Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen arloko espezializazio-beka eskaintzen du Genevan

Beka lortzen duen gazteak 6 hilabeteko praktika egingo du Genevako Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoan.

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak, UN Etxearekin elkarlanean, bigarren urtez jarraian gazteentzako espezializazio-beka bat deitu du. Beka honek euskal gazte bati Genevako (Suitza) Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoan (GENBGK) sei hilabetez lan egiteko aukera emango dio, 2025eko uztailetik abendura bitartean.

Bekaren onuradunak Haurren eta Gazteen Eskubideen Unitatean lan egingo du eta 18.000 euro gordineko zuzkidura ekonomikoa jasoko du. Ekimen honek nazioarteko esperientzia profesionala eskaintzea du helburu, giza eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta babesteko garrantzi handiko ingurune batean. Gainera, UN Etxeak emandako Nazio Batuei buruzko prestakuntza-ikastaro bat ere jasoko du.

Espezializazio-beka

Beka eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

  • 30 urtetik behera izatea,
  • Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea
  • Azken bi urteetan graduko edo graduondoko ikasketak eginda izatea honako arlo hauetakoren batean: Zuzenbidea, Nazioarteko harremanak, Garapen jasangarria, Humanitateak, Gizarte-zientziak, Hezkuntza, Zientzia politikoak edo kideko diziplinak.
  • Ingelesaren ezagutza bikaina eskatzen da, eta frantsesa jakitea baloratuko da.
  • MS Officeren ezagutza aurreratuak izatea ere eskatzen da, eta Canva eta komunikazioetarako beste diseinu-tresna batzuen ezagutza ere baloratuko da.

Eskaerak egiteko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik. Beka honek euskal gazteei nazioarteko erakundeetan esperientzia profesionala lortzeko aukera eskaintzen die, giza eskubideen defentsan eta sustapenean prestakuntza jasoz.



Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Jagoba Álvarezek adierazi du beka hau “aukera paregabea” dela giza eskubideekin konprometituta dauden eta “munduko organismorik garrantzitsuenetako” batean nazioarteko esperientzia lortu nahi duten Euskadiko gazteentzat. Bere hitzetan, beka honek Eusko Jaurlaritzaren eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren bulegoaren arteko harremana sendotzeaz gain, “giza eskubideak sustatzearekin dugun konpromisoa berretsi eta Euskadiko gazteak nazioarteko erakundeetan, bereziki UNESCOn, lan egiteko aukera bideratzen du”.