18.000 euroko beka NBEren Genevako egoitzan lan egiteko

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Nazioartekotze beka eskatzeko epea martxoaren 29an itxiko da

  Egilea: Lander Bolado
  Argazkia: Garapenerako Nazio Batuen Programa
  Hitz kopurua: 305
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideak Sailak Giza Eskubideen arloko Nazioartekotze Bekaren hirugarren edizioaren deialdia ireki du. Beka horri esker, Euskadiko gazte batek sei hilabetez lan egin ahal izango du Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Genevako Bulegoan (OHCHR-n, ingelesez). Onuradunak 18.000 euroko dirulaguntza jasoko du eta, gainera, Nazio Batuen funtzionamenduari buruzko aldez aurreko prestakuntza ere jasoko du. Eskaera egiteko epea martxoaren 29an itxiko da.

Ekimena UN Etxearekin lankidetzan sustatu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eta azken bi urteetan graduko edo graduondoko ikasketak amaitu dituzten 30 urtetik beherako pertsonei zuzenduta dago. Hautatutako pertsona 2026ko uztaila eta abendua bitartean sartuko da OHCHR-ren Haurren eta Gazteen Eskubideen Unitatean.

Hirugarren edizioa

Deialdi honekin, dagoeneko hiru izango dira 2024tik NBEren unitate horretan beka jaso duten gazteak. Genevara joan aurretik, onuradunak Nazio Batuen funtzionamenduari buruzko prestakuntza-ikastaro bat jasoko du, UN Etxeak emana.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek nabarmendu duenez, bekak euskal gazteei “giza eskubideen defentsarako nazioarteko erakunde nagusietako batean” formazioa jasotzeko aukera eskaintzea du helburu. San Joserentzat, ekimen honek “bere sustapenarekin eta babesarekin konprometitutako belaunaldi berri bat sortzen laguntzen du” eta euskal profesionalen presentzia errazten du Nazio Batuetan, Euskadik giza duintasunarekin duen konpromisoa indartuz.

Nork eska dezake

Baldintza horiek betetzeko, beharrezkoa da 30 urte baino gutxiago izatea, Euskadin erroldatuta egotea eta azken bi urteetan Zuzenbideko, Nazioarteko Harremanetako, Garapen Iraunkorreko, Humanitateetako, Gizarte Zientzietako, Hezkuntzako edo Zientzia Politikoetako gradu-titulua edo graduondoko titulua lortu izana.

Gainera, ingeleseko C1 maila izatea ere eskatzen da, eta honako hauek baloratuko dira: frantsesaren ezagutza, analisirako eta idazteko gaitasuna, ingurune multikulturaletan taldean lan egiteko trebetasunak eta tresna informatikoen erabilera aurreratua.

Eskaera nola aurkeztu

Interesa duten pertsonek curriculuma eta gehienez 800 hitzeko motibazio-gutuna bidali beharko dute gizaeskubideak@unetxea.org helbide elektronikora, “BECA DDHH Ginebra” izenarekin, martxoaren 29a baino lehen.