Irakurketa denbora: 2 minutu
Nafarroako Erdialdean eta Erriberan bizi diren D ereduko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaien Ager Vasconum literatur lehiaketak bere zortzigarren ediziorako lanak aurkezteko epea zabaldu du. Lehiaketaren helburua da Nafarroako eskualde horietako gazteen artean euskaraz idaztea sustatzea. Lehiaketa Tafallan aurkeztu da eta Tafalla, Erriberri, Lizarra, Viana, Zizur Nagusia, Zangoza, Lodosa eta Garesko udalek eta Irantzuko Mankomunitateak antolatzen dute. Testuek originalak, argitaragabeak, gai librekoak eta euskaraz idatzitakoak izan behar dute. Poesia eta narrazio lanak aurkeztu ahal izango dira. Oinarriek zehazten dute adimen artifizialarekin egindako lanak ez direla onartuko.
Lanak aurkezteko epea apirilaren 29an amaituko da, eta epaimahaiak ekainaren 12an emango du jakitera bere erabakia, udal antolatzaileen eta Ager Vasconumen webguneen bidez. Sari-banaketa ekainaren 19an, Garesen.
Ager Vasconum
2014an lehen edizioa egin zenetik, parte-hartzeak gora egin du edizio guztietan, lehen edizio horretako 33 lanetatik 2023ko edizioko 192 lanetara pasatuz, lehiaketaren errekor absolutua. Aurreko zazpi edizioetan lehiaketak, guztira, 1.063 literatura-sormen jaso ditu: 598 narrazio modalitatean eta 464 poesian.
Lehiaketaren helburuak anitzak dira:
- euskaraz idaztea sustatzea, literatura-sorkuntza bultzatzea
- tokiko ekimenen aldeko apustua egitea
- literaturan interesa duten eskualdeko euskaldun gazteen arteko harremana bultzatzea.
Erakunde antolatzaileek bereziki eskertu dute institutuko irakasleen ahalegina lehiaketaren funtzionamendu onerako.
Lehiaketak Nafarroako Gobernuaren babesa du Euskarabidearen bidez, baita Altaffaylla Kultur Elkartearena eta Elkar argitaletxearena ere. Lehiaketaren irudia Javier Etayo “Tasio” ilustratzailearena da.
Lehiaketaren antolatzaileek nabarmentzen dute lehiaketak, maiatzeko hurrengo Euskaraldiak bezala, gazteen konpromisoa bilatzen duela euskara aktiboki erabiltzeko: irakurri, idatzi, hitz egin eta hizkuntza honetan gozatu.
Aurtengo otsailean, Altaffaylla Kultur Elkarteak aurreko zazpi edizioetako lan irabazleen bilduma argitaratu du.
Edizio honetako nobedade nagusietako bat bere webgune propioa sortzea da, non lehiaketaren oinarriak kontsultatu, erakunde antolatzaileak ezagutu eta aurreko zazpi edizioen hemeroteka ikus daitekeen. Gainera, parte-hartzaileek beren lanak zuzenean bidali ahal izango dituzte plataforma digital horren bidez.







