Egilea: Jose Poza
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 1117
Irakurketa denbora:6 Minutu
EAEn bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko gazteak, batez beste, 29,8 urterekin emantzipatzen dira. Adin hori europar batezbestekoa baino 3,5 urte beranduago da eta gazteen ustez egokia litzatekeen adina baino bost urte beranduago. Euskadin, gazteen emantzipazio-tasa % 32,3koa da, Europar Batasunean den batezbestekoa baino ia 19 puntu baxuagoa.
Emantzipazio berantiar horretarako arrazoi nagusia etxebizitzaren prezio altuak dira. Hipoteka baten bidez etxe bat erosi ahal izateko, gaur egun, euskal gazte batek bere hileko soldataren % 64,2 bideratu beharko luke lehen kuota ordaintzeko, hots, bankuek egokitzat jotzen duten ehunekoaren bikoitza baino gehiago. Datu horiek guztiak, Gazteen Euskal Behatokiak kaleratu berri duen ‘Emantzipazioaren giltzak Euskadin, 2025’ txostenean jasotzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburuorde Xabier Legarretak eta Gazteria eta Emantzipazioko zuzendari Adrián Lópezek Euskal Autonomia Erkidegoan gazte-emantzipazioaren inguruko 42 adierazle jasotzen dituen txostena aurkeztu dute. Txostenak erakusten duenez, hainbat faktorek, hala nola ikasketen luzapenak, lan-baldintzek eta etxebizitzaren prezioak familia-etxetik irtetea atzeratzen dute.
2023an onartu zen ‘Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia’k zehazten duenez, 2030. urterako gazteen emantzipazio-tasa % 50era iristea lortu nahi da, Europan den % 50,9tik gertu. Helburu hori lortzeko, egun den tasa 18 puntutan hazi beharko litzateke lau urte eskasetan. Gainera, ildo berean, gazteen emantzipaziorako batez besteko adina 28 urtetik behera jaistea lortu nahi da.
Gurasoekin bizitzen jarraitzen duten 25 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen % 81,5ek emantzipatu nahi du. Hala ere, errealitate ekonomikoak nahi hori zapuzten du. Gurasoen etxea uzteko adin egokiena, gazteen beraien esanetan, 24,6 urte ingurukoa litzateke, baina une honetan bost urte beranduago gertatzen da.
Ikasketa gehiago, hasierako soldata baxuagoa
Azken hamarkadan, goi-mailako tituluren bat duten euskal gazteen kopurua 10 puntu portzentual baino gehiago hazi da. Izan ere, 2024an, 25 eta 34 urte bitarteko biztanleria gaztearen % 67,8k hirugarren mailako ikasketak zituen, Euskadi hezkuntza-maila altuena duten Europako eskualdeen artean kokatuz. Formakuntza horrek enplegagarritasuna hobetzen du, baina, aldi berean, atzeratzen du lan-merkaturako erabateko sarbidea eta, ondorioz, baita emantzipazioa ere.
Txostenean jasotako datuen arabera, soldatapean den 18 eta 34 urte bitarteko gazteriaren hileko soldata garbia 1.564 eurokoa da, aparteko ordainsariak barne. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen kasuan, berriz, kopuru hori 1.381 eurotaraino jaisten da. Gainera, emakume gazteek, batez beste, gizon gazteek baino 179 euro gutxiago kobratzen dute, etxebizitzarako sarbidea are gehiago zailduz.
Lan-baldintzek ere ez dute laguntzen. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean ia heren batek (% 32,2) lanaldi partzialean egiten du lan eta hamarretik lauk aldi baterako kontratua du. Bi datu horiek nabarmen hobetzen dira 30 urtetik gorako gazteen artean. Hala ere, txostenean jasotzen denez, egun langabezian den gazteriaren % 70ak urtebeteko epean lana aurkitzeko aukera izango duela uste du, eta horrek nolabaiteko baikortasuna erakusten du lan-merkatuarekiko.
Etxebizitzaren prezioa
Etxebizitzarako sarbidea da gazteen emantzipaziorako oztopo nagusia. 2024an Euskadin saldu ziren etxebizitzen batez besteko prezioa 245.259 eurokoa izan zen. Preziorik altuenak Gipuzkoan erregistratu dira (284.081 euro) eta, jarraian, Bizkaian (232.214 euro) eta Araban (209.714 euro).
Hipoteka baten bidez etxe bat erosi ahal izateko, 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek, esan bezala, bere soldataren % 64,2 bideratu beharko luke hileko lehen kuota ordaintzeko. Kopuru horrek bikoiztu egiten du bankuek kreditu bat ematerakoan zorpetzeko ezartzen duten % 30eko gehienezko muga. Kalkuluak etxebizitzen batez besteko prezioa, batez besteko hipoteka-interesa eta maileguen ohiko iraupena hartzen ditu kontuan, baldin eta hipotekak higiezinaren balio osoaren % 80 estaltzen badu.
Gazte batek bere soldataren % 30 bakarrik bideratu nahiko balu hipotekaren kuotak ordaintzera, 114.521 euroko etxebizitza bat erosi beharko luke, hau da, batez besteko prezioa baino 130.738 euro merkeagoa den etxebizitza bat. Edo beste modu batera esanda, gazteen batezbesteko soldatek % 114,2an igo beharko lirateke bakarka etxebizitza bat erosi ahal izateko.
Alokairua ere ez da irtenbidea
Alokairuaren alternatibak ere ez du emantzipazioa errazten. 2024an, alokairuko etxebizitza baten batez besteko hileko errenta, Eusko Jaurlaritzan jarritako fidantzen arabera kalkulatuta, 819 eurokoa izan zen. Preziorik baxuenak, 747 eurorekin, Araban daude eta, jarraian, Bizkaian (815 euro) eta Gipuzkoan (854 euro).Gazte batek bakarka alokatu nahiko balu, bere soldata garbiaren % 52,4 bideratu beharko luke errenta ordaintzera. Kopuru hori ere onargarritzat hartzen den gehienezko zorpetze-mailatik gora dago.
Une honetan, emantzipatuta dauden 30 urtetik beherako euskal gazteen gehiengoa alokairuan bizi da. 30 urtetik gorakoen artean, berriz, gehiago dira etxea erosi duten horiek. Emantzipatuta bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 60,8 bikotekidearekin bizi da. Emakume gazteen kasuan, ehuneko hori arinki altuagoa da (% 63,1). Pisua beste pertsona batzuekin partekatzea da emantzipatzeko bigarren aukerarik ohikoena: gazteen % 23,1ek partekatzen du pisua. Kasu horretan, atzerritar jatorria duten gazteen artean kopuru hori ia bikoiztu egiten da (% 41,4). Emantzipatuta bizi diren gazteen artean bakarka egin duten horiek % 16,1 baino ez dira.
Etxebizitza gehiagoren beharra
Diru-sarrera propioak dituzten 18 eta 34 urte bitarteko 58.000 gazte baino gehiagok lehen etxebizitza bat behar dutela adierazten dute. Hau da, aipatu adin-talde horretako % 16,3k behar hori azaldu du. Diru-sarrera propioak dituzten gazteak dira, baina ez dira egonkorrak edo nahikoak etxe bat erosteak edo alokatzeak eskatzen duen esfortzuari aurre egiteko.
2024. urtean Etxebidek 18 eta 34 urte bitarteko gazteen 37.306 eskaera jaso zituen. Gazteen batez besteko soldataren eta etxebizitzaren babez besteko prezioaren artean den arrakalak zaila egiten du emantzipatzea familiaren edo erakunde publikoen laguntzarik gabe.
Eragina osasun mentalean
Txostenak gazteen emantzipazioan eragiten duten eta osasun mentalarekin eta jaiotza-tasarekin harremana duten zenbait adierazle jorratu ditu. 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean urtebeteko epearen barruan gurasoen etxetik alde egin ahal izango ez duela uste dutenen artean eta 10 puntuko eskala batean, beren osasun mentalaren egoerari 6,8 puntu ematen dizkiote. Ostera, kezka hori ez dutenen artean, bai emantzipatu nahi ez dutelako, bai emantzipatu ahal izango direla uste dutelako, balorazio hori 0,4 puntu altuagoa da.
Gurasoen etxetik alde egiteko ezintasun horrek zuzeneko eragina du gazteen bizitza-proiektuan eta, bereziki amatasun/aitatasun asmoetan. Seme-alabarik ez duten, baina izan nahiko luketen 15 eta 29 urte bitarteko gazteen heren batek (% 32k) dio ezin izango dela ama/aita izan nahiko lukeen adinean, batez beste 30 urte inguruan. Amatasun eta aitatasun atzeratuaren tasak gora egin du azken urteetan eta handiagoa da emakume gazteen artean (% 36) gizon gazteen artean baino (% 29).
Erakundeen neurriak
Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa Sailak emantzipazioa errazteko zenbait neurri jarri ditu martxan.
2024. urtean martxan jarri zen Emantzipa laguntza-lerroak 6.000 eskaera baino gehiago jaso ditu lehen urtean eta 3.000tik gora aurten bertan. Datorren urtera begira laguntza hauek banatzeko irizpideak zabalduko dira eta eskatzeko gutxieneko adina 23 urtetaraino jaitsiko da.
Irailaren amaieran, eta Finantzen Euskal Institutuarekin batera, lehen etxebizitza erosteko abalen lerro berri bat jarri da martxan. Gazteaval programari esker, gazteek etxebizitza bat erosteko behar duten kopuruaren % 100 eskatu ahal izango dute finantza-erakundeetan, Eusko Jaurlaritzak banketxeek estaltzen ohi duten kredituaren (% 20 inguru) zati hori abalatuko baitu. Deialdi horretan jada 200 dira izena eman duten gazteak. Azkenik, Etxebizitza Sailak ere zenbait laguntza-lerro eskaintzen ditu. Gainera, gazteen ongizate emozionala hobetzeko neurriak garatu dira, hala nola Kristalezkoak, GaztePodcast programak eta aholkularitza psikologikoko zerbitzu berri bat GAZ bulegoetan.













