska unibertsitarioen ia % 60k ez du inoiz online jokatzen; mutilen kasuan, berriz, % 35,6. Nesken % 28k ‘hilean behin’ jokatzen du. Mutilen %14,2k, aldiz, ‘egunero’ eta % 18,6k ‘astean 2-5 aldiz’. Guztira, ikasleriaren % 44,2k ez du inoiz online jokatzen, % 23,3k hilean behin eta % 10,4k bakarrik jokatzen du egunero edo maiztasun handiagoarekin.
Ikusi ahal izan denez, neskek eta mutilek oso kontu gutxietan egiten dute bat, baina mikroordainketen kasuan, aho batez egiten diete uko. Nesken % 95,2k ez du inoiz horrelako ordainketarik egiten eta mutilen artean, berriz, % 62,4k. Gainerakoek oso noizbehinka egiten dituzte mikroordainketak, hilean behin baino gutxiagotan.
Ordainketa horien inguruko iritzia oso negatiboa da. % 80 inguruk bakarrik ‘dirua ateratzeko’ balio dutela uste dute eta, gainera, jokalarien arteko desorekak eragiten dituzte. Ia erdiek zuzenean zalantzan jartzen dute horien zilegitasuna. Ordainketa horiek ontzat ematen duten unibertsitarioak % 23,4 dira.
Bideojokoen eraginaren inguruko iritziak
Unibertsitarioek bideojokoen inguruan dituzten zenbait iritzi kontrajarriak dira. Erdiek onartzen dute lehiakortasuna, erreflexuak eta buru-bizkortasuna hobetzen dituztela, eta jolastea esperientzia atsegina dela uste dute (% 7,2k baino ez dute baieztapen horrekin ados ez daudela adierazten). Baina, aldi berean, % 60k uste du mendekotasuna sortzen dutela eta denboraren kontrola zailtzen dutela. Azterlan osoan horiek dira adostasun handiena duten bi baieztapenak.
Bestalde, jokalari bakarti eta antisozialaren estereotipoa ez dago zabalduta unibertsitarioen artean. Izan ere, ia bi herenek klixe hori baztertzen dute. Era berean, erdiak baino gehiagok ez du uste bideojokoak bakarrik gazteen gauza direnik.
Inkestatuen % 44,7k dio online bideojokoei esker jende berria ezagutzeko aukera izan dutela.
Unibertsitarioen erdiak baino gehiagok (% 56,6) aitortzen du testosterona gehiegi dagoela joko arrakastatsuenetan, eta % 52,6k gaitzesten ditu titulu askotan agertzen diren indarkeria, matxismoa eta arrazakeria bezalako balioak. Bideojokoek indarkeriazko portaerak areagotzen ote dituzten zuzenean galdetuta, iritziak ia zati berdinetan banatzen dira: % 34,8k ezetz dio eta % 36,9k baietz uste du.











